Emakumea pilotari, hementxe aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 09:58

Ainhoa Garmendia alegiarra Emakume pilotari ekimeneko teknikaria da Tolosaldean. Beterri-Aiztondo bailaran Amasa-Villabona eta Zizurkilgo taldeak bideratzen ditu. 18 urtetik gorako emakumeei ekimenean parte hartzeko deia luzatu die.

Zein beharri erantzunez jarri zen abian Emakumea pilotari ekimena?
2004 urtean Gipuzkoako Federazio elkarteak jarri zuen martxan Emakumeak pilotari ekimena. Helburu nagusia, emakumeen artean paleta eta pilota sustatzea da. Ekimena abian jarri zenean, nahiko baxu zegoen pilotarekiko zaletasuna emakumeen artean eta afizio hori indartzeko aukera ikusita eman zen pausoa. Momentuz behintzat ondo atera da. 10etik 75 urte pasatxoko emakumeek hartzen dute parte. Norberaren erritmoaren arabera moldatzen dira saioak.

Herri ugaritan dituzue taldeak. Zein saio mota eskaintzen duzue?
Gure proiektuak hiru alor hartzen ditu: Eskola kirola (16 urte artekoa), federatuak (16 urtetik aurrera) eta aisialdiko pilota edo pilota saioak (18 urtetik aurrera). Herri bakoitzaren erantzunaren arabera alor ezberdinak lantzen ditugu. Gipuzkoa mailan talde ugari dugu: Zizurkilen, Hernanin, Donostian, Tolosan, Ibarran, Zarautzen, Getarian, Azpeitian, Azkoitian, Oiartzunen… Iaz Amasa-Villabonan jarri genuen martxan lehen aldiz taldea eta aurten, besteak beste, talde hori indartu nahian gabiltza.

Zein erantzun izan zuen iaz taldeak Amasa-Villabonan?
Sei laguneko taldea osatzea lortu eta aurrera egin genuen. Ikasturtea bukatzerako kide gutxiago ginen eta aurten taldea indartzea lortu nahi dugu. Aukera ezberdinak eskaini ditugu horretarako: esaterako, Amasa edo Villabonako pilotalekuetan jolasteko aukera edota ordutegi zabalagoa.
Amasa-Villabonako jende askok, oraindik paletan jolasteko aukera dagoenik ez dakien irudimena dut eta haiek guztiengana iritsi nahi dugu. Pilotak tradizio handia izan du beti Villabonan eta presentzia hori emakumeengana gerturatu nahiko genuke. Emakume askori entzun izan diet umetan edo gaztetan jolasten zutela pilotan, bada, jakin beharko lukete orain ere badutela aukera eta beste edozein kirol egiten duten bezala, palan jolastera animatuko nituzke. Probatu nahi duenak behintzat libre du.
Amasa-Villabonan, momentuz 18 urtetik gorako emakumeei egiten diegu pilota saioetan parte hartzeko deia. Taldea sortu eta indartzen joango balitz, beste eskaintza batzuk egiteko moduan izango ginateke.

Zizurkilen bertan, indartsu duzue taldea…
Aurten hirugarren ikasturtea izango da Zizurkilen. Hasieratik bertako zortzi bat emakumek eman zuen izena eta Asteasu nahiz inguruko herri gehiagotatik ere gerturatzen da jendea. Urtero antolatzen den txapelketa herrikoian ere parte hartzen dute zizurkildarrek. Aurten Ziotza pilota elkarteak hala eskatuta, NPE (Neska Pilotarien Eskola) abian jarriko da Zizurkilen. Izan ere, orain arte eskuz jolasten aritu badira ere, neskek adin jakin bat arte soilik joka dezakegu eskuz; gero ez dugu horretan zereginik eta hobe palarekin hastea. Zizurkilgo taldea Villabonakoa baino aurreratuago dago eta Villabonan ere taldea sortu eta egonkortzea litzateke gure nahia.

AFIZIOA OFIZIO
Azaldu duenez, oso gustura ari da Ainhoa pilota teknikari lanetan: “dagoen lanik onena da niretzat. Beti izan naiz kirolzalea, nahiz eta palarekin duela lau urte hasi. Lehenago eskuz edo raketarekin aritzen nintzen gehiago. Afizioa ofizio bilakatu zait ia, oso pozik nago”.

AUKERA UGARI
Ondo pasa nahi duen 18 urtetik gorako emakume orori egiten die Ainhoak pilota saioetan izena emateko deia. Irailaren 26ra arte egongo da zabalik aukera eta urriaren lehen astean hasiko dira saioak. “Inork herriko saioetara joateko ordutegi arazorik balu, ondoko herrietako saioetara joateko aukera izango luke”, nabarmendu du Ainhoak.
Jolastoki eta ordutegi aukerak: Ostegunetan Amasako pilotalekuan 17:00-18:00 edo 17:00-18:30. Ostegunetan Villabonako Behartzana pilotalekuan 19:30-20:30 edo 19:30-21:00. Informazio gehiago eta izen-ematea: Olaederra kiroldegia edota 655719492 (Ainhoa Garmendia).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!