Honenbestez, ezinbestekoa da gure gizarteak garraio modu eraginkorrago eta garbiagoen aldeko apustua egitea. Honela, eguneroko joan etorriak oinez, bizikletaz, autobusean edo trenean eginez gero, energia aurrezten lagunduko dugu, eta era honetan, gure osasunarentzat eta ingurunearentzat kaltegarri diren isurpenak ere murriztuko ditugu. Gainera, errepidean aurkitzen ditugun arazo eta zaratak ekiditen lagunduko dugu.
Hori guztia kontuan izanik eta garraio ohituren aldaketa sustatu asmoz, Tolosaldeko 10 Udalek eta Tolosaldea Garatzen elkarteak bat egin dute beste behin ere ekimen honekin, eta horretarako hainbat jarduera antolatu dituzte irailaren amaierarako: mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten objektu edo materialen 2. eskuko azoka, eskualdean zeharreko bizikleta bira, etab. Kanpainari hasiera emateko, irailaren 24an, goizeko 10:00etatik 13:30ak bitartean, Villabonako Berdura plazan, mugikortasun iraunkorrarekin zerikusi duen 2. eskuko azoka antolatu da. Bertan, eskualdeko biztanleek mugikortasun iraunkorrarekin lotura duten produktu edo objektuak saltzeko aukera izango dute, hala nola: bizikletak, kaskoak, patineteak, maillotak, kilometro kontagailuak, ... (informazio gehiago www.tolosaldeagaratzen.net web gunean edo 943-654501 telefono zenbakian). Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan kokatutako ekimena izanik, mugikortasunarekin zerikusia ez duen materialaren salmentarik ez da onartuko.
Bestalde, aurten, berrikuntza moduan, Uribe Kostako "Bizimeta" proiektua ezagutzeko aukera izango dute azokara bertaratzen direnek. Proiektu horren bidez Uribe Kostako hiriarteko bizikleta bidezko garraio publiko sistema abiarazi da (bizikleta arruntez gain, eguneroko joan-etorrietan bizikleta elektrikoen erabilera ere sustatu nahi da ekimen honen bidez). Azokara bertaratzen direnek bizikleta elektrikoak erabiltzeko parada izango dute!
2. eskuko azoka honekin bi helburu erdietsi nahi dira: alde batetik mugikortasun iraunkorra Tolosaldeko biztanleen artean sustatzea, eta bestetik, berrerabilpena bultzatuz, objektu ezberdinen biziraupena luzatzea. Horretarako baina, guztion parte-hartzea ezinbestekoa dugu. ANIMA ZAITEZ ETA PARTE HARTU!".