Mikel Pagola Urnietako alkateak jaietan murgiltzeko gonbitea luzatu zien urnietarrei. Egitaraua osatzen laguntzen aritu diren herriko talde eta eragileak gogoan izan zituen, lehenik eta behin. Baita jaietan laguntza ematen duten enpresa eta erakundeak ere.
Alkateak adierazi bezala, ekitaldi gehienak San Juan plazan eta Jakutegi plazan, Pintore kalean, Urrakan edota Idiazabal kalean ospatuko dira. Jai eremuan bizi diren bizilagunak gogoan izan zituen, "trafiko mozketa eta errepideen itxiera, kaleko soinua eta gaueko zalaparta..., alderik ilunena haiek pairatuko dute. Baina, jaiek bost egunez iraungo dute bakarrik. Ezin dugu saihestu, jaiak egin behar dira eta bizilagunei pazientzia eskatuko nieke. Eta eskerrak eman ere bai".
Urnietarrei parte hartzeko gonbitea luzatu zien, "asteburu honetan ekitaldi ugari izango da eta jaietako bost egunetan topera disfruta ezazue: Parte hartu, jaietan murgildu. Egunez eta gauez. Ongi pasa, arazoak ahaztu eta saiatu aurtengo pertsonai nagusi izango den Mielari ongietorria ematen".
David Rosco Udal zinegotziak ere Miela gogoan izan zuen, "urnietarra, euskalduna, alaia eta dantzaria da Miela. Alaitasuna eta umore ona ekarriko du. Poxta Zahar taldeak iaz sortu zuen Miela pertsonaia, eta aurten herriko elkarte guztien kide izatea nahi dute". Beraz, nonahi ikusiko dugu Urnietako jaien zaindari berria. Iritsieraren xehetasunak eskaini zituen, “irailaren 28an arratsaldeko 19:00etan Mielari ongi etorria emango diogu San Juan plazan. Elizako kanpai dorretik jaitsiko da, udaletxeko balkoraino, Urnietako ospakizunetan murgildu eta jaiez gozatzeko”.
Joxeba Lizeaga Iñistorrako kideak ere gogoan izan zituen Miela eta Poxta Zahar gazte taldea, “oso gustura parte hartu dugu Mielaren inguruko batzordean. Poxta Zaharrekin elkarlanean aritzean, gu geu ere gaztetu egin gara”.
Anabas eta Txanbolin taldeetako Juxto Egañak, bestalde, ostiral honetan Xabier Leteren omenezko kontzertuaren inguruan parte hartzeko deia egin zuen: "Gurea omenaldi herrikoia izango da. Ez da ikuskizun soila izango, eta gure ohiko asmoari jarraituz, urnietarrek kantatuz parte hartzea nahiko genuke. Pantaila bidez, ikusleak kantuen hitzak abesteko aukera izango du".