Nahuel Visok bigarren aldiz hartuko du parte Asteasuko Azokan, oraingoan berak bakarrik. Betiko Baratza enpresa sortu berri du uda hasieran; barazki ekologikoak eta sendabelarrak hazten ditu bertan. “Brokoliak, azaloreak, azelgak, babarrunak, porruak, erremolatxak, espinakak, azenarioak, kalabazak eta kalabazinak ditut aldatuta, baina azokara kalabazak, azelgak, porruak eta letxugaren batzuk eramango ditut, brokoli edo azaloreak bezalako produktuak oraindik hazteke baitaude”, azaldu du Nahuelek.
Hori, barazkiei dagokienez, Asteasuko Azokara doanak bestelakorik ere aurkituko baitu Nahuelen postuan: sendabelarrak, kremak, olioak, bainu-gatzak… Bere ama izan da horiek guztiak egiten irakatsi diona.
Esan bezala, bere baratze propioa jarri eta Betiko Baratza enpresa sortu du Nahuelek, eta oraindik hasi besterik egin ez den arren, ez zaio etorkizunerako asmorik eta gogorik falta. “Baratzea abian jartzen inbertsioa egin nuenez, Villabonako asteroko azokan postu bat jarri nuen, baina ez du oso ondo funtzionatu; oraindik ez bainuen eskaintzeko produktu askorik, eta utzi egin dut. Baratzeak aurrera darrai, ordea, ekoizpena handituz doa eta nire asmoa produktu horiek saltzea da”.
Bezero horiek bilatzeko modu bat Asteasuko Azoka izan liteke, baina Nahuelek badu bestelako asmorik ere. “Bost laguneko kontsumo talde bat eskatu dut aurten. Hitz eginda dago, eta bost lagun horiek biltzen direnean haiei zerbitzua ematen hasiko naiz. Epe batzuk zehaztuko ditugu, eta ahal bada urte hasieran jarri nahi nuke kontsumo taldea abian, denboraldi berria hasten denean, une horretan orain landatutakoa prest egongo baita eta kalitatezko produktuak eskaintzeko moduan egongo bainaiz”.
Proiektu asko
Ahal duen neurrian, baratzeak ematen duenetik bizi nahi luke Nahuel Visok, eta horretarako ezinbesteko ikusten du ikasi, bide berriak ezagutu eta horiek jorratzea. Aurten lorezaintzako erdi mailako ikasketak egiten hasi da Fraisoron, eta lorezain bezala lan egitea ere asko gustatuko litzaiokeela aitortu du. Bestetik, baratzean untxiak eta oiloak jartzeko asmoa ere badu.
Goizetan Fraisorora joaten da ikastera, eta arratsaldeetan Asteasuko Ibargun baserrian egiten du lan; hogei laguneko kontsumo taldeari zerbitzua ematen diote astero. Hala ere, eguna bete-beteta duen arren, proiektu gehiago ere baditu. “Bitxigintza tailer bat jarri nahi dut. Bitxiak egiten ditut, eta orain tailerra abian jartzeko diru-laguntza bat jaso dudanez, horri ekin nahi diot. Beraz, beharbada datorren urtean bitxiak ere izango ditut azokan”, azaldu du.
Momentuz, bere baratze propioarekin abian jarri duen proiektuan jarrita ditu indar guztiak. “Ondo ateratzea nahi dut, eta aterako da. Ondo doa, ekoizpena hazten eta indartzen ari da, eta bai, aurrera aterako da”, dio baikor.