Bizikletan zertxobait ibiltzera ohituta dagoen edonorentzat dela moldagarri azpimarratu nahi izan du Aitor Larrañaga Leitz elkarteko kideak. Urriaren 8an izango da eta andoaindar txirrinduzale guztiak bertan parte hartzera gonbidatuta daude.
Leitz-eko txirrindulariak zailduta zaudetela eta zeharkaldia zuentzat moldatzen dela pentsatzen duen horri, zer esango zenioke?
Aitor Larrañaga: Zeharkaldia aisa egin dezake bizikletan pixka bat ibiltzera ohituta dagoen edonork. Fisikoki ez da gogorra, eta teknikoki ere ez dizu gauza handirik eskatzen. Zelaian joan behar da beti, eta 400 metroko desnibela jaitsi behar da Iruñeatik ateratzen denetik Andoainera iristen den arte.
Normalki egiten ditugun irteerekin alderatuz gero, hauxe leunena dela esango nuke. Akaso horrexegatik etortzen zaigu baten bat “noiz sartu behar degu egurra?”, galdetuz. Horri galga jarri eta zeharkaldiaren filosofia azaldu behar izaten diogu.
Gainera, Plazaolako trenbidearen zenbait zati konpontzen ari dira azken urteetan…
A.L.: Egia da bizikleta zaleontzat geroz eta leunagoa eta errazagoa dagoela trenbidea. Esate baterako, hiru bat kilometro dituen Huitziko tunela konpondu dute berriki; lurra berdindu eta argia ipini dute. Iaz arte, tunela saihesteko bizpahiru kilometroko bide aldapatsua igo behar izan dugu, gero berriro trenbidera itzultzeko.
Logistikarik edo laguntzarik eramango duzue bidean zehar?
A.L.: Aurten bi furgoneta etorriko dira gure atzetik, laguntza emanez. Primeran etorriko zaizkigu arazo teknikoak edo ezustekoak gertatuz gero.
Partaideen artean pizten den giro ona nabarmendu izan duzue beti…
A.L.: Lagunarteko irteera da, eta giro ezin hobea sortzen da gure artean. Egia esan, zeharkaldiak denerako denbora ematen digu: txantxetan jarduteko, inguruneaz gozatzeko, argazkiak ateratzeko...
LEITZ ELKARTEAREN IRTEERA
Irteera data: Urriak 8, larunbata.
Irteera: 07:00, Anbrosia Olabide egoitzaren paretik. Iruñeatik Andoainera bidean goizeko 09:30etan abiatu nahi dute.
Ibilbidea: 80 kilometro.
Desnibela: 400 metro, goitik behera.
Geldialdiak: Bi egingo dituzte hamaiketako bana egiteko, Irurtzunen eta Lekunberrin. 20. eta 40. kilometroetan, hurrenez hurren.
Bazkaria: Leitzako jatetxe batean, eguerdiko 13:00etan.
Iritsiera: Andoainera 18:00ak aldera.
Prezioa (autobusa, bi hamaiketako eta bazkaria): 35 euro.
Izen-ematea: Busaren 60 plazak bete arte.
Epea: Urriak 5, azken eguna.
Info: www.leitz-mtb.com