"Gogotsu hasi dira sei bertsolariak hasiera-hasieratik: gogotsu, tenplez, gozatzera, kantatzera datozela aldarrikatu dute guztiek ere euren agur-bertsoetan.
Lehen agurrak bota ostean Iparragirreren doinuan hasi dituzte lan puntuagarriak. Sakon jardun dute seiek ala seiek, gaiei irmo eutsiz eta arrazoiketa ederrean.
8ko txikiari ekin diote segidan. Umoreari puntua harrapatzen saiatu dira, eta batzuek besteek baino hobekiago, baina guztiek lortu dute entzuleen irribarrea eragitea.
Bakarka jarri ditu segidan gai-jartzaileak, bi punturi erantzuteko eta oina emanda bertsoa osatzeko lanetan. Bizitasunez erantzun dituzte puntuak seiek ere. Oina emandako lanaldian ere asmatu dute bertsolariek, txapelketetan ohiko langintza izaten ez duten arren.
Kartzelako saioaren aurretik, zortziko handiko ofizioan jardun dira. Lanaldiari zukua ateratzen saiatu diren arren, ez dute beste ofizioetan adina gozatu.
Kartzelako saioan, azkenik, hauxe izan du seikoteak hiru bertso osatzeko gaia; “Azkenean jarri egin duzu iragarkia egunkarian, zeure telefono-zenbaki eta guzti; oraintxe hasi da telefonoa joka”. Gaiari helduleku hainbat aurkitu dio seikoteak: prostitutarena, etxea salgai jarri duena, bikote bila dabilena… Txukun aritu dira guztiak, akatsik gabe, eta saioari erremate polita eman diete".
Datuak
Gpuntuaren final-zortzirenetako lehen saioa jokatu da Andoaingo Bastero kulturgunean, arratsaldeko 17.30ean. 250 lagun inguru batu dira udaosteko aurreneko saio honetara.
Sei bertsolariak izan dira Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana. Iker Iriartek jardun du gai-jartzaile lanetan.
Saioa antolatzeko lanetan Andoaingo bertso eskolako kideen laguntza izan du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.
Egin beharreko lanen artean berrikuntzak izango dira aurtengo edizioan, eta final-zortzirenetan lanaldi hauek egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, Iparragirreren doinuan hiruna bertso. Binaka, gaia emanda zortziko txikian hiruna bertso. Bakarka: lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso eta nahi den puntuan sartzeko oina emanda, gehienez bost puntuko bertsoa. Binaka gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso. Eta bukatzeko, kartzelako saioan, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.