Josean Huizi Euskaldunako lehendakariak egun hauetan lortu den irtenbidea erdibideko konponbidetzat definitu du, bere ikuspegitik Ontzerrik Euskaldunan txertatuta egon beharko lukeelako. Bere iritziz, Andoain herrian bi futbol egitura egoteak zentzurik ez du. Zatitzea beti ere txarra dela dio.
Iker Etxebeste Ontzerriko eragilea ere pozik agertu da, herrian bertan entrenatzea hasierako eskaera zelako. Partiden ordutegia erabakitzeko ahalmena Euskaldunaren esku geratu da eta zentzu horretan, Ontzerrikoek Euskaldunako arduradunak eskuzabaltasunez arituko direla espero dute.
Auzi honen konponbidean Ana Carrerek zuzentzen duen Udal gobernu taldeak parte hartze zuzena izan du. Akordioaren bidean, irizpide batzuk kontuan hartu dituzte. Besteak beste, hauexek: Euskalduna taldeari harrobia lantzeko egiten duen lana aitortu behar zaio. Ondorioz, bere egituraren baitan dituen hamahiru taldeek zelaia erabiltzeko lehentasuna dute.
Aldi berean, zelaiaren izaera publikoari erreparatuta, Ontzerri taldeari entrenamenduak prestatu eta partidak jokatzeko zelaiaren erabilera eskubidea aitortu behar zaio.
Egun hauetan adostu duten erabakiarekin, Ontzerri eta Euskalduna taldeen arteko giroa bideratzea espero da. Izan ere, iazko denboraldiaren hasieran, giroa oso zatarra izatera iritsi zen.