Roberto Cabrejas gogoan dute sorterrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 29a, 13:04

Altuera jauziko atleta bikainaren omenez eskultura bistaratu zen Rabanera del Pinarren (Burgos) bere jaioterrian, irailaren 17an. Oso gazte zela Etxeberrieta auzora etorri zen. Espainiako txapeldun bost aldiz, Moskuko 1980ko olinpiadatan parte hartu zuen.

Bartzelonan bizi zela, moto istripuz hil zen Cabrejas 2001. urtean; 48 urte zituen orduan. Haren omenez hamaika ekitaldi egin zen Andoainen, Tolosan eta Rabanera del Pinar bere sorterrian. Azken honetan hain justu bere omenezko eskultura ipini dute egun hauetan. Etxeberrietan auzokide izan zuen Delan Irazuk inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen.

Kontaiguzu Cabrejasen omenezko ekitaldia zer moduzkoa izan zen…
Delan Irazu:
Igande goizean izan zen ekitaldia Burgoseko herrixka hartan, eta jende ugari bertaratu zen: tartean, Cabrejas familiako kideak, Tolosa, Madril eta Bartzelonako adiskideak, herritarrak eta agintariak.
Gaztelako dantza tipikoak dantzatu ziren lehendabizi, eta eskultura bistaratu egin zen ondoren. Azkenik, hiru pertsonek hitza hartu zuten: Herminia Mata Cabrejasen alargunak, lagun batek eta herriko alkateak. Bazkari batekin, giro ederrean amaitu zen ekitaldia.

Zer esan daiteke eskulturaren gainean?
D.I.:
Eskultura inguru hartan ohikoa den hareharriz egindako zutarri bat da. Azpimarratzekoa da eskulturaren gaialdean argia duela, gauez pizten dena. Lurretik 2,26 metrora altxata dago; hain justu, altuera jauzian Cabrejasek ipini zuen marka da, Espainiako marka onena jartzeko balio izan ziona.  

Herrixka hartan ondo gordetzen dute haren oroitzapena, beraz…
D.I.:
Harro daude han jaio zelako; ondo ezagutzen dute haren kirol ibilbidea. Herriak ehun biztanle inguru ditu, dagoeneko 2010ean herriko kale bati Udalak Robertoren izena jarri zion.

Ekitaldiko giroa gertutik bizitu ostean, sentimendu berezirik ekarri al zenuen etxera?
D.I.:
Leku ezberdinetakoak diren horrenbeste lagun berarekin gogoratzen direla ikusteak, zer pentsatua eman zidan niri: alegia, hil zenetik hamar urte igaro diren arren, bizirik dirauela haren oroitzapenak jende askorengan.
Bere bizitza atletismoari lotuta joan zen beti –atleta izan, nahiz federazioko teknikari izan–, eta argi dago urte horietan lagun handiak egin zituela, eta horiek oraindik estimatzen jarraitzen dutela. Hitzaldian, bere alargunak zein bere lagun batek Robertoren nortasuna definitzeko erabili zituzten hitzak, nahiko errealak dira: alegia, eskuzabala, fina, inoiz huts egiten ez dizun lagun horietakoa izan zela…

Cabrejasekiko oroitzapenak Andoainen fresko dirauela iruditzen al zaizu?
D.I.: 
Bere belaunaldikoek bai beharbada, baina ondorengoek ez. Taldean egiten diren kirolak nagusitu dira gure gizartean, futbola batez ere. Atletismoa bezalakoak sakrifizioarekin lotzen dira… Gogoan dut Cabrejasen garaian, orain 30 urte, Gipuzkoak bi talde zituela estatuko lehen mailako ligan, eta kalitatezko atletak zituela. Prestigioa zeukan atletismoak Gipuzkoan, gaur egun inondik ere ez daukana.
Andoainen eta kanpoan ere, futbol jokalariak eta entrenatzaileak goraipatzeko pronto agertzen gara beti, baina ahaztu egiten ditugu gainerako kirolariak, nahiz eta horiek egundoko sakrifizioak egin eta txapela kentzeko moduko kirol ibilbidea eduki.
Etxeberrieta auzoan Cabrejas gogoratzeko krosa antolatzen dugu urtero, eta kirolari handiren bat ere omentzen dugu. Baina saiakerak ez du oihartzun handirik edukitzen. Etsigarria ere bada.

Zer esan dezakezu bere gertukoek urtero antolatu ohi duten mendi martxaren gainean?
D.I.:
Urriaren lehen larunbatean, urtero, bere lagun eta senitartekoak Tolosatik oinez irten eta Leitzaranera iristen dira; Bertxingo zentrala dute helmuga, hain justu. Izan ere, hil zenean 500 eskaileren parean haritza landatu zuten bere omenez. Gogoan eduki behar da Leitzaran esanahi handiko lekua izan zela bere bizitzan, Etxeberrietako askorentzat bezala. Hara joaten zen naturaz gozatzera, igeri egitera, lasterka ibiltzera, eskaileretan ariketa fisikoa egitera…

Andoaindarrak Burgos aldera txangoa egin eta eskultura ezagutzeko irteera aproposa da…
D.I.:
Asteburu oso polita antolatu liteke, Rabanera del Pinarreko eskultura ikustearekin batera. Herritik gertu makina bat toki interesgarri dago: Siloseko monasterioa, Rio Loboseko arroila, Yerlako haizpitartea, Laguna Negra lakua…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!