Aduna eta Sorabilla arteko mugarria txukundu zuten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 10:51

Berrogeita hamar herritar Elordi mendi muinoan kokatzen den mugarriaren inguruan bildu zen, joan den ostiral goizean, auzolanean mugarria txukuntzeari ekiteko.  Sorabillako eta Adunako plazatatik irten ziren, talde banatan.

Harriak historia luzea du bere baitan. Aipatu mugarria XV. mendekoa edo aurrekoa dela uste da, ez baitago idatzizko agiririk. Harrian A (Aduna) eta S (Sorabilla) hizkiak markatuta dauzka.
Mugarria Belkoain mendiko hegalean ipini zen bere garaian. Izan ere, aspaldian bi giza komunitate ezberdinek osatzen zuten egun Andoaingo udalerria gaur egun bezala ezagutzen duguna: Andoain bata eta Sorabilla bestea. Oria ibaiak banatzen zituen biak.
Sorabillak ondoko beste herriengandik bereizteko; Adunarekin, adibidez, mugarria ipini zuen.

Sorabilla Aiztondoko alkatetza nagusiko partaide
Asteasu, Larraul, Astigarraga eta Urnietak Lasarten zeukan eremuarekin batera Sorabilla Aiztondoko alkatetza osatzen zen. Eta alkatetza burua garai hartan Asteasurena zen.
Azalpen historikoak eta auzolandegia
Sorabillako eta Adunako mendizaleek mugarri horren inguruko azalpen historikoak entzun zituzten Burdina taldeko kideen eskutik. Ondoren, bere inguruak txukuntzeari ekin zioten. Era horretan, bi ekintza burutzeko parada eman zien goizak, guztiei ere: batetik, arbasoek ondorengoei utzitako ondasun baten eta Sorabillaren inguruko historiak ezagutzea, eta aldi berean, auzolandegi txikia antolatzea.
Guda karlistan zehar liberalen eta karlisten artean Elordiko parajeetan piztu zen borrokaldiaren gaineko azalpenak entzuteko aukera ere izan zuten ere. Haurrek hartu zuten gozatua, bereziki metalak detektatzeko tresneria eskuetan zutenean.
Mugarriko lanak beteta, Erramuetako karobira jaitsi ziren denak. Burdinako kideek berreskuratu zutenetik, egoera onean dago karobia.
Karea sortzeko auzoko baserritarrek eratu zuten industria txikiaren gorabeherak ezagutarazi zituzten. Hamaiketakoa bertan jan, eta Sorabillara itzuli zen mendizale taldea. Hortik aurrera, auzunera jaitsi ziren jaiaz gozatzera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!