Bilkura osasun publikoaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 11:02

Raquel Agudo andoaindarra osasun publikoaren aldeko TOPA koordinakundeko kidea da. Tolosaldeko anbulatorioa itxi eta espezialitateen arreta Asuncion klinikara eramateko planaren aurka ari da azken hilabeteetan. Koordinakundeak hitzaldi aurkezpena burutu zuen Andoainen aurreko ostegunean. Udal ordezkari berrien jokabidea aldatu bada ere, Jaurlaritzaren ikuspegiarekin kezkatuta daude.

Zer eskatzeko sortu zenuten koordinakundea?
Raquel Agudo: Zerbitzu publiko bat pribatizatzea guztion kalterako izango dela deritzogu. Kezka horretatik abiatuta zenbait pertsona, sindikatu, gizarte elkarte eta alderdi politikok koordinakundea osatu genuen. ELA sindikatuko ordezkari gisa hartzen dut parte koordinakunde horretan.
Osakidetzari zera eskatzen diogu: epe luzeko ikuspegiarekin joka dezala. Asuncion erosi, publiko bilakatu eta eskualde-ospital publikoa ireki dezala. Edo eta, krisi egoeran gaudenez, behintzat gauzak dauden daudenean utz ditzala.
Egin kontu, gurea Euskal Herrian eskualde-ospitale publikoa ez duen eskualde bakarra da.
 
Zertan ibili zarete orain arte?
R.A.: 17.000 sinadura bildu ditugu, Tolosan oso manifestazio jendetsua egin genuen, makina bat bilkura burutu dugu… Erakundeekin edukitako harremanei dagokionez, nahiko penagarria gertatu zaigu orain arte: esatera batera, Rafa Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuari makina bat bilera eskaera luzatu arren, ez digu erantzun nahi izan. Gertuago, Andoaingo aurreko alkateak gurekin egoteko inoiz ez zuen interesik agertu… Azken udal hauteskundeek erabat aldatu egin dute egoera. Hasi Legorretatik eta Andoainera bitarte Tolosaldean dauden hogeita hamar udalerrik bat egin dute gure eskaerekin.

Andoainen lehen astean egin zenuten zuen aurkezpen bilera, ez lehenago. Zerbaiten adierazgarri al da hori?
R.A.: Andoainen Tolosaldeko biztanle guztioi datorkigun kaltearen inguruko kontzientzia falta larria dago. Koordinakundera Andoaindik ni neroni bakarrik joatea nahiko esanguratsua da. Hori bai, mahaiak kalean jarri eta Osakidetzaren asmoek zertan eragingo diguten azaldu dugunean, milaka sinadura jaso ditugu. Hala ere, andoaindarrok uste dugu orain arte Asuncion nahiz Arantzazu erresidentziara joateko aukera izan dugula, eta egoera ez dela aldatuko. Egoera hori bukatzera doala jakin beharko lukete andoaindarrek. Pixkanaka, Asuncionera bidaliko gaituzte; hara joan beharko dugu derrigorrez.  

Kalterako izango dela aldaketa diozue... Eman arrazoiak.
R.A.: Asuncion enpresa pribatua da eta dirua irabaztea da bere helburu nagusia. Orain arte gaixo gisa hara joaten ginenean egiten zizkiguten azterketa ezberdinak diru publikotik finantzatzen ziren.
Espezialitateen arreta bere esku uzten bada, egoera erabat aldatuko da: Osakidetzak bezeroak eta diru finko bat emango dizkio urtean; hortaz, zenbat eta azterketa gutxiago egin, irabazi gehiago harentzat.

Erabakia hartuta dagoela zabaldu da prentsan egunotan…
R.A.: Lotsagarria litzateke eskualdeko biztanleen borondateari muzin egingo baliote. Hala balitz, hasierako eskaerei eusten jarraitzea dagokigu guri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!