31 lokomotorea: Trentxikiko azken ondasun bizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 10:05

31 lokomotorea da Plazaolako trenbidetik bizirik geratzen den ondasun bakarra. 2011ko maiatzaz geroztik, ikusgai dago Ponferradako trenaren museoan.
98 urteko historiak garai hartako garraiobidearen ikur bihurtu du.

Trentxikiaren jatorriari begiratuta,1902an zabaldu zen bere lehen trenbide zatia, Andoain-Plazaolako ibilbidea (22 km.) eginez. Plazaolako meategietatik ateratzen zen burdin minerala garraiatzen zen, bidean ziren burdinoletarako (Plazaola, Olloki, Olazar…). 1914an, berriz, Donostia-Iruñea ibilbidea inauguratu zen ofizialki, bi ibilbide gehitu ostean: Plazaola-Iruñea (56 km.) eta Andoain-Lasarte (8 km.). Merkantziak ez ezik bidaiariak ere garraiatu zituen harrezkero.
Urtebete lehenago, 1913an, trenbidearen ustiaketa zeraman Sociedad Anonima Guipuzcoana enpresak 31 lokomotorea ekarri zuen Alemaniatik. Lokomotore honek berehala egin zuen lehen bidaia Donostia-Iruñea ibilbidean. Garai hartan PSS6 bezala ezagutu zen.
1943an, berriz, Leongo enpresa batek erosi egin zuen, Ponferrada-Villablino (61 km.) ibilbidea egiteko; PV 31 izena jarri zioten orduan. 1983a arte bidaiariak garraiatu zituen, eta 1983-1989 epean, azkenik, merkantzietarako erabili zen. Geroztik, Cubillos del Sil herrixkako trenbide baliagabetu batean abandonatuta egon zen urtetan. Orain urte gutxi, ordea, Gaztela eta Leongo juntak zaharberritzea erabaki zuen, eta 2011ko maiatzaz geroztik Ponferradako trenaren museoan dago ikusgai.

Langile, Plazaolako azken urteetan
Plazaolako trenbidea 1958an itxi zen erabat. Egun, bertan langile izan ziren oso pertsona gutxi geratzen dira bizirik; Andoainen, Juan Migel Sancho eta Manolo Rubio baino ez.
Rubio 1933an jaio zen eta 14 urte betetzerako lanean ari zen jada: “La Sallen zerbait ikasi eta pintxe bezala hasi nintzen Plazaolak Andoaingo estazio zaharraren ondoan zeukan kotxeratan. Trenbidetan ibiltzen ziren makinen mantenua egiten zen bertan, eta 1958an itxi zen arte gurpilak torneatzea izan zen nire zeregina”.
Rubiok Plazaolako trenbidearen azken bizi aroa bertatik bertara ezagutu zuen, beraz. “Hamar bat langilek osatzen genuen estazioko tailerra: Segundo Olabarrieta (ni zaindu ninduena haurtzaroan), Migel Barriola, Juan Migel Sancho, Akutain, Sagastibeltza… Trenbidearen mantenua egiteko, berriz, boskoteak antolatzen ziren, bakoitzak hamar bat kilometroren ardura zuelarik”. Makinei dagokionez, honela osatzen zen parkea: “bi makina txiki, hiru automotore dieselak eta lau lokomotore (31 izenez ezagutzen zenaren antzeko lau). Ikatzarekin funtzionatzen zuten denek ere”.
Plazaolako trenbideak garai onak bizitu zituen jaio eta aurreneko urteetan, merkantzia eta bidaiariak erruz garraiatu zituelarik. 40 eta 50eko hamarkadek, ordea, bere gainbehera ekarri zuten. Jabeek, besteak beste, makinak saltzeari ekin zioten bolada hartan, PSS6 edo 31 zenbakiko lokomotorea tartean.
Plazaolak garai ilun haiek bizi izan zituen Manolo Rubiok, zenbait arrazoi aipatu ditu. “Enpresak ez zuen inbertitzen trenbidean, eta zaharkitua geratu zen denboraren poderioz; esate baterako, altzairuzko primerako materiala ekartzen zuten gure tailerrera, Trentxikiarentzat zela aginduz. Guk prestatzen genuen material hori, baina gero, enpresarena zen Donostialdeko topora eramaten zuten”.
Plazaolako trenaren errentagarritasun ekonomikoa etengabe jarri zen zalantzan. “Denborarekin jendeak nahiago izan zuen errepidez joan Nafarroara edo Iruñera. Azkarragoa eta garbiagoa zen autobusa. Lokomotore alemaniarrak oso indartsuak ziren, baina 60 tona pisatzen zuten ura eta ikatza zamatuz gero, hiru bat ordu behar zituzten Iruñera iristeko. Gainera, ezbehar ugari izaten zituen bidean zehar: ibilbideak bihurgune eta aldapa asko zeuzkanez irrist egiten zuen karriletan maiz; area bota behar izaten zen halakoetan. Horregatik, eta beste hainbat arrazoirengatik, aski normala zen makinek deskarrilatzea”.

