Karobia eta garbitokia argitan jartzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 10:00

Karobi eta garbitoki bana txukuntzen eta argitan jartzen ari dira egonotan Amasa-Villabonan. Ondare historikoa berreskuratzea helburu duen Burdina taldea ari da eginkizun horretan, Villabonako Udalak eskatuta.

Iaz ere zenbait berreskurapen lan burutu zituen talde horrek Amasa-Villabonan; hala nola, beste bi karobi Haranerrekako bailaran (Floreaga eta Musturi Azpiko parajeetan), edota Oria ibaiaren bazterrak garbitu zituzten.
Legarretako bidean, trenbidearen parean daude egunotan berreskuratu nahi diren karobia eta garbitokia. Karobiarekin hasi dira lehenengo; Akulebi nekazalturismoaren ondoan dago, bide bazterrean. Burdinako Txanka Arrutik adierazi duenez, “pena da, baina karobiari aurreko zatia falta zaio; harriak banan-banan kenduta dauzka. Zutik mantentzen den gainerako horma zatia, berriz, nahiko egoera onean aurkitu dugu. Gure lana hemendik aurrera, inguru guztia garbitu eta zutik dagoen egitura sendotzea izango da”.

Adreiluak eta balantzaren harria
Bitxikeria gisa, barrutik atera duten lur pilaren artean aurkitu dituzten objektuak aipa daitezke. Batetik, “Saizar Blener. Villabona” marka duten zenbait adreilu topatu dituzte; XX. mendearen hasierakoak. Eta bestetik, ekoizten zen karea balantza batean pisatzerakoan erreferentzi bezala erabili ohi zen harria, 25 kilokoa.
Karobiko lanak amaituta, handik gertu, Legargoiena-Berri baserriaren ondoan dagoen garbitokiaren txanda helduko da. Txukunketa lanari ekingo zaio batez ere. Inguruko baserrietako etxekoandreek garai batean erabiltzen zuten garbitokia da hori: garbigailu elektrikoak heldu ziren arte, hain zuzen ere.
Rosa Arregi ingurugiro zinegotzia karobiaren garbiketa lanetan izan da eta azaldu duenez, “eskertzekoa da Burdina taldearen dinamika. Udalak interes handia dauka herriko ondare historikoak berreskura daitezen eta asmo horri eutsiko dio aurrerantzean ere, Burdinaren laguntzarekin”. Arregi pozik azaldu da egunotan karobia eta garbitokia txukuntzen ari direlako: “Gure aurrekoen bizimodua, ohiturak nahiz ofizioak erakusten dizkigute eraikuntza horiek eta guztiok ahalegindu beharko genuke txukun mantentzen. Denon bistan jarrita, behar bezala estimatu eta baloratzeko”. Alde horretatik, Arregik, etorkizunean, eraikuntza horiei buruzko informazio panelak jartzeko asmoa agertu du.

Migel Torregarai, iraganari begira
Legarreta auzoko Legarbarrena baserrian bizi da Migel Torregarai. Atzera begiratuta, hainbat oroitzapen azaldu du auzoko karobi nahiz garbitokien inguruan. Esaterako, Burdina taldea garbitzen ari den karobia betidanik ezagutu du Migelek eta oso antzinakoa dela argitu du: “nik ez nuen karobi hura sekula martxan ikusi, nire aitak ere ez. Lehenagokoa zen hura”. Migelek karobi horren izenik ez dakien arren, etxekoek bazuten deitzeko modu bat: “karobiaren azpialdean Soro Haundiya esaten diogun soroa dugu eta Soro Haundiyan ondoko karobia moduan ezagutzen genuen guk”.
Karobi horrez geroztik, auzoan beste karobi ugari izan dela aipatu du; inguruko baserri gehienek bazutela berea. Migelen etxean ere bada oraindik ederki mantentzen dutena. “Gure osaba Esteban Torregarai hargina zen eta orain 68 urte eraiki zuen etxeko karobia. Bospasei urtez egin genuen karea bertan. Osabak Saizar Blenner-en adreilu mazizoekin altxatu zuen karobia. Adreiluak mazizoa behar zuen izan; zuloduna bazen, ez baitzuen karobian sortzen zen beroa agoantatuko”. Bost metro eta erdiko altuera du Legarbarrenako karobiak: azpian estua, erdian zabala eta goian berriz estua. “Goiko zulotik botatzen genituen guk karea lortzeko egurra eta harriak. Beheko zulotik errebisatzen genuen sua goizean goiz eta iluntzean. Behin karea jasotakoan karobiaren ondoan pilatu eta baserriko lanetarako erabiltzen genuen”. Orain urte batzuk, teilatua eman zioten karobia gordetzen den txabolari eta aurrera begira ere ederki mantenduko dute antzinako altxorra.

Garbitokiak ere ugari
Garbigailurik ez zen garaian auzoan garbitoki bat baino gehiago zela aipatu du Migelek, “Burdinako kideek garbituko duten garbitokira inguruko bost baserrietatik joaten ziren garbiketara: Zezinanea, Sansonena, Erregetxo, eta Juan-apaizaneako bi bizitzetako emakumeak. Gure baserriaren ondoan ere bazen beste garbitoki bat eta han biltzen ziren inguruko hiru baserrietako emakumeak. Hiru harri zituen: bat makurra, bestea erosoa –zutik aritzekoa– (denek nahi izaten zutena) eta hirugarrena, oinetakoak erantzi eta barrura sartu beharrekoa. Elkar errespetatuz aritzen ziren emakumeak lanean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!