Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, final-zortzirenak Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 11:10

Larunbat honetan, irailak 17, final-zortzirenetako lehen saioan lehiatuko dira “Mantxi”, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana Bastero Kulturgunean.

G-puntuaren bideoklipa

Buruntzaldean abiatuko da G puntuaren bigarren fasea. Udazkenean zehar saio gehiago izango dira Andoain inguruan: besteak beste, Lasarten, Villabonan, Tolosan eta Hernanin.  
Arratsaldeko bostak eta erdietan Bastero Kultugunean emango zaio hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-zortzirenei. Udan atseden hartu ostean G puntuaren bila saio andana izango da irailetik abendura. Lehena Buruntzaldean kokatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, larunbat honetan hain justu. Iker Iriarte alegiarrak aurkeztuko du saioa eta sei bertsolari izango dira nor baino nor entzuleen gozamenaren eta sailkapen puntuen bila: Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Amaia Agirre, Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana.

Lehen biek estreineko saioa izango dute txapelketan, duela lau urte jokatutako edizioan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutelako. Amaia Agirre billabonarra 2003. urtean finalera ere sailkatu zen. Edizio berria etxetik gertu hastea tokatuko zaio. Baita udaberrian txartela lortuta datorren Ane Labaka lasartearrari ere. Hemeretzi urte ditu eta lehen txapelketa du aurtengoa. Ez da Iñigo Izagirreren kasua, eskarmentu handia baitu itziartarrak txapelketako saioetan. Manu Goiogana eta Ander Lizarraldek osatuko dute seikotea.

SARREREN SALMENTA
BASTERON ETA INTERNET BIDEZ

Saioa hasi aurretik Bastero Kulturgunean bertan zabalduko du takila Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Halere, sarrerarik gabe gelditu nahi duenak www.bertsosarrerak.eu helbidean erosi ahal izango du aurrez.   

Andoaingo saioan bertsolariek honako lana burutu beharko dute: ofizioa jarrita zortziko handian, zortziko txikian eta Iparragirre doinuan, bakarka puntuari erantzun eta kartzelan hiruna bertso.  

Asteburuko bigarren saioa Azkoitian izango da, igandean, arratsaldeko bostak eta erdietatik aurrera. Bertan Xabier Sukia, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Gorka Azkarate, Ibai Esoain, Asier Azpiroz eta Gorka Maiz arituko dira Mikel Aierzaren esanetara. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!