Duela zortzi urte inguru hasi ziren asteasuarrak lasto altxaketaren inguruan trebatzen. Izan ere, Xiba herri kirol ekimenaren barnean, hainbat euskal kirol eta joko lantzen ziren eta tartean zen lasto altxaketa. Hala azaldu du Mikel Alkorta herri kirol taldeko kideak: “Xiba txapelketan parte hartzera animatu ginenean, sekula lasto altxaketan aritu gabeak ginen. Pixkanaka kirola ezagutzeko aukera izan dugu geroztik. Azken boladan, indarra hartzen joan den kirola da eta duela lau urte Zizurkilen jarri zuten horretarako behar den polea. Inguruko zaletuak bertara joaten ginen entrenamenduak eta saioak egitera”.
Kirolerako aukera berria
Trontzak, harriak, lokotxak, gomak..., hainbat herri kiroletarako beharrezko diren tresnak herrian bertan aurki zitzaketen taldekideek, baina lasto altxaketarako polea falta zuten: “Duela bi urte luzatu genion eskaera Udalari. Herri kirolez gozatzeko beste aukera bat izatea polita litzatekeela iruditzen zitzaigun. Azkenik, polea aurten jarri dute eta irailaren 25ean, Azoka bereziaren egunean egin genuen inaugurazio saioa. Oso txukun jarri dute polea, segurtasun osoz eta pozik gaude”.
Inaugurazioan, hiru altxalari
Hiru lasto altxalarik eskaini zuten erakustaldia inaugurazio ekitaldian. Zizurkilgo Pello Argaia eta Asteasuko Andoni Mendizabal eta Mikel Alkortak. “Minutuko saioak egin genituen. Oso kirol ikusgarria da. Kirolaria lau edo bost metroko altuerara igotzen da eta jendeari asko gustatzen zaio. Saioak amaituta, bertaratutakoei froga egiteko aukera eman genien eta bat baino gehiago animatu zen parte hartzera. Herriko gazte koadrilak ere gerturatu ziren eta horrek poza ematen digu. Izan, ere, gure helburua jendeak herri kirolekin goza dezan da eta orain, horretarako aukera berria dago herrian”, azaldu du Mikelek.
Zazpi metroko altueran dago polea, pilotalekuko frontisaren eskubialdean: “Lasto altxaketako arauek eskatzen duten altuera ofizialean jarrita dago eta erabiltzen dugun zakuak 40 kiloko pisua du. Hala ere, ez dugu baztertzen etorkizunean, altuera txikiagoko beste polea bat eta zaku txikiagoak ere jartzea, gaztetxoei edota emakumeei parte hartzeko aukera errazte aldera”.
Kirola eta jolasa uztartuz
Herri kirolei bultzadatxoa emateko asmoz ari dira lanean Asteasuko herri kirol taldeko kideak: “Jolas modura ulertu nahi dugu, aisialdirako eta gozatzeko beste aukera bat bezala. Ez nator bat “herri kiroletik ez dago ezer” esaten dutenekin. Jolaserako aukera ematen dute herri kirolek eta gehiago sustatu beharko genituzke, umeengan bereziki. Usarrabi pilotalekuan lasto altxatzeko polea jartzeak horretarako beste aukera bat eransten dio herriari eta gustura gaude”.
Interesa agertzen duten herriko gazteei lasto altxaketan trebatzen hasteko saioak antolatzeko prest daudela azaldu du Mikel Alkortak: “Taldea osatuko balitz, astean behin edo saioa egiteko aukera izango genuke, pixkanaka ikasten joateko eta lagunartean ondo pasatzeko”.