Udako begi politak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 11:02

Ioritz Jimenez andoaindarrak Donostiako Aste Nagusiko jaien barruan Ser irrati kateak antolatu zuen “Udako begi politak” lehiaketa irabazi zuen. Parte hartu zuten 13 urte bitarteko haurren artean begi politenak zituela erabaki zuen epaimahaiak.

 
Denboraz kanpo iritsi zen haurra lehiaketara, Jone Arizala amarekin batera. Iritsi zirenerako antolatzaileek hamar lehiakide aukeratu zituzten. Gauzak zer diren, inguruan zebilen epaimahaikide batek Ioritzengan erreparatu zuela, “Non egon da haur hau orain arte?”, galdetu zioten amari. Ioritzekin salbuespena egin eta epaimahaikideen aurretik pasa arazi zuten.
Epaimahaia, modaren eta irudiaren munduan lan egiten duten pertsonek osatu zuten: Iñigo Olasagasti (First models), Raquel Balencia (top modela), Lidia de Sousa (Miss Gipuzkoa), Terry Fernandez (argazkilaria), Rosa Cilveti (bitxi-saltzailea) edota Julio Ugarte (enpresaria).
Denek aho batez erabaki zuten lehen saria Ioritzi ematea. Jone amaren esanetan, “Iñigo Olasagastik azpimarratu zuenez, epaimahaikide guztiak Ioritzen begiak ikustean harrituta geratu omen ziren. Moda munduko profesionalen antzera jokatu zuela zioten. Begiak ez omen zituen kameretatik kendu; begirada oso indartsua omen dauka, argazki eta telebista kamerak erakartzen dakien horietakoa. Egia esan, nahiko modu naturalean jardun zuen egun hartan, nahiz eta pertsona askoren begiradapean egon. Oso gustura aritu zen uneoro, esaten ziotena zintzo betez. Barreak egiteko tarterik ere eduki zuen, esate baterako, Hodei anai txikiari esker”.
Prentsako argazki eta erreportajeetan, ETBko albistegietan…, Ioritzen begiak han eta hemen ikus ahal izan ziren udako egun haietan.
Eta orain zer? Jarraituko al du bide horretatik? Ioiritzen amari egiten dioten galdera ohikoena da. Erantzuna oso garbi daukate gurasoek, “Lehiaketako epaimahaikideek eta gerora ere ezagunek aipatu digute Ioritz aktoreen eskola batera edo antzeko lekuren batera eramateko. Guk ez dugu haurra estutuko; noski, deitzen badiote, ez diogu ezezkorik esango. Nahi duena izan dadila handitzen denean; aktore izan, tabernari izan, nahiz kamioi gidari izan, bera zoriontsu izatea baloratu behar da lehen-lehenik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!