Adunatik Ikaztegietara bidegorriz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 19a, 15:36

Tolosaldea Garatzeneko kideek jakinarazi dutenez, hiru urteren buruan Tolosaldea iparraldetik hegoalderaino gurutzatuko duen bidegorria prest egotea aurreikusten du Foru Aldundiak. Izan ere, geroz eta jende gehiagok egiten ditu bere egunerokoak bizikletaz bidegorri sareak eskaintzen duen erosotasunagatik:

"Bidaia motzetarako bizikleta autoa baino garraiobide lehiakorragoa bilakatu da azkeneko urteetan. Datuek horrela erakusten dute, izan ere, Foru Aldundiak bidegorrien erabileraren inguruan eginiko ikerketaren arabera erabiltzaile eta lekualdaketen igoera garrantzitsuak izan dira, 2010. urtean adibidez, 2,5 miloi joan-etorri izan ziren Gipuzkoako bidegorri sarean.

Tolosaldean ere igoera nabarmena izan da. Eskualdeko bi bidegorri nagusietan, Asteasu eta Zizurkil batzen dituenean eta Tolosa eta Alegia batzen dituenean hain zuzen ere, erabiltzaileak % 9,3 ugaritu dira 2009. urtetik. Lekualdaketak ere igo egin dira, 2009. urtean baino 32.000 joan-etorri gehiago izan baitira.

Bizikleta eta oinezkoen arteko elkarbizitza

Desplazamendu hauek guztiak ordea ez dira bizikletaz egin, are gutxiago, joan-etorrikoen %70 oinezkoak izan dira. Datu honek argi erakusten du oinezkoak eta txirrindulariak elkar ulertzea beste irtenbiderik ez dutela.

Lanerako eta aisialdirako 

Joan-etorrien zegatiaz galdetuta Tolosa-Alegia eta Asteasu-Zizurkil bidegorrietako erabiltzaileek motibazio ezberdinak adierazi dituzte. Txirrindularien %80ak Tolosa-Alegia bidegorria aisialdi edo kirolerako erabili ohi dute, gainontzeko %20ak lanerako, ikasketetarako edo erosketak egiteko erabiltzen duten bitartean. Asteasu-Zizurkil bidegorria berriz, txirrindularien %70ak lanerako, ikasketetarako edo erosketetarako erabiltzen dute.

Osasuntsua, ekologikoa eta merkea

Bidegorria erabiltzeko arrazoia galdetuta, bai oinezkoek, bai txirrindulariek, bidegorria erabiltzea bizigarria dela eta ariketa fisikoa modu atseginean eta ekologikoan egiteko aukera ematen duela uste dute. Txirrindularien arteko multzo handi batek bidegorriaren segurtasuna aipatzen du motibazio bezala, eta eguneroko txirrindulari gehienek diru aurrezpena motibazio gehigarria dela diote.

Etorkizunerako hobekuntzak

Foru Aldundiaren bizikleta bideen planean 2014. urterako ondobidean Adunatik hasi eta Ikaztegietaraino joango litzaken bidegorria prest egotea aurreikusten da, hau da, dagoeneko eraikiak dauden bidegorriei, Aduna-Villabona eta Villabona-Tolosa herriarteko zatiak gehituko litzaizkieke. Foru Aldundiak herriarteko zatiak eraikitzeko ardura du, ordea, herri barruko zatiak udal bakoitzaren esku egongo dira.

Horrexegatik, Tolosaldea Garatzenek eskualdean Mugikortasun ez Motorizatua sustatzeko Plana jarri du abian. Horrela, batetik, gure bidegorri sarearen azterketa sakona egin eta sare hori nora eta nola zabaldu ikertzen ari gara eta bestetik, gure udalek hirigunetan bidegorria osatzeko aukerak aztertuko ditugu.

Azken finean, gure herritarren beharrei erantzuten besterik ez gara ari. Tolosaldeko  udalen asmoa eta apustua da bizikleta erabiltzaileei bidegorri sare egokia, erosoa eta erabilgarria bermatzea".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!