Irrintzi elkarteak antolatuta, XVI. Azoka berezia izan zen larunbatean Txermingo ikastola azpian. Ohi denez, elikagaiak nahiz artisautzako produktuak eskaini zituzten saltzaileek; guztira 36 postu. Jende ugari ibili zen mahaiez mahai goizean hasita. Postu guztien artean, Arrasateko Felix Barcinak eskuratu zuen lehen saria, aurkeztu zituen egurrezko tresnengatik. Iaz lehen postua jaso zuen Leire Ibarrola bigarren izan zen aurtengoan: Izozia gazta eta eztiarekin. Hirugarren lekua, berriz, Maider Urrukurentzat izan zen. Ahatekiak ekarri zituen azokara.
Eguerdian elkarteen arteko XVII. Isats gisatu lehiaketa ere izan zen: Irrintzi, Behar-Zana, Zunbeltz, Uxo-Toki eta Aitzondo elkarteek hartu zuten parte. Behar-Zanak eskuratu zuen txapela, Irrintzi izan zen bigarrena; Jokin Zabala, Jose Mari Yarza eta Joxi Mujika epaileek erabaki zutenez.