Asteasuko Azoka irailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 09:49

Egun guztian zehar ikusgai egongo diren postu ezberdinez gain, ganadu eta perretxiko erakusketak eta arroz-esne lehiaketa ere egingo dira, eta arratsalderako inaugurazio berezi bat prestatu nahian dabiltza antolatzaileak.

Udazkenarekin batera iritsiko da urteroko Asteasuko Azoka. XVI. edizioa izango da aurtengoa, irailaren 25ean ospatuko dena, eta egun horretan Asteasura gerturatzen denak izango du zer ikusia.
Azokako postuak egun guztian zehar egongo dira zabalik. “Bi karpa jarriko dira, plazan bata eta pilotalekuan bestea”, azaldu du Jose Ramon Aierzak, Asteasuko Udaleko kultura zinegotziak, “eta denetik ikusi ahal izango da bertan: barazkiak, hestebete eta txerrikiak, artzainen gaztak, herri mailan egur tailan ibiltzen direnek urte osoan egin dituzten lanak, umeek egindako eskumuturreko zein bestelako eskulanak,…”. Produktu horietako batzuk erosteko aukera izaten da; beste batzuk, ostera, ikusgai bakarrik egoten dira. Postuak goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.
Bestetik, goizean zehar ganadu erakusketa ere ikusgai egongo da eta 12:30etan erakustaldi berezia egingo da. Jose Ramonek azaldu duenez, Asteasuko baserri gehienek ekartzen dute ganadua, baina erakustaldi horretan, normalean, lauzpabost baserrik hartu ohi dute parte, horretarako ganadua prestatu egin behar baita eta guztiek ez baitute aukera hori. Ganadu erakusketarekin batera, goizean arroz-esne lehiaketa ere egingo da. “Parte hartzaileek goizeko 10:00etarako aurkeztu behar dituzte arroz-esneak. Epaimahaia 10:30ak inguruan hasiko da dastaketarekin eta 12:00etan egingo da sari banaketa”.

Aurtengo berrikuntza
Xiba taldeak egindako eskaera batek ekar dezake aurtengo azoka eguneko ekitaldi berria. Izan ere, Asteasuko zenbait lagun lasto-altxaketan aritzen da, Gipuzkoako zein Euskal Herriko txapelketetan parte hartuz, eta talde honek pilotalekuan lasto-altxaketa praktikatzeko polea eta gainerako tresneria jartzeko eskaera egin zuen. “Guztia prestatzeko denbora izango bagenu, azoka egunean arratsaldez inauguratu nahiko genuke, baina ez dakigu hilaren 25erako dena amaituta izango dugun. Horretan saiatuko gara behintzat, polita izango bailitzateke azoka eguna aprobetxatuz inaugurazioa egitea”.

Ikusgai izango dena
Joxe Ramon Aierzak azaldu duenez, azokan postua jartzen dutenak herritarrak zein kanpotik etorriak izaten dira. “Irailaren hasiera aldera herri mailako gutun bidalketa egiten da, herritarrei azoka zein egunetan izango den adieraziz eta parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Printzipioz Asteasuko jendeari ematen zaio postuak jartzeko lehentasuna, baina kanpotarren eskaerarik ere izaten da, eta normalean toki arazorik sortzen ez denez, guztiek izaten dute postua jartzeko aukera”.
Azken egunetan parte hartzaile gehiagoren baieztapena espero duten arren, hauxe izango da, gutxi-asko, azokan ikusi ahal izango dena:

  • Artisauen hogei postu: bitxigintza, oihalak, hosto natural metalizatuak, egur taila, zurezko sukaldeko tresnak, oinetakoak, xaboi naturalak, ukenduak, teila margotuak, esku pilotak, larrugintza eta kristala.
  • Jakien hogei postu: gozogintza, hestebeteak, cava, sendabelarrak, gazta, patea, fruitu lehorrak, eztia, ogia eta loreak.

    Herritarren postuak:

 

  • Artisauen hogei postu: bitxigintza, oihalak, hosto natural metalizatuak, egur taila, zurezko sukaldeko tresnak, oinetakoak, xaboi naturalak, ukenduak, teila margotuak, esku pilotak, larrugintza eta kristala.
  • Jakien hogei postu: gozogintza, hestebeteak, cava, sendabelarrak, gazta, patea, fruitu lehorrak, eztia, ogia eta loreak.Herritarren postuak:
  • Artisauen zazpi postu: bitxigintza, egur landua, laboreak, arropak, filtroa,…
  • Jakien hamar postu: sendabelarrak, barazkiak, frutak, hestebeteak eta txerrikiak, ogia eta gozogintza, gazta, gaztainak, hegaztiak,…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!