Hamazazpi tona egur, auzolanean

Euskal ohituren artean sartzen da, zalantzarik gabe, auzolana. Larraulen, ohitura berreskuratu eta etxerako sutarako egurra auzolanean prestatzen dute.

Iaz hasitako ekimenak, jarraipena izan du aurten. Urriaren 1 eta 2an, egurra moztu eta prestatzen aritu ziren parkearen ondoko pilotalekuan. Etxerako egurra prestatzeaz gain, festa giroa sortzea ere badute helburu ekimenean parte hartzen dutenek. Hala azaldu du Aitor Atxega larrauldarrak: “Egurra txikitzearen aitzakian, elkarrekin hamaiketakoa egin, bazkaldu, musika jarri..., herrian saltsa polita sortzen dugu. Jendea ikusmiran gerturatzen da eta batek baino gehiago bere laguntza ere eskaintzen digu. Umeak ere han ibiltzen dira egurrak pilatzen. Asteburu polita izaten da”.

Iaz, lehenegoz
Iaz jarri zuten martxan ekimena: “Larraulen, etxe askotan dugu sua. Udazken inguruan, ohiko hizketagai izaten zen bakoitzak egurra nondik erosi zuen, zenbatean... Hori ikusita, ideia ona iruditu zitzaigun zuzenean enbor handiak ekarri eta guztien artean txikitzea. Modu horretan etxerako egurra merkeago lortu eta bide batez, festatxoa egiteko aukera izaten dugu”.
Bederatzi tona egur ekarri zituzten iaz eta aurten ia kopuru bikoitza ekarri dute; hamazazpi tona: “Herrian deialdia zabaldu, eta jende gehiago animatu zen parte hartzera. Izan ere, egurra merkeago ekartzeko aukera eskaintzen du eta horrez gain, asteburu ederra pasatzen dugu. Partaide bakoitzak tona bat egur eramaten du etxera”.
Lizarrustiko egurra erosi dute aurtengoan: “Egur eta baso kontuetan aditua den herritar batek gomendatzen digu nongo egurra erosi eta hala egin dugu aurten ere. Pago egurra ekarri dugu. Ekimenean parte hartzen dugun gehienak, Larraulera kanpotik etorritakoak izaten gara. Izan ere, bertako gehienek, etxeko sailetatik ateratzen baitute urterako behar duten egurra”.

Asteburu osoko lana
Larunbatean, goizeko 09:00ak aldera hasi zuten auzolana. “Kamioiak enborrak ekarri eta aparkalekuan deskargatu zituen. Momentu horretan hasi zen gure lana. Motozerrak eta gainerako tresneria hartuta, enborrak txikitzen hasi ginen pixkanaka. Eguerdian elkarrekin otordutxoa egin eta arratsaldean, beste pare bat orduz aritu ginen. Geratzen diren lanak, iganderako uzten ditugu”, azaldu du Aitorrek.
Igande goizean ere goizean goiz jaiki eta lanari eusten diote: “Iaz, larunbatean amaitzeko asmoa genuen, baina uste baino gehiago luzatu zitzaigun. Aurten ere, igandez amaitu dugu. Giro polita sortzen da egurraren inguruan. Parrilla piztu eta musika jarrita aritzen gara igandez eta eguerdian, lanik handienak amaituta, ostatuan babarrun jatea egiteko ohitura dugu”.

Egur pilak, zozketaz
Enborrak txikitzen eta egurra prestatzen doazen heinean, pilak osatzen joaten dira. “Borondate onenarekin, begira, osatzen ditugu egur pilak eta lanak amaitzean, zozketatu egiten ditugu. Ondoren, norbera arduratzen da tokatu zaion pila etxera eramateaz”, adierazi du Aitorrek. Datozen urteetan ere egurra auzolanean ekartzen jarraitzeko asmoa dute larrauldarrek: “Orain arte, herritar talde batek antolatu izan du auzolan eguna baina aurrerantzean, herriko kultur taldeak edota DIN-7 elkarteak bideratzea nahiko genuke. Modu horretan, urteko kultur ekitaldien barnean txertatuko litzateke auzolana”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!