Azala zaintzearen garrantziaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 09:54

Karmen Larrarte estetizistak udaren ondoren azala nola zaindu nahiz makillatzeko teknika ezberdinak irakatsiko ditu Atxulondon eskainiko duen ikastaroan.

‘Azalaren zaintza uda ondoren’ ikastaroa eskainiko duzu urritik aurrera Zizurkilen. Zer ikasi ahal izango da bertan?
Uda eta gero azala nola zaindu behar den azalduko dut batetik. Bestalde, adinaren eta beste hainbat eraginen arabera azala nola aldatzen joaten den ere erakutsiko dut. Ikastaroko kide bakoitzari pertsonalki egin ohi diot bere azalaren azterketa. Era berean, makillajea ere lantzen dut saioetan zehar. Ikasleen aurpegiaren, bizimoduaren nahiz ohituren arabera dagokien makillajea zehazten saiatzen naiz, momentu bakoitzean nola erabili behar den argituz. Koloremetria pixka bat ere bai: oso garrantzitsua da bakoitzaren gorputzaren armoniarekin bat eginez, janzten eta prestatzen jakitea.

Nori egiten diozu ikastarora gerturatzeko deia?
Ez dago parte hartzeko adin mugarik. Lehen ere, 20 urtetik 80 urte bitarteko emakumeak izan ditut talde berean. Niri berdin zait: bakoitzari dagokion zaintza gomendatzen baitiot. 7 pertsonatik 12ra arteko taldeak izaten dira. Aurrez, zazpi urtean eman dut gai horrekin lotutako ikastaroa Zizurkilen. Nire buruari asko exijitzen diot eta dudan guztia ematen dut saioetan. Orain arte behintzat, ikastarora etorritakoak gustura geratu izan dira. Barre ere egiten dugu saioetan, ederki pasatzen dugu.

Esperientzia handia duzu modu honetako saioetan. Zure estetika zentroan lan egitetik nolatan eman zenuen ikastaroetarako pauso hori?
Azalaren zaintzaren eta makillajearen inguruan ikastaroak euskaraz emateko norbaiten bila zebiltzala, nirekin topo egin zuten. Duela hamar bat urte eman nuen lehen saioa Asteasun. Geroztik herri askotan aritu naiz. Oraintxe bertan Kutxaren bost kurtso ditut esku artean: Zaldibian, Errenterian, Azkoitian eta Donostian bi.

Jendeak, oro har, gero eta garrantzia gehiago ematen al dio azalaren zainketari?
Inondik ere ez. Ikastaroetan zainketa horren garrantzia erakutsi nahi izaten dut, jendea hezten saiatzen naiz eta informazio asko ematen diet. Oraindik, kanpo itxurari azalaren zainketari baino garrantzia handiagoa ematen zaiola uste dut nik. Gaztetan antzematen ez bada ere, adinean aurrera joan ahala kanporatu egiten dira aurrez izandako ohitura txarren ondorioak. Denboraz neurriak hartzea komeni da, beraz.

Eguzkiaren aurrean ere ez al dago kontzientzia nahikorik?
Orain 20 urterekin alderatuta, gero eta gehiago. Pixkanaka, eguzkiaren aurrean zaintzeko kontzientzia hartzen ari da jendea. Hala ere, jakin beharko litzateke bakoitzaren azalaren arabera zein krema mota ematea komeni den, guztientzat ez baitu krema berak balio.

Zein gomendio orokor emango zenuke azalaren zaintza onari begira?
Lehenengo eginbeharra, ezinbestekoa, higienea da. Kariesen aurka goizero hortzak garbitzen diren bezala, azala zaintzeko, goizero aurpegia ondo garbitzeko diziplina hartzea ere beharrezkoa da. Bestalde, azala prestatu egin behar izaten da zainketarako produkturen bat eman aurretik. Izan ere, azal zaharrak edukiz gero, produktuek ez baitute bere eginbeharra ondo betetzen. Kasu horietan, aurrez azala garbitzea beharrezkoa da. Produktu garestiak erabiltzeak ez du ezertarako balio aurreko lana egin gabe baldin badago.
Jakina da aurpegia ondo ez zaintzearen ondorioz, orbanak azaltzen direla tarteka. Mendian edota itsaso ondoan bizi diren pertsonek gorritasun gehiago izaten dute. Egoera horiei aurre egiteko, etxetik atera aurretik eguzkitako krema txikitatik emateko ohitura hartzea oso gomendagarria da; aurrera begira etor daitezkeen arazo asko zuzendu baitaitezke horrela.

Larrarte kosmetika zentroan egiten duzu lan Tolosan. Zerbitzu ugari eskaintzen duzu bertan…
Denetarik… Besteak beste, depilazio elektrikoa, arrunta nahiz laser bidezkoa, aurpegiko azalaren tratamendua, gorputzeko tratamenduak… Orain 22 urte hasita, mediku batekin elkarlanean, barizeak edota aurpegiko gorritasunak kentzen ere aritzen naiz.

Azalaren zainketa ikastaroa
  • Noiz: Urriaren 17an hasita, sei astelehenetan. 19:00-21:00.
  • Non: Atxulondo Kultur Etxea.
  • Izen-ematea: Aurrerako Udal bulegoetan (epea amaitzear).
  • Zenbatekoa: 40 euro.
  • Irakaslea: Karmen Larrarte
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!