Antonio Roncero, Frigoko kioskoaren arduraduna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 14:02

Garai haiek oroitzapenean gordeta eduki dituzte 70eko hamarkadan udaletxeko atzealdean egon ohi zen kioskozale atsegina ez ezik, baita honek salgai zituen makina bat litxarkeri.

Noiz, non eta nolako famili giroan jaio zinen?
Antonio Roncero:
Badajoz herrialdeko Los Santos de Maimon jaio nintzen, 1924an. Zortzi senideetatik bigarrena naiz ni. Familia nekazaria izan zen nirea, eta herritik kilometro batera bizi ginen. Gurasoek ureztatzeko sei fanega (bakoitzak 4.600 metro karratu ditu) hartu zizkion jauntxo bati errentan, eta denetarik jorratzen genuen lur zati hartan: barazkiak eta fruta-arbolak batez ere. Amak, denon artean biltzen genuen uzta hartu eta Azafrako merkatura joan ohi zen egunero. Nik 28 urte bete arte jardun nuen nekazari gisa, familiarekin.

Beti esan izan da terratenienteen menpe bizi zirela Extremadura eta Andaluziako herrialdeak garai haietan…
A.R.:
Gu bezalako herritar xeheak jauntxoen lur sailak errentan hartuta edo eta jauntxoen kortijoan bizi ziren. Bizimodu horrek nola edo hala aurrera egiteko ematen zuen, ez gehiago.
Errepublika garaian, esate baterako, nire herriko bost nekazarik jauntxo baten lur sailak eskuratu eta euren artean banatu zituzten, ereiteko. Gerra heldu zenean, bostak harrapatu eta fusilatu egin zituzten frankistek. Gure herrian 200 fusilatu zituzten! Ikaragarria izan zen 7.000 biztanle zituen herrian gertatu zen zapalketa gutxiena zutenekiko.

Noiz heldu zinen Andoainera?
A.R.:
1971ko ekainaren 13an. Horretarako, 28 urterekin, familiaren nekazaritza ustiaketa utzi eta zementu-lantegi batean hasi nintzen Badajozen bertan. Lantegi hartan denetarik egin nuen, eta 1971n familia osoa Gipuzkoara abiatu ginen: Exaltacion Lavado emaztea (Andrea izenarekin ezagunagoa) eta Maria eta Jose Antonio seme-alabak. Ezaguna nuen Modesto Iparragirrerekin hasi nintzen eraikuntzan lanean. Horretan, bihotzak ezustekoren bat eman zidan, eta ebakuntza egin ondoren, taupada-markagailua jarri zidaten. Puska batean gidari bezala jardun nuen beste lantegi batean, baina azkenean, elbarritasun iraunkorra eman zidaten.
 
Zer dela eta heldu zenion kioskoari?
A.R.:
Hain zuzen ere, elbarritasunak oso pentsio kaskarra utzi zidan. 49 urte nituen eta familia mantendu beharra… Lagun batek, behin, kale saltzailea izateko aukera aipatu zidan. Niri lotsa ematen zidan horrela ibiltzeak, baina bultzaka-bultzaka, udaletxean lizentzia-eskaera aurkeztera animatu ninduen. Orduan Gallo zen alkate, eta baiezkoa eman zidaten. Udaletxearen atzealdean, hartxintxarrez jositako lur zati batean jarri nuen kiosko koskor bat, Frigo enpresak eman zidana.

Zenbat urtetan jardun zenuen kioskoan?
A.R.:
Hamaika urtetan, 1972tik 1982ra bitarte. Irigoras alkate zen garaian udaletxea eta Goikoplaza guztia berritu egin zuten. Kioskoarentzat tokirik ez zegoela jakinarazi zidaten; horrela amaitu zen kioskoaren istorio txikia.
 
Emazteak ere zurekin lan egiten zuen maiz…
A.R.:
Ni ordezkatzera edo laguntzera etortzen zen; semeak ere tarteka laguntzen zidan. Kioskoa egunero irekitzen nuen, goizeko 08:30etatik gaueko 21:00ak arte. Eguerdian bakarrik ixten zen. Emazteak txanda hartzen zidanean, ni etxera bazkaltzera joaten nintzen edo Trentxikira paseatzera.

Zure kioskoa herri osoaren erreferentzia izan zen…
A.R.:
Haur eta helduak, denak etortzen ziren zerbait erostera kioskora. Itogarriena igande eguerdietan izaten zen, jendea mezetatik irteten zenean. Gainezka jartzen zen, eta orduan emaztea eta biok ezinean ibiltzen ginen.

Zu nekazari giroko semea izanik, zer moduz moldatzen zinen saltzaile bezala?
A.R.:
Nahiko ondo. Nire hornitzaileak salgaiak salneurriekin batera ekartzen zizkidan, eta nik ehuneko 5 edo 6 igotzen nien irabaziren bat edukitzeko. Baliteke hanka sartzea noizean behin, baina txukun moldatzen nintzen kontuekin.
 
Eta haur eta gaztetxo bezeroekin, zer moduz?
A.R.:
Asko estimatzen nituen, eta beraiek ere nigandik antzeko sentimendua edukiko zutela iruditzen zait. Batzuetan, hiru bat laguntxo etortzen zirenean, esate baterako, eta sumatzen banuen horietako batek poltsikoa hutsik zeukala, txikleren bat edo beste edozer gauza ematen nion gixajoari. Pozik alde egin zuela ikusita, ni ere pozik! Nahiz eta kioskoa niretzat bizibidea izan, haientzat gozamen iturri zela ohartzen nintzen.

Orain zurekin topo eginez gero, jendea gogoratzen al da Frigo-ko Antonio zarenik?
A.R.:
Ni kalean ikusi, eta ez dakizu zenbat jende geratzen zaidan begira, irribarretxoa eginez!  

Kalean baino, baratzean ordu gehiago igarotzen omen duzu, hala ere…
A.R.:
Bi baratze txiki zaintzen ditut: bata Trentxikiko bazter batean, Urnietako bidean dagoena; Extremadura kaleko atzealde horretan, etxetik gertu daukat bestea. Osasunak ez dit barkatzen, eta urrutien dudana nahiko utzita daukat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!