Golf denboraldiaren aurkezpena Goiburun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 29a, 13:05

Aureko ostiral arratsaldean egin zen Goiburu Golf klubean 2011-2012 ikasturtearen aurkezpen ofiziala, zaletu eta kide askoren parte hartzearekin. Ororen gainetik golf eskola egokituaren aurkezpena nabarmendu behar da, Jon Otaño Jaunarena golf jokalari profesionalaren eskutik burutu zena.

Ez zen nolanahiko aurkezpena izan. Andoaingo golf zelaira hurbildu baitziren Jose Felix Bilbao estatu mailako golf federazioko golf egokituko batzordearen lehendakaria, Ana Carrere Andoaingo alkatea, Maria Luisa Uztarroz esklerosi anitzaren elkarteko lehendakaria eta Jose Antonio Unzurrunzaga elkarte bereko kidea. Haiekin batera kirol munduko hainbat pertsona ezagun, besteak beste, Salva Iriarte, Gonzalo Arconada edota Abraham Olano.
Jose Felix Bilbaok bihotzez eskertu zuen Goiburu golf eskolaren lana eta ahalegina. Eskerrak eman zizkion Jon Otañori bereziki, azken bi urteotan burutu duen lanagatik eta eskolara etortzen diren ikasleei eskaintzen dien dedikazio handiagatik.
Ekitaldiak, esan bezala, ikusmin handia piztu zuen. Elbarritasun eta ahalmen urritasun munduko hainbat elkartek parte hartu zuten aurkezpenean. Besteak beste, Kemen, Atzegi, Gautena,…

Adierazpenak
Jon Otaño golf jokalari profesionala da, baita Andoainen ezinduekin lanean dabilen irakaslea: “Hasieran probatzera etortzen direnak errezeloak agertzen dituzte euren buruarekin; baina jokoan hasi eta  konfiantza hartzen dute berehala. Handik aurrera, oso gustura etortzen dira”.
Bertaratzen diren guztiekin ezaugarri berberak jorratzen ditu: teknika, egonkortasuna, kontzentrazioa, zehaztasuna…”.
Monica Acebal Goiburu Golf klubeko idazkariak adierazi zuenez, “hiru mezu zabaldu nahi ditugu, egun berezi hau antolatzearekin batera: Andoainen badela golf egokitutako eskola bat; ezintasun fisiko nahiz intelektuala duenak ere golfa praktika dezakeela, eta azkenik, gizarte sektore zehatz horri zuzenduta ere eskola zabalik dagoela”.
Goiburuko eskolan zortzi ezindu ari dira gaur egun kirol jarduera honetan trebatzen: “astean bitan etortzen dira, eta Jon Otaño irakaslearen agindutara jartzen dira. Gipuzkoan ezinduentzat dagoen golf eskola bakarra da gurea. Eskolako zenbait jokalarik estatuan egiten diren txapelketan aurkezteko ohitura dute. Estatu mailan, parte hartzaileen kopuruari begiratuz gero, bigarren eskola gara”.
Erronka berria jarri dio bere buruari, Paragolfer izeneko makina eskuratzea: “garestia da baina eskuratu nahi genuke, lehen baino lehen. Izan ere, ezinduei laguntza fisiko eta terapeutiko handia eskaintzen dien makina da. Ezinduari tente jartzen laguntzen dio, mugitzeko ahalmena izugarri handituz”. Erronkak ez dira falta, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!