"Ahoa bete hots" jardunaldiak Mintzolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko urr. 5a, 14:26

"Idatziak ahotsa hartzen duenean" goiburupean, ahozkotasunaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Mintzolak. Ahozkoa eta idatzizkoa bereiztea da jardunaldion helburu nagusia eta azaroaren 2, 3 eta 4an burutuko dira Villabonako egoitzan. Azalpen teorikoez gain, arlo praktikoa ere izango dute jardunaldiek; antzezlana, bertso saioa, ipuin kontalariak... Gaur egin dute jardunaldien aurkezpena, baita iazko jardunaldien liburuarena ere. Izena eman nahi izanez gero, www.mintzola.com gunean sartu edota 943 693 870 telefono zenbakira deitu behar da, urriaren 6tik 19ra bitartean.

Mintzolak Amasa-Villabonan duen egoitzan egin dute "Ahoa bete hots" jardunaldien aurkezpena. Lau elkarteren laguntza eta elkarlana izan ditu Mintzolak jardunaldiok antolatzeko: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Antzerkizale Elkartea, Ipuin Kontalariak eta Kantuzaleen Elkartea. 

Itzulidatz taldeko kide den Julia Marinek egin du jardunaldion aurkezpena: "Idatzizko euskara normalizatu den bezala, ahozkoa ere normalizatu behar dela ikusten dugu. Horrek esan nahi du, ahozko euskara batua beharko dugula; izan ere, ez dugu berdin hitz egiten etxeko sukaldean, jendaurrean edota haurrengana zuzentzen garenean... Nolakoa behar du izan Euskal Herri osorako balio dezakeen ahozko euskarak? Gai horri helduko diogu jardunaldi hauetan", azaldu du. 

Beñat Gaztelumendi bertsolariak iazko jardunaldietako liburua aurkeztu du. "Ahoa bete hots. Ahozkotasuna kulturan, eguneroko jardun berezituetan eta haur munduan" izenburupean, hainbat idazle, ipuin kontalari edota kazetariren ikuspuntuak biltzen ditu. 

 

Ahoa bete hots, II. jardunaldiak: "Idatziak ahotsa hartzen duenean"

Non: Villabonako Subijana etxean

Noiz: Azaroaren 2, 3 eta 4an. 09:00etatik 14:00etara

Norentzat: Irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, ipuin kontalari, antzezle, euskara teknikari, ikerlari eta, oro har, ahozkotasunak bizi duenarentzat

Izen-ematea: Urriaren 6tik 19ra. www.mintzola.com / 943 693 870

Antolatzailea: Mintzola ahozko lantegia. Laguntzaileak: Bertsozale Elkartea, Euskal Kantuzaleen Elkartea, EHAZE eta Ipuin Kontalari Taldea.

EGITARAUA:

Azaroak 2, asteazkena

-09:00-09:15 Sarrera-agurra.

-09:15-10:15 Ahozkoa eta idatzia, bi kultura. Zertan elkarren oztopo, zertan elkarren aberasbide: Luis Mari Larringan (EHU) eta Arantza Ozaeta (MU-HUHEZI).

-10:20-11:20 Esatearen ederra: Julia Marin (Itzulidatz).

-11:25-12:25 Pantaila euskarazko hitzez mintzo: Asier Larrinaga (EITB).

-12:25-12:45 Atsedena.

-12:45-13:10 Saio praktikoa: Arra. Arraroa: Oier Guillan egilea, Iñigo Ortega aktorea.

-13:10-14:00 Mahai ingurua: Luis Mari Larringan, Arantza Ozaeta, Julia Marin, Asier Larrinaga, Oier Guillan eta Iñigo Ortega. Moderatzailea: Lorea Agirre (MU-HUHEZI).

Azaroak 3, osteguna

-09:00-09:15 Sarrera-agurra.

-09:15-10:15 Ahoz idatzi, eskuz hitz: Joxerra Garzia (EHU).

-10:20-11:20 Herri kantuen interpretazioa. Ahozko tradizioaren atzetik: Itsaso Arrieta (Labayru).

-11:20-11:50 Atsedena.

-11:50-12:10 Saio praktikoa: Ahozkotasuna-kantagintza: ariketa praktikoak: Ana Elorza (Ahotsak Studio Voices).

-12:10-12:30 Saio praktikoa: Eskuz esku bertsotan: Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia.

-12:30-14:00 Mahai ingurua: Joxerra Garzia, Itsaso Arrieta, Ana Elorza, Uxue Alberdi eta Iker Zubeldia. Moderatzailea: Mikel Urdangarin (kantaria).

Azaroak 4, ostirala

-09:00-09:15 Sarrera-agurra.

-09:15-10:15 Ahozkoaren eta idatziaren arteko interfazeak mintza jardun jakinen eraberritzean: adibide bat: Leire Diaz de Gereñu (EHU).

-10:20-11:20 Ikasteko hitz egin, hitz egiten ikasi: Itziar Elorza (Ikastolen Elkartea).

-11:20-11:50 Atsedena.

-11:50-12:15 Saio praktikoa: Ahotik fantastikara: bi adibide: Bea Egizabal (Kontu kantoi) eta Joxemari Carrere.

-12:15-13:30 Mahai ingurua: Leire Diaz de Gereñu, Itziar Elorza, Bea Egizabal eta Joxemari Carrere. Moderatzailea: Ibon Manterola (EHU).

-13:30-14:00 Azken ondorioak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!