Poto batek ilundu zuen Agirreren saio bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 22a, 09:39

Gipuzkoako bertsolari txapelketak ekin dio udazkeneko ibiliari. 250 lagun inguru elkartu ziren Andoaingo Basteron lehen final zortzirena jarraitzera.

Kanpoan euritsu eta fresko izan arren, giroa berotzeko asmoz igo ziren Andoainen kantatzea egokitu zitzaien 6 bertsolariak: Iñigo Manzisidor “Mantxi, Ane Labaka, Manu Goiogana, Iñigo Eizagirre, Ander Lizarralde eta Amaia Agirre billabonatarra. Saio erregularra eta txukuna eskaini zuten, goia jo ez bazuen ere.

Ikaslearekin kantuan
Amaia Agirrek lehen momentutik erakutsi zuen tenple onean zetorrela. Iparragirreren ariketa izan zuten lehena eta Ander Lizarralderekin abestea egokitu zitzaion. Saio txukuna osatzen ari ziren biak, baina hirugarren bertsoan poto egin zuen billabonatarrak. Aldamenean behar zuen lekuan ondoren zetorren errima, oroimenean kantatu zuen. Horrek erabat baldintzatu zuen puntuazioa, baina ez Agirreren lana.
Izan ere, ondorengo ariketa, zortziko txikikoa izan zen agian eskualdeko bertsolariak egindako lan  onena. Urtetan bertso eskolako ikasle izan duen Ane Labaka lasartearrarekin batera kantatzea egokitu zitzaion. Labakak, oporretatik bueltan, Agirre okupa aurkitu du etxeko sofan. Labakak alde egiteko esan ostean hauxe Agirreren erantzuna:
Sofa probatzeko hartu
det nahikoa asti
Ikeako izateko
Ez dago hain gaizki


Bakarkako bikaina
Saioaren erditik aurrera ere gozatzen jarraitu zuen billabonatarrak. Zortziko txikiaren ondoren zetozen puntu erantzunak ederki osatu zituen, champions-aren aurrean emakumeen futbola defendatuz. Zortziko handian Iñigo Izagirrerekin batera aritu zen. Ariketa sinesgarria osatu zuten, kotxe fabrika batetik kaleratzear dauden langileen azalean jarrita. Agirrek bikain baliatu zituen kotxearen erreferentziak bertsoak osatzeko.  Eta azkenik, iritsi zen kartzelako lana. “Azkenean, egunkarian iragarki bat jarri duzu, zure telefono zenbaki eta guzti”, zioen gaiak. Hipotekari aurre egin ezinik, etxea alokairuan jarri duen pertsona baten azalean kantatu zuen billabonatarrak,  hiru bertso sinesgarri eta oso eskainiz. Hauxe bigarrena:
Lehenengo deia ezagun bat zen
enaiz hargatik kupida
ta esan diot alokatuko
dizut hemendik gutxira.
Atea itxi eta malkotan
nago etxeai begira
lehengo tokira bueltatu behar
nahiz ta ez dedan desira
txori txiki bat bezala noa
berriz amaren kabira.


Puntuaketan ezustea
Lan puntuagarriak amaituta, iritsi zen epaileen erabakia. Mantxi jo zuten garaile 500 punturekin, Iñigo Eizagirre bigarren 494rekin, Amaia Agirre hirugarren 482,5ekin, Ander Lizarraldek 471 eskuratu zituen, Ane Labakak 462,5 eta Manu Goioganak 418. Bertsozale askoren artean zabaldu zen ustea da aurrerago behar zuela Amaia Agirrek, nahiz eta potoa egin, saio onena berak egin zuela iritzita. Baina beti esaten dugun bezala, horiek dira txapelketaren gazi-gozoak. Abian da Gpuntua. Igo bertsoaren trenera!

Eskualdeko hurrena kantuan: Beñat Iguaran
    2011-09-25

    Lazkao, Areria Kulturgunea    17:30.
    Unai Muñoa, Nahikari Gabilondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Adur Gorostidi eta Beñat Iguaran.

Amaia Agirre
“Aspaldi txapelketa batean izan ditudan sentsazio onenak izan ditut”

Saio amaitu eta minutu gutxira elkarrizketatu zuen Aiurrik Amaia Agirre.

Puntuazioari begira, hirugarren geratu zara 482,5 punturekin. Ez da espero zitekeen emaitzarik onena…

Egia da, baina nik aspaldi txapelketa batean izan ditudan sentsazio onenak izan ditut; eroso eta gustura aritu naiz bertsotan, eta horrekin geratzen naiz. Behin kartzelakoa amaituta, esan didate poto egin dudala Iparragirreren ariketan eta nik hasieran ezetz esan diet, izan ere, nire buruan “aldamenean”  hitza zegoen eta horren partez ondorengo errima, “oroimenean”  esan dut, poto eginez. Egia da lehenengo egitera etorri naizela beste asko bezala, baina sentsazioekin geratuko naiz. Nire esku zegoena egin dut eta honek atzera bueltarik ez du. Espero dut sailkatzea.

Ariketa batekin bereziki gustura geratu al zara?
Normalean txikiko ariketekin sentitzen naiz erosoen eta gaur ere horrela izan da. Zortziko txikian oso gustura aritu naiz, beste hiru bertso ere kantatuko nituen. Puntu erantzunetan ere uste dut zerbait utzi dudala eta normalean ikara izan ohi diodan bakarkako lanarekin ere gustura nago. Ariketa sinesgarria egitera joan naiz eta uste dut lortu dudala.

Txapelketa honetako lehen saioa izan da zuretzat. Gpuntura zer asmorekin dator Amaia Agirre?
Nire buruarekin gustura geratzea izan da, eta da asmoa. Beste askotan, bertsotan hain kontziente ez naiz aritu eta gaur eseri orduko bertsoak errepasatzeko gai nintzen, egiten ari nintzenaren jabe nintzen. Aurrera begira, sailkatzen bagara,  bide horretatik jarraitu nahi dut eta badakit daukadana emanez gero final erdietara irits naitekeela.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!