Auzoetako jai batzordeei omenaldia Sorabillako jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 15a, 10:50

Lepoko laranja jantzita, auzoetako jai batzordeetako kide guztiak egun batez sorabillatar izan ziren. Anaieratze ekitaldiaren parekoa izan zen, Sorabillako jai batzordearen ekimenez. Goiburu, Buruntza, Karrika, Etxeberrieta, Kaletxiki... Andoain herriak batzen ditu guztiak, baina baita norberaren auzoaren alde urtez urte jaiak aurrera ateratzeko gogo nekaezinak ere.

Sorabillako festetan egin ohi den omenaldiko txaloek hartzaile ugari izan zituen aurten: herriko auzoetako jai batzordekideak, hain zuzen. Igande eguerdian herrikide ugari Sorabillan bildu zela esatea zuzena da. Baina zehatzago esanda, han bildu zirenak bizilagunen arteko giroa sustatzen makina lan egiten duten auzotarrak dira. Auzotar izaeraz harro daudenak, Andoaingoak guztiak ere.
Zortzi festa ospatzen dira herrian, horietatik gehienak auzotarrek bultzatutakoak. Omenaldian ondo adierazi bezala, Santa Krutz jaiekin hasi ohi da festen urteko egutegia Andoainen, eta Sorabillakoekin amaitu. Tartean, Sanjuanak jaiegun seinalatuak. Eta, ondoren Kaletxikikoak, Karrikakoak, Etxeberrietakoak, Goiburukoak eta Buruntzakoak bata bestearen atzetik.
Omenduei zapia jarri aurretik irakurri zuten merezimenduen zerrendan, amaiera aldera esandakoa bereziki nabarmendu behar da: “Auzoari, kultur bizitzari hauspoa ematen dionak, herria bera hauspotzen du: Andoain aberasten du, azken batean. Aberastasuna ez dugulako industriaren arabera edota herritarren errenta per carpitaren arabera ulertu nahi, bere sustraietatik abiatuta herritarrengana zabaltzen duen kultur bizitzaren arabera lan egiteagatik baizik. Aberastasun hori neurtzeko dugun neurgailuaren orratzak goia jotzen du auzoetako jaietan. Bolondres modura, musutruk eta askotan patrikatik dirua jarriz..., eskasiarekin mirariak egiteko gai zarete. Maiz esker txarrekoa den auzolan horretan murgiltzen zareten jai batzordeetako partaide orori, mila esker”. Txalo artean amaitu zen ekitaldia. Auzoetako jai batzordeetako partaide ugari pozarren zegoen jasotako omenaldiarekin. Ia denak omendu zituzten, Sorabillako jai batzordeak ez zuelako bere burua omendu nahi izan. Baina merezi, noski baietz! Beste guztiek bezainbeste.

 

Adierazpenak

 

Pello Oria
Santa Krutz jaiak

“Hona etorri gara omenaldia jasotzera, eta sorabillatarrei eskerrak eman behar dizkiegu gurekin gogoratzeagatik. Sorabillakoek ere merezi dute guk jaso dugun omenaldi berbera. Oso ondo iruditzen zaigu egin dutena, eta eskertzen diegu gurekiko izan duten jokabidea. Gure kasuan, Santa Krutz jaiei dagokionez urtarriletik aurrera eta maiatza bitarte jaiak prestatzen aritzen gara. Lan handia da eta noizbehinka horrelakoak jasotzea eskertzen da.
Gure kausan gauzak ondo doaz, eta diruz askoz okerrago daude beste tokietan. Jendeak eta herri eragileek bere ekarpena egiten dute jaietan eta guretzat hori garrantzitsua da”.

Miren L. Munain
Goiburuko jaiak

“Ondo joan da. Ekitaldian aipatu bezala, auzoko jaiak aurrera ateratzeko lan asko egin behar izaten da. Eta denek ondo pasa arren, ia inork ez du esker ona adierazten. Urteen poderioz, badirudi gure obligazioa dela jaiak antolatzea eta askotan kexa besterik ez da izaten. Beraz, Sorabillakoa ilusioz hartu dugu. Polita izan da, bai.
Gure auzoan jende gutxi gaude antolaketarako, eta lan asko dago egiteko. Jaien aurretik antolakuntza lanean murgiltzen gara. Jai egunak iristean hamaika lanetarako lau katu gaude. Eta, ondoren ere, lana izaten da. Ekitaldiak ordaindu behar dira, eta dirurik ez bada ailegatzen orduan komeriak. Nahikoa buruhauste izaten da”.

Joxi Telletxea
Buruntzako jaiak

“Ondo pasa dugu, oso detaile polita iruditu zaigu. Urteroko legez, antolakuntzarako kostata ibiltzen gara. Buruhausteak ohikoak dira, egitaraua ez da asko aldatzen, baina lanerako talde txikia gara. Diruari dagokionez, dagoenarekin moldatu gara orain arte. Baina gustura jasoko genuke gehiago!
Bazkarietara eta ohiko hitzorduetara auzotarrak eta herriko jendea hurbiltzen da. Buruntzako lasterketan biltzen dugu jende gehien, hori izan ohi da ekitaldi jendetsuena.
Hamabi urte eman ditut jai batzordean, urte gehiago egin ditu Ainhoa Aiertzak. Jaiak bukatu ondoren, pozik sentitzen gara egindakoarekin. Ohikoan gustura aritzen gara lanean”.

Oskar Uribesalgo
Karrikako jaiak
“Lehenik eta behin eskerrak eman Sorabillako jaietako antolatzaileei. Guretzat oso pozgarria izan da, batez ere talde asko dagoelako lan isila egiten. Gurea horietako bat da.
Hiru jaiegun antolatzeko 7.000-9.000 euroko aurrekontua dugu eta komeriak izaten ditugu. Publizitatea lortu, sobreak bildu..., zaila izaten da.
Etorkizunari begira, jende gaztea hurbiltzen ari da jai batzordera. Auzotarrak ere jaietan eskua emateko prest agertzen dira. Play backean parte hartze handia izaten da, eta sardin jatea ere jendetsua izaten da. Jatorriz oso anitza da auzoa, eta askotan jaiak antolatzeko nondik heldu zalantza izaten dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!