Bilduk ukatu egiten ditu oposizioko alderdien akusazioak Urigainen deituriko bileraren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 29a, 18:18

Atzo arratsaldean Udal Gobernu taldeak gizarte alorreko herri elkarte eta erakundeak bilera batera deitu zituen. Urigainera PSEko, PPko eta EAJko zinegotziak ere aurkeztu ziren baina ezin izan zuten sartu Bilduko Miren Agirreurreta zinegotziak bilera Udal gobernuaren eta gizarte eragileen artekoa zela arrazoitu zielako. Bilduko zinegotziak Udal ordezkariekin aurrerago beste bilera bat deituko zuela gaineratu zuen.

Azalpen horiek ez ziren nahikoa izan PSEko eta PPko alderdientzat eta atzoko gertaera salatzeko prentsaurrekoa deitu dute gaur. "Oso larritzat" definitu dute atzo Urigainen bizi izan zutena eta Bilduri gogorarazi diote oposizioak Andoaingoaren gehiengoa ordezkatzen duela. Diotenez, gainera, sarbidea oztopatzeko atea giltzapean itxi zuten.

Aiurri harremanetan jarri da Udal gobernu taldearekin, Urigainen deituriko bileraren inguruan bere ikuspegia zein den jakiteko. Bilduk ukatu egiten ditu oposizioko alderdien akusazioak. Udala "Gizartea Kontseilua" eratzeko asmotan dabilela aurreratu dute, eta ezertan hasi aurretik herri erakundeen iritzia zein den jakin nahi zuten. Bilera horren ostean, alderdi guztiekin bigarrena deituko dutela iragarri dute.


Gobernu taldeak ere Urigain gilzapean itxi zutela gezurtatu du. Atea zabalik utzi zutela adierazi dute, atea ez isteko lorontzia ipini zutela zehaztuz. Izan ere, bazekiten talde bat baino gehiago hitzordua hasita iritsiko zela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!