Bosgarren uda igaro du aurten Mykola Kotin ukraniarrak Adunan, Migel Prietoren eta Maria Jesus Iraolaren etxean. Zazpi urte zituela etorri zen lehen aldiz, eta bost urte hauetan asko aldatu dela dio Maria Jesusek. “Etortzen den bakoitzean etxeko azulejoan arrastoa margotzen dugu, urtetik urtera zenbat hazi den ikusteko”. Egunkarian Txernobilgo haurren inguruko erreportaje bat irakurri ostean beraiek ere udan hango ume bat etxean har zezaketela pentsatu zuten, proba egin zezaketela behintzat, eta bost urteren ostean oso gustura daude hartutako erabakiarekin.
Hasieran zeinuen bidez komunikatzen baziren ere, berehala ikasi zuen Mykolak euskara, eta gaur egun dena euskaraz egiten dute berarekin. “Lehenengo hilabeteetan kanpokoen aurrean ez zuen hitzik egiten, eta gurekin berriz, isildu ere ez”, dio Maria Jesusek. “Nire aitak, ostera, uda honetan entzun dizkio lehenengo hitzak, agurtzera joan ginenean”.
Mutiko azkarra
Oso ume mugitua dela diote. “Uztailean hamabost eguneko piragua ikastaroa egiten du Donostian, eta beste hamabost egunetan tenisean aritzen da. Hona etortzen diren Txernobilgo beste umeekin ere zenbait jarduera egiten ditu; aurten Donostiako Kristina Enera eta Tolosako Topic-era joan dira, besteak beste. Baina ez dut uste Mykolari txotxongiloak gehiegi gustatzen zaizkionik, honek nahiago futbola edo tankerako beste zerbait”. Eurodisney-n ere izan dira aurten. “Paris non ote zegoen galdetzen zigun beti, askotan entzuten zuela baina ez zekiela non zegoen, ezta nolakoa zen ere, eta aurten, Eurodisney bisitatuz, hara joatea erabaki genuen, Paris non zegoen ikus zezan”.
Oso azkarra dela ere badiote, “izugarri azkarra. Autoz beste toki batera joaten garen bakoitzean bidea ikasten du, hurrengoan badaki nondik joan behar dugun. Eta errepideko radar guztiak ere kontrolatuta dauzka, ‘Mariaje, mantsotu…’, esaten du inguratzen goazenean”. Lehenengo urteetan Adunako beste umeekin ondo moldatzen zela diote. Iaz oraindik zertxobait ibili zen beraiekin, baina aurten gutxiago. “Ez dakigu, beharbada bera baino txikiagoak ikusten ditu…, nahiago du helduekin ibili”.
Datorren urtean, berriz
Migel eta Maria Jesus oso gustura daude orain arteko esperientziarekin, gomendatzeko modukoa dela diote, “baina garbi eduki behar da denbora hartu behar dela umearekin egoteko, bi hilabete horiek berarentzat direla”. Urtean zehar ia hilero hitz egiten dute Mykolarekin, umea euren urtebetetze egunetan beti gogoratzen da… Eta Mykolaren aitak telefonoa hartzen duen bakoitzean “gracias, gracias” esaten omen die behin eta berriz. “Mykolak esaten digu bere gurasoei hona etortzea gustatuko litzaiekeela, baina ez daukatela dirurik; noski, hemengo 200 eurok osatzen dute hango soldata bat, beraz….”.
Txernobilgo haurrek hemezortzi urte betetzen dituzten arte jarrai dezakete udan hona etortzen. Mykolak hamabi ditu oraindik, eta badirudi, oraingoz behintzat, etortzen jarraitu nahi duela. “Hala ere, bi hilabete denbora asko dela esan digu aurten, hango lagunak ikusi nahi zituela. Noski, hazten doan heinean guztiz normala da hori”. Baina datorren urtean behintzat etorriko da, orduan beharko dituen arropak Migelen eta Maria Jesusen etxean utzita itzuli baita Ukraniara.
Hango egoera
Migelek eta Maria Jesusek diotenez, Txernobildik etortzen diren haurren kasu bakoitza oso ezberdina da: batzuk gaixorik etortzen dira, beste batzuek berriz gurasoak falta dituzte eta ez dute udako bi hilabete horietan norekin egonik… Mykola pediatrarengana eraman izan dutenetan oso osasun ona duela esan izan diete. Bestetik, Adunara etortzen den bakoitzean argazkiak ateratzen omen dituzte; izan ere, Mykola bizi den tokitik oso urrutira joan behar izaten omen dute argazkiak ateratzera, eta hemendik eramaten ditu.
Mykolaren familiari dagokionez, “aita musika irakaslea duela dio eta ama, albaitaria. Hiru anai-arreba ditu. Bat ezkondua, bestea 19 urtekoa eta bestea 16koa. Azken hau Madrila etortzen da udan. Dirudienez, Madrilgo familiarekin Alicantera joaten dira oporretara eta Mykolak datorren urtean Alicantera joan nahi duela esan digu, bere arreba non egoten den ikustera. Hori ere pentsatu beharko dugu, beraz, datorren urterako”.