Lazkaoko geltokian geratu zen Beñat Iguaran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 6a, 09:43

Gpuntua final zortzirenen azken txanpan sartu da. Irailaren 25ean, Lazkaoko Areria Kulturgunea txiki geratu zen hurbildu ziren bertsozaleak hartzeko, tartean eskualdetik joandako ugari.

Jendea bero eta animatzeko gogoz joan zen Lazkaora, sei bertsolariak agertu orduko izan zen txalo zaparradak erakutsi zuenez. Beñat Lizaso, Nahikari Gabilondo, Adur Gorostidi, Iban Urdangarin eta  Unai Muñoa izan zituen kantukide Beñat Iguaran amasarrak. Saioak gorabeherak izan zituen, baina tarteka goia jotzea ere lortu zuen. Zoritxarrez, ez zen Iguaranen egunik onena izan.

Nerabearen paperean
Lehen ariketan, Iparragirreren doinuan, Beñat Lizasorekin batera abestea egokitu zitzaion Iguarani. 16 urteko bikote baten paperean jarri zituen gaiak: Lizaso, neska, haurdun geratu zen, baina ez zuen haurra izan nahi; Iguaran mutilak berriz, bai. Ariketa sinesgarria osatu zuten, bakoitza bere paperean ondo sartuta. Hala ere, amasarrak ohikoa duen txispa hori ez genuen hirugarren bertsora arte sumatu. Lizasok umea ez zuela izango esan zion, aita bertsoen aitzakian kanpoan ibiliko zelako beti. Hauxe Iguaranen erantzuna:

Beraz, itxuraz hartu didazu
parranderuan tankera
beti bertsotan arituko naiz
batera eta bestera
ta zu berriz, han, etxean
beti umil antzean,
zure aitak egin zun bera
eta horrela beiratuz gero
hain txarra etzera atera


Zortziko txikiko ariketa izan zuten ondoren, eta ez amasarrak eta ezta Nahikari Gabilondo kantukideak ere ez zuten asmatu. Oro har, zortziko txikikoan sei bertsolariak ibili ziren ezinean.

Itzalaren zama
Puntu erantzunetan ikusi genuen nabarmen Beñat Iguaran urduri zebilela, lehen puntuan ez baitzion gai jartzaileak galdetutakoari erantzun. Bigarrenean ordea hobeto aritu zen eta ondoren, agian saioko ariketarik onena egin zuen, oina jarrita bertsoa osatzeko lanean. “Itzala” hitza oin bezala erabili behar zuela agindu zion gai jartzaileak. Saioan bizitzen ari zena azaltzeko baliatu zuen Iguaranek:

Ona sartuta ikusia det
dagon giro mundiala
baina bi hankak dardarka dauzkat
hau ez da gauza normala
zertan ari haiz! pentsatua det
bertsoak kantatu ahala
nere buruan argi gutxi da
eta nagusi itzala
ea saioa bukatzen dedan
hasi nahi nuen bezala


Txalo zaparrada handia jaso zuen bertso horrek, baina ondorengo ariketetan ere gozatu ezinean ibili zen Beñat Iguaran. Azkenean, epaileen arabera, Beñat Lizaso izan zen Lazkaon onena 480,5 punturekin, ondoren Nahikari Gabilondo 469rekin, Iban Urdangarinek 461 eskuratu zituen, Unai Muñoak 454, Adur Gorostidik 432,5 eta Beñat Iguaranek 415,5. Horrelakoak ditu txapelketak, horrelakoak ditu Gpuntuak. Lazkaoko geltokian geratu da Beñat Iguaran, baina amasarrak berak agurrean esan zuen bezala, txapelketa baino askoz gehiago da bertsolaritza.

Sailkapena argitzen
Saioak aurrera doaz eta fase honetako azken asteburuaren zain, argitzen ari da final laurdenetarako sailkapena. Esaterako, Amaia Agirre billabonatarrak ziurtatua du sailkapena, beste saio batzuetako irabazleek baino puntu gehiago ere lortu baitzituen Andoaingo saioan. Oro har, esan liteke 460 puntutan egongo dela aurrerako langa. Gpuntuaren bidaian aurrera egin nahi dutenek kontuan izango duten zenbakia da.

Eskualdeko hurrena kantuan:
Oihana Iguaran
  • 2011-10-28. Lasarte,Manuel Lekuona kultur etxea, 17:30.
  • Andoni Otamendi, Amaia Iturriotz, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Uxue Alberdi eta Oihana Iguaran. 
“Ezin gozatuz ibili naiz saio osoan”
Lazkaoko saioa amaitu orduko hitz egin zuen Aiurrik Beñat Iguaranekin.

Gaurkoa ez da egunik onena izan zuretzat. Puntuazioari begira jarrita 415,5 puntu eta seigarren. Zer sentsazio izan dituzu?

Oso txarrak. Nik gustura aritu nahi nuen eta ez dut inondik inora hori lortu. Etorri ustez lasai egin naiz, baina gero urduritasunak gailendu dira eta ezin izan dut bertsotan nahi dudan bezala egin, ezta gerturatu ere.

Ariketaren batean erosoago sentitu al zara?
Oinari botatako bertsoarekin gustura geratu naiz esaterako, baina aurrez puntuetako lanarekin ez. Kartzelan ere ideia azkar etorri zait, baina ez dut borobildu… Azken finean, ezin gozatuz ibili naiz saio osoan.

Udaberriko atariko fasean  helburua fase honetara, final zortzierenetara sailkatzea zela aipatu zenuen… 
Bai, eta horrela da. Baina behin fase honetara pasata ere zerbait utzi nahi nuen, saio polita zen itxuraz eta aurrera egiteko aukerak ere hor zeuden…  Txapelketa hasi aurretik jarri nuen helburua beteta bai, baina gaurkoarekin ez noa batere pozik etxera.

Eta, hemendik aurrera zer?  Agurrean argi esan duzu bertsotan jarraituko duzula…
Bai. Txapelketa txapelketa da eta hemen zaila da gozatzea. Baina nik gozatzen segi nahi dut bertso afarietan, poteoan, lagun artean…, bertsotan eginez. Nik bertsotan jarraituko dut eta ikusiko dugu hemendik lau urtera aterako garen edo ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!