Tren “zikina”
Trentxiki garbia ez zela esateak, bere azalpena eskatzen du: “bagoietako leihoak latoizkoak ziren hasieran, baina jendeak hautsi edo lapurtu egiten zituen (Gerra Zibilak eragin zuen miseria sasoian, batez ere). Orduan, enpresak, materiala berritzen inbertitu beharrean egurrezkoak jarri zituen. Noski, bagoietako leihoak puztu egiten ziren, eta ezin itxirik edo ezin irekirik geratzen ziren”.
Detaile horrek eragin zuzena zuen bidaiariengan: “Lokomotoren tximiniatik irteten zen baporeak zedarra jaurtitzen zuen, eta tuneletan batez ere, leihoetatik barrena sartzen zen. Pentsatu zer nolako grazia egingo zien, esaterako, Sanferminetara zuri-zuri jantzita joaten zirenei!”.  
Azken urteetan, bidaiarik ez zuen eraman trenak: “Baso eta pinudietako egurra edo eta barriolatarren egur-ikatzez betetako zakuak garraiatzeko bestetarako ez zen erabili Plazaolako trena. 1953ko uholdeek hondamenak azpiegiturak (tunelak, zubiak, karrilak) hondatu zituen, eta handik bost urtera eten zen Trentxikiaren bizia betirako”.

Herriratzeko nahian
Leongo herrixka batean baztertuta zegoen 31 lokomotorea lokalizatu ostean, hura zaharberritu eta Euskal Herrira ekarri behar zela aldarrikatu zuen Andoaingo herri talde batek 90eko hamarkadan. Xabier Arruti Txankak orduko gora beherak gogoratu ditu.
31 lokomotorea Ponferradako museoko pieza kuttuna da egun. Harekin hamarkadetan bidaiatu zuten Biertzoko biztanleek bereziki maite dute. Baporezko lokomotoreak estimatzen dituztenek ere, monumentu historikotzat jotzen dute; bertakoek adierazten dutenez, martxan zen garaitan Europa osotik makina bat tren zale hura ikustera bertaratzen omen zen. Nafarroa eta Gipuzkoan ere, esan beharrik ez dago jenderik helduena zenbat gogoratzen den lokomotore horrekin eta Trentxikiko gainerako makinekin.
Oroitzapen horren transmisioa jaso zutenekoa da Txanka Arruti. “Beti interesatu izan zait gizakiek Leitzaranen burutu duten historia, eta behin Andoaingo Paperak-eko ale batean irakurri nuen nola 31 lokomotorea Ponferradara eraman zuten 1943an, eta are gehiago, han martxan zeukatela. Arreta berezia jarri nion data hari, Plazaolako azken aztarna oraindik bizirik izan zitekeela pentsatuta”.
Horretan, Egin egunkariko Xofor Oria kronikariak hara nolako desafioa luzatu zion: “alegia, Biertzora joan eta lokomotorearen gainean ikertzen hasiz gero, erreportajea egingo zidala. 90eko hamarkadako lehen urtetan izan zen hura. Hara joan, eta Cubillos del Sil herrixkan topatu nuen lokomotorea; bazterreratuta zegoen ordurako, zeharo hondatuta, hainbat pieza lapurtuta...”.
Aurkitzeagatik poza, baina  pena ere sentitu zuen Arrutik. Agudo, ordea, informazioa biltzeari ekin zion: “Estazioko buruarekin hitz egin nuen, eta makina bat kontu esan zizkidan: lokomotoreari han zer nolako erabilera eman zioten 55 bat urtetan, bertako biztanleek zenbat estimatzen zuten martxan ibili zenean… Hainbat agiri ere bildu nituen”.

