Euskal astoak eta txerri vietnamdarra Amasan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 09:50

Jose Inazio Mendizabal animaliez inguratuta bizi da Amasan. Animaliak haztea eta haiek begiratzea norberarentzat terapia dela uste du, lasaitasun handia ematen dutela.
Argazki gehiago  |  Bideoa

Euskal astoak, ardiak, vietnamdar txerria eta bi txakur hazi eta hezten ditu Jose Inaziok Amasako Goikoetxe baserriaren inguruko zelaietan. Duela bost urte bi txerri vietnamdar txiki ekarri zituen Tolosako Korteta nekazal etxetik. “Urteak atzera, asiar jatorriko txerri ugari ikusten zen inguru honetan. Orain gutxiago bada ere, bolada batean etxe askotan hazten ziren maskota bezala. Izan ere, animalia zintzoa da, erakargarria”, amasarraren ustez. Vietnamdar txerriak euskal txerriak baino txikiagoak dira eta ezaugarrien artean, oso geldoak direla aipatu du, “gutxi ibiltzen dira, etzanda egoten dira gehienetan eta beti jaten. Jan, denetik jaten dute. Birziklapen lana egin izan du txerriak beti baserrian: hezurrak kenduta, sukalde inguruan sobratutako guztia janez”. 30 zentimetroko altuera eta 50eko luzera, euskal txerriak halako lau direla ere jakinarazi du eta itxuraz oso ezberdinak direla euskal txerriekin alderatuta. “Txatoak dira eta azal zimurrekoak. Begi txikiak dituzte eta gordeak, bueltako zimurrek tapatu egiten baitizkiete. Azal gogorra dute, beroa ondo agoantatzeko. Orain ilerik ez badute ere, udaberrirako ile beltz-beltza ateratzen zaie. Oinetako azkazalak ere aipatu behar, luze-luzeak dituzte”. Hasieran, beraz, bi txerri vietnamdar ekarri zituen; arra bata, emea bestea. “Emea arra baino askoz ere goxo eta lasaiagoa da, arra oso suharra zen. Umeak ateratzeko asmotan ekarri banituen ere, ez zen saiakera ondo atera eta arra kendu egin genuen”. Orain Txukun izeneko txerri emea soilik hazten du. Bi alditan erditu zen Txukun, baina erditze-ondoren txarrak izan zituen eta ez zuten txerrikumerik bizirik ateratzerik lortu. “Txerramak, bere kalenturan, umeak egin ahala jan egiten zituen eta oso bortitz jartzen zen bere ohiko gozotasuna galduz”, azaldu du. Orain, bada, Sanmartinak arte bederen, lasai-lasai bizi da Amasako lurretan.

Euskal astoak aurrera
Euskal astoen arraza berreskuratzeko saiakeran, 2002 urtean GIASEL (Gipuzkoako Astozaleen Elkartea) sortu eta geroztik, bertako lehendakari da Jose Inazio. Egun, 23 bazkide biltzen ditu GIASEL elkarteak. “Oro har, 2tik 7ra bitarteko asto kopurua dute gehienek, gehiago dituztenak ere badauden arren. Urtez urte asto kopuruak gorantz egin du eta egun 75 eme eta 10 ar kalifikatu daude. Nik 25 asto ditut guztira, baina ez guztiak Amasan: Lazkaon, Errenterian eta Olaberrian banatuta dauzkat. Lagunen laguntzagatik ditut horrenbeste, bestela ezingo nuke kopuru hori mantendu. Lantokian bezala, hemen ere lantaldean hobeto moldatzen gara”, adierazi du. Egun, zelaiak garbi mantentzea izaten da astoen eginbeharra. Zaintzailearen hitzetan, “jardinero lana egiten dute”. Astoak hazteak kostu handia duela azaldu du eta laguntzarik ez dagoenez, jendea ohitura hori uzten ari dela. “Nik afizioa dudalako hazten ditut, baina astoek ez dute irabazirik ematen. Orain, jaiotzen diren momentuan identifikatzera behartuta gaude eta horrek, asto bakoitzeko 80 euro balio du. Lehen jendea oso sutsu zegoen arren, orain ez dago horrenbesteko jarraipenik eta ez da erraza arraza segurtatuta dagoen edo ez esatea”.

Arraza hobetuz
Elkartea sortu zutenetik euskal astoaren arraza asko hobetu dela aipatu du Jose Inaziok: “Lehen Bizkaian eta Araban bakarrik kalifikatzen ziren astoak, baina egun Gipuzkoan ere hasiak gara. Euskal Herriko probintzia ezberdinetako astoak bildu genituen Lazkaon iaz eta albaitariek adierazi zutenez, kolorez edota altueraz oso orekatuta daude euskal astoen ezaugarriak. Urtez urte arraza hobetzen joan dela nabarmendu zuten”. Jose Inaziok lehiaketak ere irabazi izan ditu bere astoekin, sari bat baino gehiago eskuratuz. Azaldu duenez, ez da erraza arrazaren ezaugarriei eustea; denean bezala, jarraipen zorrotza egitea eskatzen duelako. Jose Inaziorentzat garrantzitsua da euskal astoen arraza mantentzea, “hori ere euskaldunon kulturaren zati baita”.

Asto dotoreak taldean
Dudarik gabe, azken urteetan ez dute lan makala egin GIASEL elkarteko kideek; elkartea sortu baino hiru bat urte lehenago, Gipuzkoan ez baitzegoen euskal asto bakar bat ere. Goikoetxe baserriaren ingurutik buelta egiten duenak, hantxe ikusiko ditu belarri tente eta begiratu umileko asto dotoreak taldean jarrita. Udaberria iristean, astakumeak amaren ondoan direla.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!