Pilota eta txakolina, eskutik lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 09:53

Euskal kultura eta kirola uztartuz, Uxo-Toki elkarteak pilota partidak eta txakolin dastaketa antolatu ditu urriaren 8an Amasan. Elkarteko lehendakari Iker Urruzolak eman ditu jaialdiaren azalpenak.

Jaialdi bitxia antolatu duzue larunbatean Amasan. Nondik ideia?
Gure asmoa euskal kultura eta kirola bultzatzea da, txakolina eta pilota uztartuz. Batak zein besteak lotura zuzena dute Amasarekin: batetik, pilotak jarraitzaile asko du herrian eta pilotalekua aspaldidanik daukagu. Uxo-Toki elkartea pilota federazioaren baitan dagoenez, pilotari egingo diogun ekarpen txikia izango da. Bestalde, txakolinak ere tradizio luzea du Amasan, bertan ere egin izan baita txakolina. Amasan nahiz inguruetan egiten den lehen txakolin dastaketa izango da. Oro har, kostaldean izaten dira gehiago. Hala ere, jendeak jakin beharko luke txakolina ez dela kostaldeko herrietan bakarrik egiten, barrualdean ere egiten dela. Getaria eta Zarauzko txakolindegiekin batera, Olaberria eta Arrasateko txakolindegiek ere hartuko dute parte Amasan.

Izen handiko pilotariak arituko dira Amasako kantxan. Kontaiguzu…
Pilotari guztiak dira ezagunak eta ikusmina sortuko dela uste dugu. Besteak beste, Mikel Goñi ustez Akonkaguara igo eta gero etorriko da… Bi partida izango dira: Koka vs. Bengoetxea VII lau eta erdian, lehen partidan. Bigarrenean, binaka: Mendizabal-Lasa III vs. Mikel Goñi-Galarza VI. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira partidak. Aurrez, herriko dultzaina-joleek alaituko dute giroa. Bestalde, Garfe enpresarekin batera, gazta dastaketa eta urdaiazpiko zozketa antolatu ditugu partidan zehar.

Zein txakolin dastatu ahal izango da ondoren?
Pilota partidak eta gero, eguraldiak laguntzen badu, kanpoaldean –bestela pilotalekuan bertan– txakolin dastaketa izango da. Dastaketarako, Getariko txakolinaren jatorrizko izendapena duten txakolindegi guztiekin jarri ginen harremanetan eta hamaika txakolindegik baiezkoa erantzun digute. Iazko txakolina izango da; mahats biltzen bukatu berri dute eta kupeletan sartzen ari baitira txakolin berria.
Hauexek partaideak: Aizpurua, Ameztoi eta Urki (Getaria); Arregi, Basa Lore, Eizagirre, Mokoroa, Rezabal eta Talai Berri (Zarautz); Bengoetxe (Olaberria) eta  Kataide (Arrasate).

Txartelak eskuratzeko zein pauso eman behar da?
Aurrez, txartelak ohiko tabernetan jarriko dira salgai. Gainerakoan, egunean bertan. 12 euroko txartela erosita, bi pilota partidak ikusi ahal izateaz gain, txakolina edateko edalontzia eta bakoitzarentzat bina pintxo izango dira. Txakolina dastatzera soilik etorri nahi duenak ere izango du horretarako aukera, pilota partiden ondoren.

Zein da antolatzaileon helburua? Zein erantzun espero duzue?
Jaialdia antolatzeko, elkartearen baitan taldetxo bat sortu da eta lehen saiakera hau ondo atereaz gero, jarraipena ematea da gure asmoa. Azken batean, elkartea kanpora zabaltzea lortu nahi dugu eta beste elkarteekin daukagun harremana indartzea.
Egin ditugun kalkuluen arabera, 300 pertsona espero ditugu. Arratsalde polita izango da eta urriaren 8an, arratsalde pasa Amasara gerturatzeko deia egiten diegu herritarrei. Amasa guztientzat irekita dago.
Eskerrak eman nahi dizkiegu Udaleko kideei, Amasako dultzaina-joleei, Oinkari dantza taldeari, Amasako Gazteei, Iturrigoxo jatetxeari… Txikia da Amasa eta denen arteko elkarlanaren bidez aterako da aurrera jaialdia.

Kirol ekintzen sustatzaile
Guztira 58 bazkide ditu egun Uxo-Toki elkarteak. Topera iristeko bi kide falta direla nabarmendu du Iker lehendakariak, “lerro hauen bidez, beraz, Amasa-Villabonako edonori luzatzen diogu bazkide izateko aukera”. Zuzendaritza batzordea hamabi kidek osatzen dute eta bi urtez izaten dute elkartea bideratzeko ardura. “Bakoitzak bere funtzioa izanagatik, lanak denon artean banatzen ditugu. Aurten amaituko zaigu juntaldia: Egia esan, hasieratik zer edo zer ezberdina antolatu nahi izan dugu eta bukaeran burutuko dugun arren, gerora ere ekintzak antolatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu”, argitu du.
Elkarte gastronomikoa izateaz gain, kirol eta kultur ekintza ugariren antolakuntzan hartzen du parte Uxo-Tokik urtean zehar: “Apirileko azken igandean, Amasako Gazteekin batera, Loatzoko igoera antolatu ohi dugu. Maiatzean San Isidro eguneko hamaiketakoa edota San Martin jaien baitan hainbat ekintza: besteak beste, mendiatloia antolatzen laguntzen dugu”, azaldu du Ikerrek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!