Buruntzaldean euskara ikasteko aukera zabala dago hasi berri den ikasturtean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 14a, 15:25

Aspaldiko Udal ordezkaritza zabalena bildu da Usurbilen deituriko agerraldian, Buruntzaldean euskara ikasteko eskaintza berriaren aurkezpenean. Han izan dira, besteak beste, Ainara Rodriguez Andoaingo alkate-ordea edota Mikel Pagola Urnietako alkatea. Prentsaurrekoan David Rosco Urnietako zinegotzia hitza hartu duenetakoa izan da. Eta haiekin batera, Hernani, Lasarte-Oria edota Usurbilgo alkateak.

Informazio gehiago: Buruntzaldea.org 

Bideoa 

Urnietako David Rosco eta Usurbilgo Alaitz Aizpurua euskara zinegotziak bozeramaile lanetan aritu ziren, Buruntzaldeko Euskaltegietan izen emateko epea zabalik dagoela adierazteko. Roscok eskualdean bertan euskara ikasteko abantailak azpimarratu zituen: “Lehenengoa, gertutasuna da, herritar gehienek pauso batean baitute euskaltegia. Bigarrena, euskara ikasteko eskaintza zabala da, maila asko eskaintzen baitira, eta hirugarrena, euskara ikasleek Udaletatik eskura ditzaketen diru-laguntzak”.
Udalak hainbat kasutan ikasleen matrikula osoa diruz laguntzera irits daitezke. Herri bakoitzeko Euskara Zerbitzuetan argibideak eskatzea litzateke egokiena. Datu osoak kontuan hartuta, aurreko ikasturtean eskualdeko sei Udalek 120.000 euro banatu zituzten dirulaguntzatan. Aurreko ikasturteko laguntzen xehetasunak eta Urnietan nahiz Andoainen banatutako laguntza kopurua beheko taulan ikusgai dago.

Zazpirehun ikasletik gora euskara ikasten
Eskualdeko euskaltegietan 700 ikasle inguru aritu zen euskara ikasten edota hobetzen. Lasarte-Oriako Muntteri eta Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegiko zuzendari den Olatz Urdanpilletak xehetasun gehiago eskaini zituen: Andoainen 61 ikasle, Astigarragan 85, Hernanin 300 eta Lasarten 236.
Urnietan euskaltegirik ez dagoenez, inguruko herrietan aritzen dira.
Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiko Jesus Mari Asurabarrena zuzendariak buruntzaldea. org webgunearen inguruko xehetasunak eskaini zituen. Euskaltegien atalean norberaren maila zein den jakiteko aukera du erabiltzaileak. Webgune horretan bertan, gainera, ikasleek matrikula egiteko aukera ere badute.

URNIETARREI ZUZENDUTAKO
ESKAINTZA
Hernaniko AEK euskaltegiak irailaren hasieratik ikasturte berriko eskaintza prest du. Urnietan euskara ikasteko edota hobetzeko asmoa duenak Hernaniko AEKrekin harremanetan jarri beharko du 607 592 864 telefono zenbakian edota hernani@aek.org e-posta elektronikoan.
Eskaintza oso zabala da: Euskalduntze taldeak, azterketak lantzeko taldeak, autoikaskuntza programa pertsonalizatuak, idazmena edota mintzamena lantzeko guneak.
Ikasteaz gain, ikasturtean zehar aisialdian ere euskara lantzen da; afariak, irteerak edota asteburuko barnetegiak.

ANDOAINGO AEK
EUSKALTEGIAREN IKASTAROAK
Hilabete osoan zehar zabalik dago matrikula egiteko epea Andoaingo AEK euskaltegian; goizeko 10:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte Extremadura kaleko 5. zenbakian.
Maila guztietako ikastaroak eskaintzen dituzte, baita tutoretza edota mintzapraktikarako saioak ere. Andoaingo Udalak diruz laguntzen ditu ikastaroak. Informazio gehiago AEK-ko egoitzan, 943 591 704 telefono zenbakian edota andoain@aek.org posta elektronikoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!