Musika emanaldi bikaina Sorabillako elizan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 10:51

Oso polita izan da”, “Errepikatu egin behar dira horrelako kontzertuak”, “Bai musikari onak dauzkagula Andoainen”… Aldeko iritzi ugari entzun ahal izan zen musika kontzertura bertaratu zirenen ahotan. Lepo bete zen Sorabillako San Martin eliza, kontzertuak sortu zuen ikusminaren pare.


Maila handiko musikariek osatu zuten ordubeteko emanaldia, eta denak ere herrikoak. Joxe Mari Oiartzabal (ahotsa eta tronpeta), Lontxo Oiartzabal (organoa), Elisabet Gallo eta Itsaso Mungia (eskusoinua), Arantzazu Mujika (biolina), Esti Mujika (teklatuak) eta Xabin Mujika (zeharkako xirula eta txistua).
Errepertorioa ere, zabala: Juan Sebastian Bachetik hasi eta erritmo hungariar bizi-bizi bateraino, musika konposatzaile ezagunen piezak eskaini zituzten. Azkenerako, berriz, Xabier Leteren “Izotz ondoko” eta Aitor Mendiluze bertsolariaren “Sorabilla” ereserkia utzi zituzten; horien kasuan, entzulegoari abesteko gonbidapena luzatu zitzaion. Joxe Mari Oiartzabalek jardun zuen zuzendari gisa, kontzertuko azken aldi horretan. Erretiroa hartutakoa da musika irakasle, musikari eta abesti sortzailea, baina berak aitortu zuenez “oso erakargarria zen Sorabillako elizan herriko gazteekin musika emanaldia eskaintzea. Ahalegin berezia egin behar izan dut uda honetan, ahotsa eta tronpeta jotzeko ezpainak landuz batik bat. Egia esanda, merezi izan du zoragarria izan delako”.
Sorabillako jai batzordeak kontzertua hurrengo urteetan berriro antolatzeko asmoa azaldu du.
Izan ere, Andoainen musikari ugari dago, gazteak horietako asko, entsealekutik irten eta jendaurrean jotzeko irrikaz  daudenak gainera. Aurreko ostiralean frogatu ahal izan zenez, gainera, Andoainen bada entzule franko herriko musikariak zuzenean ikusteko gogoz dagoena.
Bideoak ikusgai: www.aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!