Herritarrak artista

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 09:46

Elkartasun azoka berezia zabalik dago Iriarte Kultur Etxean. Eskualdeko hainbat artistek prestatutako eskulanak ikusgai izango dira bertan urriaren 16ra bitarte.

Artelan ikusgarriak aurki daitezke Iriarte Etxeko lehen solairuan. Gurutze puntaraz egindako paisaiak, egur tailak, makilak, erretratuak, toallak, postalak, meta txikiak, pitxiak…, ehunka lan bildu dituzte elkartasun azokarako. Nahi izanez gero, gainera, eskulan horiek erosi eta etxeratzeko aukera ere izango da.
Duela urtebete inguru hasi ziren elkartasun azoka antolatzeko ideiari forma ematen. Mila Izeta zizurkildarra antolatzaileetako bat da: “Behin baino gehiagotan hitz egin izan dugu gure artean, herrian eta inguruan egiten diren lanekin erakusketa txiki bat antolatzeko ideiaren inguruan. Aurtengo udan ideia hura gorputza hartzen hasi zen. Eskulanetan aritzen diren herritarrei proposamena egin eta azkenik, irailaren 30ean egin genuen inaugurazio ekitaldia. Oso pozik gaude aspaldiko ametsa gauzatu ahal izan dugulako”, azaldu du.

Parte hartze zabala
“Zizurkil bezalako herri txiki batean horren erakusketa osatua jartzeak jende askoren lana eta inplikazioa eskatu du, baina azkenik, lortu dugu eta oso gustura gaude emaitzarekin. Eskerrak eman behar dizkiegu lanen bat prestatzera animatu direnei eta erakusketa ikusi eta lanak erostera hurbildu direnei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”, gaineratu du.  
Guztira berrogei herritarretik gora animatu da azokarako eskulanak prestatzera eta antolatzaileak, pozik daude jasotako erantzunarekin. “Gure inguruan artista ugari dagoela ikusi dugu. Erakusketa honetarako lanen bat prestatzea eskatu diegunean, baiezko borobilak jaso ditugu eta hori eskertu beharra daukagu. Jendea asko inplikatu da erakusketa jartzeko ekimenean eta horrek poz handia eman digu”. Helduen artelanez gain, herriko haurrek egindako eskulanak ere jarri dituzte erakusketaren sarreran.

Salmentarekin pozik
Irailaren 30ean egin zuten erakusketaren inaugurazio ekitaldia eta herritar ugari gerturatu zen bertara. “Salmenta oso ondo doala esan beharra dago eta Udalak ere, egur taila bat erosi du. Euskal Herria irudikatzen duen egur taila handia da Udalak eskuratu duena. Horrez gain, erakusketako lehen egunean beste lan asko ere saldu zen eta aurrerantzean ere, erantzun ona jasoko dugula espero dugu”, azaldu du Milak. Sei euro inguruko lan txikietatik hasi, eta etxea apaintzeko lan handiagoak arte, prezio eta tamaina guztietako eskulanak aurki daitezke elkartasun azokan.

Urriaren 16ra arte
Iriarte Etxeko goiko solairuan jarri dute erakusketa, eta aste barruan, arratsaldez zabalduko dute, 16:30etatik aurrera. Asteburuetan berriz, goiz eta arratsaldez zabalduko dituzte erakusketako ateak. Zizurkilgo Azoka Bereziaren egunean, urriaren 16an itxiko ditu ateak elkartasun azokak ere. Bitartean, eskualdeko artistek egindako lanak ikusteko aukera paregabea izango da Iriarten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!