31 Euskal Herrira
Arruti Andoainera itzuli, eta deialdia luzatu zuen prentsaren bidez, jendea bi aldarrikapenen inguruan bil zedin: “Plazaolako azken aztarna bizia zena berreskuratzea eta Euskal Herrira ekartzea”.
‘Trentxikiko 31 taldea’ sortu zen agudo, ‘31 Euskal Herrira’ lemapean, deialdiari jarraiki. Hainbat ekimen burutu zituen talde horrek: “4.000 firma bildu ziren soilik Andoainen; Plazaolako trena ezagutu zuten 31 herrietako alkateen batzarra antolatu zen; argazki erakusketak eta Leitzaranen zehar ibilaldiak antolatu ziren; milaka postal instituzioetara bidali ziren gure aldarrikapenak idatzita…”.
Herritarrek begi onez ikusi zuten taldeak gai horri heldu izana, “aiton-amonek bereziki; izan ere, lokomotorea ezagutu baitzuten, eta oraindik gogoan baitzeuzkaten bere ziztukada indartsuak, ke ahokadak, kanpai hotsak… Jendeak denetarik eskaini zigun: agiriak, argazkiak, kontakizunak…”.
Biertzoko bailaran, ordea, denek ez zuten ondo ikusi hemen sortu zen mugimendu hori: “hango prentsa titular oso deigarriekin agertu zen, esan nahian bezala euskaldunok lokomotorea lapurtzeko asmoa geneukala. Hara joan eta kazetari batekin hitz egin ahal izan nuen, gure benetako asmoak zein ziren agertzeko”.
Taldeak instituzioekin ere makina bat gestio lotu zituen: “Eusko Jaurlaritzarekin eta Gaztela eta Leongo juntako ordezkariekin harremanetan jarri ginen. Valladolidera eta Leonera zenbait bidaia egin genuen eta horietako batean, besteak beste, idatzizko konpromiso bat lortu zen, non esaten zen 31 lokomotorea hona ekarri ahal izango zela bolada baterako, museoen arteko trukaketa baten bidez”.  
Konpromiso horretaz gain, Gaztela-Leongo agintariek besterik ere agindu zieten euskaldunei: “esan zigutenez ferrokarrilaren museoa irekitzeko asmoa zeukaten etorkizunean, eta 31 lokomotorea bertan jarri nahi zuten, zaharberritu eta gero”.
Zenbait urtetan gaia pil-pilean mantendu eta gero, “Trentxikiko 31 taldea” desegin egin zen. Urteen joanak ematen duen perspektibarekin, zera dio Arrutik: “Orduz geroztik arantzatxoa gorputzean sartuta daramagula esango nuke. Izan ere, Euskal Herrira ekarri nahi genuen, baina hori ez genuen lortu. Hori esan ostean, jakina, egundoko satisfazioa eragiten digu ikusteak 31 lokomotorea zaharberritu dela eta museo batean ikusgai jarrita dagoela. Iruditzen zait iraganeko gure eginahalak ere lagundu zuela hango agintariak mugi zitezen”.  Azkenik, aipatu beharko da etorkizunen beste eraginik izan zuela talde haren sorrerak eta egiteak. “Leitzaranen aurkitzen den ondare historikoa berreskuratzearen aldeko sentsibilizazioa piztu zuen taldeak, eta alde horretatik, egungo Burdina taldearen hazia izan zela esan daiteke”, Arrutiren esanetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!