Ernioren inguruko oroitzapenak

Azken boladan gerturatu ez bada ere, urtero eta maiz joan izan da Antselmo Larrarte Ernio mendira. Promesa ere egina du eta itzuliko da, seguru. Mendi kuttunaren inguruan gordetzen dituen hainbat oroitzapen azaldu du gaurkoan.

Lehenik eta behin, inguruko jendearentzat ez ezik, urrutiagokoentzat ere Ernio mendi berezia dela adierazi du; iraganean bezala baita egun ere. “Nire aurrekoei entzun izan nienez, antzina, Donostia aldeko jendea bezperatik etortzen zen: gaua Iturriotzen-edo pasa eta goizean goiz abiatzen ziren tontorrera. Eguerdirako menditik behera jaitsi eta arratsean Asteasun egiten zuten festa. Nire denbora baino lehenagoko ohitura zen hori, nik Zelatun eta Iturriozko erromeriak soilik ezagutu nituen”. Inguruko gainerako herrietatik bezala, Larrauldik ere herritar asko joaten zen iraileko igandeetan; hasieran, herritik bertatik zuzenean igotzen ziren gehienetan, geroago Andezarratetik ere hasi omen ziren. Antselmok adierazi duenez, larrauldarrek ez zuten alkizarrek bezala trikitilaririk: “ingurutik, Alkizatik joaten zen talderik handiena; soinu eta guzti joan ere. Urte askoan Krispin Sorarrain izan zuten trikitilari. Ziotenez, behin baino gehiagotan Alkizan soinua jotzen hasi eta ez zen geratu Ernioko puntara ailegatu arte”.

Oso antzinako ohitura
Ernioko erromeriaren ohitura noiztik ote datorren galdetuta, oso antzinara jo du Antselmok, “oso aspalditik hasita, urte luzetan mantendu da tradizio hori bizirik. Ernioko gurutzea 1947 urtean eraiki bazuten, iraileko igandeetan Ernion eta inguruan festa egiteko ohitura askoz ere lehenago hasi zen. Aitona zenari entzun izan nionez, 1900 urtea baino lehenago”. Erniokoarekin batera, beste ohitura baten berri ere eman du larrauldarrak, “abuztuaren 28an, San Juan txiki egunean Iturriotzera joateko ohitura ere oso zaharra da. Urteak atzera, jende asko biltzen zen egun horretan Iturriotzen. Aitonak, bera Iturrioztik Larraulera zihoala, bere aurretik 30 bikote zenbatu izana esaten zuen”.

Salda, posible bazen
Iraileko igandeetan, ahal bazuen, igandero egiten zuen Antselmok Erniotik barrena buelta. “Ez nuen mezarik entzuten: mezak nire garaia baino lehenago eta geroago izan baitziren. Baina badaezpada erreumaren kontrako arkuak pasatzen nituen. Gero, posible bazen, salda hartzen nuen kalbarioen ondoko borda zaharrean. Aiako bi lagun aritzen ziren borda hartan salda prestatzen. Oilo batekin egiten zuten salda guztia, hura bueltaka eta bueltaka egosita. Zenbat salda egiten ote zuten han! Goian limosna botatzeko kaxa bat egoten zen eta diru bilketa eta gero, Errezilgo artzain batek edukitzen zuen kaxa bere etxean gordeta. Behin Errezilgo bikarioak hura edukitzeak endredo handia ematen ote zion galdetu eta Amabirjina txikia eman zion, egunero hiru andremaria errezatzeko eskatuz. Zer edo zer esan nahiko zion…”.

Bertsolariak eta trikitilariak
Festa egunetan bertsolariek pisu handia izaten zuten Zelatungo magalean. Antselmok gogoan duenez, Errezilgo Antonio Mari Loidisaletxe aritzen zen gehienetan: “bertso saioren bat Zelatunen egin gabeko urterik ez zuen izango hark”, azaldu du. Trikitilariek ere ez zuten hutsik egiten hitzordura, “bi edo hiru trikitilari pareja izaten zen Zelatunen. Gure denboran, dantza egin ahal izateko, mutilek pagatu egin behar izaten genuen. Soinu-jole eta pandero-jolearekin batera kobratzailea izaten zuten. Talde bakarrean beharrean hiru ezberdinetan dantzatu nahi izanez gero, hirurak ordaindu behar izaten genituen. Baina hala ere jende asko ibiltzen zen dantzan”. Zelatungo borden gaineko teilatuetan ere ezagutu zituen Antselmok trikitilariak: “Primi Erostarbe ‘Zialzeta’ pandero-jole eta kantaria helduta igotzen zuten txabolaren gainera: emakume heldua zen ordurako eta!”, argitu du.

Datorren igandean
Igande bakarra geratzen bada ere, oraindik bada aurten Ernioko festa gertutik bizitzeko aukera: datorren igandean, irailaren 25ean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!