Dimentsio berria zineman

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 29a, 13:01

Berrikuntza nabarmenarekin iritsi da Basteroko zine denboraldi berria: Hiru dimentsioetako proiektore berriarekin. Estreinaldia egin zuten asteburuan “Conan el barbaro 3D” filma eskainiz.

Tresneria berria digitala da eta eskaintza zabaldu eta hobetu ahal izango da horri esker. Hiru sistematan ikusi ahal izango dira filmak, hemendik aurrera: ohiko moduan proiektore zaharrarekin, eta baita 2D nahiz 3D sistema eskaintzen duen   proiektore digital berriarekin.
2D formatoa orain arte erabili den sistema berbera da, baina kalitatea nabarmen hobetuz. Pelikula 3D sisteman eskaintzen denean, berriz, betaurreko bereziak erabili beharko dira irudiak hiru dimentsioetan bistaratzeko. 3D formatoak ikuspegia eraldatzen du gizakiaren ikusmenerako; ikuslea filman ikusten den tokian bertan egongo balitz bezala sentituz.

Digitalaren aldeko apustua
Hiru bazkidek osatzen dute Hirutek enpresa; Juan Carlos Oyanluze, Jose Ignacio Alonso eta Rikardo Intxaustik, hain zuzen. Enpresak Tolosako Leidor eta Bastero kudeatzen ditu. Intxaustik proiektore berria hartzearen arrazoia azaldu du, “Orain bi urte Donostiako Zinemaldiak lau proiektore instalatu zituen. Han ere ibili ohi gara, eta gertutik ezagutu ahal izan genuen aldaketa hori. Enpresak ez ezik Andoaingo Udalak eta bertako kultura teknikari Garbiñe Agirrek ere interesa agertu zuten. Azkenean, bada, proiektore hori erosi eta Andoainen jartzera animatu gara”.
Gero eta gehiago ari da zabaltzen definizio digitaleko zinema, “areto pribatu denek daukate berea, eta Udal zinema dutenei begiratuz gero, Eibar eta Galdakao dira Andoainekin batera pauso hori ematera ausartu direnak”.
Zine emanaldien etorkizuna proiektore digitalen eskutik datorrela gero eta argiago dauka Intsaustik: “makina bat aukera eskaintzen ditu. Esaterako, satelite bidez munduko edozein tokitan eskaintzen ari diren opera emanaldia eskaini ahal izango genuke. Urrutira joan gabe, Galdakakoko herritarrek Espainiako itzulia eta Igor Anton herrikidearen balentriak sistema horri esker herriko zineman ikusi ahal izan zuten”.
Sektorea osatzen duten ekoizleek, banatzaileek eta gainerakoek ere abantailak besterik ez dizkiote ikusten.
Argazkigintzan azken urteetan gertatu dena ekarri du gogora: “konparaketak egin genitzake argazkigintzarekin: sistema digitalak iraultza erabatekoa eragin du. Abantailak ikusita, argazkilariek sistema analogikotik digitalera pasa dira, goizago ala beranduago”.
Ez du ukatzen ikusleen artean errezeloak piztu ditzakeela irudi digitalaren erabilerak, “gazte eta haurrak berehala ohitzen dira. Beste kontua da helduekin, betikoari eusten baitiogu, gehiago kostatzen zaigu berrikuntzak onartzea. Betaurreko bereziekin ikusi beharrak ere atzera bota dezake jendea, hasiera batean”.
etorkizuneko aisialdia
Herrietako zine emanaldiek etorkizunik ba ote duten galdetuz gero, Intxausti baikor agertzen da: “krisian dago zinema mundua, aspaldi honetan. Hala ere, zinearen kontzeptua aldatuz doa. Zinemak burua altxako duelakoan nago; antzokiak ez dira beteko iraganean bezala, baina gaindituko du krisia. Zinema merkea da, eta aisialdiaz gozatzeko oso aukera polita da”. Bestalde, Basterokoaren antzeko herri zinemek berarekin daukaten bertutea azpimarratu nahi du: herriari bizitasuna ematen diotela. Zine forumaren aukera aipatuta, azkenik, ateak zabalik dituzte: “nahiko genuke herriko talderen batek ideia horri helduko balio; erraztasunak emango genizkioke zinema komertzialetik kanpo geratzen diren filmak astean zehar eskaini eta horren inguruko ekimen gehiago egin zitzan”.

Basteroko eskaintza
Asteburuetako prezioak: Ohiko filmak: 4,5 euro. 3D sistemadunak: 6 euro.
Asteleheneko prezioak: Ohiko filmak: 3 euro. 3D sistemadunak: 4,5 euro.
Haurrentzat prezioak: Prezio bakarra: 3 euro.
10 film ikusteko bonoa: 5 filma, ohiko sistema: 12,5 euro.
10 filma, ohiko sistema: 25 euro.

HURRENGO ASTEETAKO FILM BASTERON ESKAINTZA
“Los tres mosqueteros” eta “Animals United” asteburu honetan. Urrian zehar: “El arbol de la vida”, “Los pitufos”, “Capitan Trueno”, “Urteberri on amona!”, “Kung Fu Panda 2” eta “Las aventuras de Titin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!