Putz eginez sortutako artelanak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 09:48

Ikuskizun berezia eskainiko du Igor Obeso artisauak Zizurkilgo Azoka Berezian. Putz egiten beira nola lantzen duen erakutsiko du urriaren 16ko azokan.

Duela hamasei urte erabaki zuen Igor Obesok galdaragintza utzi eta bere lan ibilbidea artisautzara bideratzea. “Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak. Lagun baten erakutsitako beirazko lan batzuk ikusi eta ikasteko erabakia hartu nuen. Bi urte eman nituen Iparraldean, beira lantzeko teknikak ikasten eta ondoren, Hondarribian jarri nuen nire tailerra. Txekoslovakian, Mallorcan eta beste hainbat tokitan jarraitu dut nire ikasketa prozesua eta gaur egun, beira puztuan eta fussing izeneko teknikan aritzen naiz”.
Argia Badago izeneko tailerra zabaldu zuen Igorrek Iruran duela sei urte eta bertan ari da lanean, buru-belarri. Urte askotako lana eskatu dio beira lantzen ikasteak: “Teknika ondo barneratzea eta menperatzea ez da erraza, bere denbora eskaini behar zaio. Gaur egun, buruan ditudan diseinuak lantzea geroz eta errazagoa egiten zait, eta oso pozik nago”.

Lantze prozesua
Beira 1200 gradutara berotuz hasten da Igorren lana. “Beira urtu, eztiaren antzeko dentsitatea hartu, eta lanerako prest geratzen da. Burnizko hodiaren ertz batean hartzen dut beira hori eta hodiaren beste ertzean duen zulotxotik putz eginez, beira puztu egiten dut, poliki-poliki. Nahi dudan forma eman arte lantzen joaten naiz tresneria ezberdinak erabiliz eta, amaitutakoan, beste labe batean sartzen dut; pixkanaka hozten joan dadin. Izan ere, kanpoan utzi eta azkarregi hozten bada, beira hautsi egiten baita”, azaldu du Igorrek.
Lanparak, beirateak, pitxerrak, garaikurrak, oroigarriak..., enkarguz egiten ditu lan gehienak Igorrek: “Fussing izeneko teknikaz beirateak, platerak, orogarriak..., horrelakoak egiten ditut. Fussing-ean, diseinua lantzen da lehendabizi eta berotasunaren bidez, beira urtu eta diseinu hori finkatu egiten da. Beira puztuarekin berriz, hiru dimentsiotako objektuak sortu daitezke: lanparetarako tulipak, pitxerrak, botilak... etab. Nire lanaren %90a enkarguz egindakoa izaten da, bezeroak eskatzen didana ahalik eta ondoen egiten saiatzen naiz beti. Horrez gain, Irurako tailerrean jarrita dudan dendarako edota azoketara eramateko piezak ere lantzen ditut”, azaldu du Igorrek.

Aintzindari
Hego Euskal Herrian beira puztua lantzen duen artisau bakarra da Igor: “Hemen ez da inoiz horretarako ohiturarik izan. Beira puztuaz egindako piezak atzerritik erosi izan ditugu. Antzina, baziren beirateak egiten zituzten artisauak, baina beira puztuak ez du batere tradiziorik izan hemen”.
Lanerako behar dituen material eta tresneriak atzerritik ekarri behar izaten ditu Igorrek. “Beira egiteko behar ditudan silizea, sodio karbonatoa eta bario karbonatoa Estatu Batuetatik ekartzen dizkidate. Koloreak lortzeko behar diren oxido ezberdinak berriz, Frantziatik edota Alemaniatik ekartzen ditut. Beira lantzeko tresneria ere oso berezia da eta estatuan oso zaila da horrelakoak aurkitzea; horregatik, atzerrian erosi behar izaten ditut”, argitu du Igorrek.

Beira eta kristala
Beira zein kristala erabiltzen ditu Igorrek lanerako. “Egitera noan objektuaren arabera, bata edo bestea erabiltzen dut. Askotan pentsatzen dugu kristala beira baino kalitate hobeagokoa dela, baina ez da horrela. Kristalak, bere konposaketa kimikoan, beruna darama eta horrek argitasun handiagoa ematen dio, horregatik, tailaren bat egin behar badut nahiago izaten dut kristala beira baino”.  
Artisautzaren etorkizunarekin arduratuta dago Igor: “Gaur egun, artisautza ez den pieza asko saltzen da hala balitz bezala, eta horrek kalte handia egiten digu. Nolabait babestu egin behar da kalitatezko artisautza, azken finean, gure kulturaren zati garrantzitsu ere bada eta”.  

Erakustaldia, Zizurkilgo azokan
Urriaren 16ko azokan, bere lana bertatik bertara ikusteko aukera izango da Zizurkilen. “Pieza bat hasi eta bukatu arte denbora gutxi pasatzen da eta azkartasun hori asko gustatzen zaio jendeari. Azoketarako prestatuta dudan labe txikia eramango dut beira puztuaren erakustaldi bat egiteko. Pitxerrak, beirazko animaliak, jarroiak edota kopak egingo ditut bertan. Aurrez tailerrean egindako piezak ere eramango ditut. Nire lana ezagutaraztea da helburu nagusia. Pixkanaka, ahoz aho zabaltzen joan da nire lanaren berri eta www.argiabadago.com guneak ere asko lagundu du horretan”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!