Auzoetako jai batzordeei omenaldia Sorabillan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:37

ostegunetik igandera ospakizun ugari burutuko da Sorabillan. Ohikoez gain, adunako mugarrira ibilaldia, andoaingo musikarien jaialdia edota auzoetako jai batzordeei omenaldia.

Ostiral goizean Elordi mendi muinora oinezko irteera burutuko da. Belkoain mendiaren hegalean kokatzen den mugarri zaharrera abiatuko dira: Denboran atzera eginez, Sorabilla herri zen garain hain zuzen ere, bertan kokatuta baitzegoen Aduna eta Sorabilla arteko mugarria. Oraindik orain zutik dirau; A (Aduna) eta S (Sorabilla) markak ikus daitezke. Ibilaldiak ordu beteko iraupena izango du. Mugarrira iristerako Burdina taldekoak bertan izango dira, auzolanean egin beharreko lana errazteko. Bide batez, mugarri horri buruzko azalpenak eskainiko dituzte. Auzolanean parte hartuko dutenak Sorabilla eta Adunako plazatik irtengo direla, goizeko 09:30etan.
Arratsaldeko seiretan Gazteleku taldeko pilotarien arteko bi partida interesgarri jokatuko dira. Iturzaetaren omenez jokatutako partiden oihartzuna Sorabillako pilotalekuan oraindik itzali gabe, ziur giro polita sortuko dela.

Andoaingo musikarien emanaldia
Ostiral honetan, iluntzeko 20:00etan, Andoaingo musikarien kontzertu emanaldia burutuko da San Martingo elizan. Ondorengo musikariak izango dira bertan: Joxe Mari Oiartzabal (ahotsa eta tronpeta), Lontxo Oiartzabal (organoa), Elisabet Gallo eta Itsaso Mungia (eskusoinuak), Aran Mujika (biolina), Esti Mujika (teklatuak) eta Xabier Mujika (zeharkako xirula eta txistua). Hainbat konposatzaileen lanak interpretatuko dituzte; hala nola, Bach, Mendelson, Piazzolla, Scarlatti, Lombide, Williams, Oiartzabal…  Kontzertuaren amaieran, musikari horiek denek elkarrekin bi abesti joko dituzte: Xabier Leteren Izotz-ondoko eguzki eta Joxe Mari Oiartzabalen Sorabilla ereserkia. Emanaldian ikusleen artean banatuko diren eskuorrietan bi abesti horien letrak jasoko dira, ikusleek ere abestu ditzaten.
Kontzertuaren ostean ohiko zikiro jatea egingo da, urtez urte hainbesteko arrakasta izan ohi duen ekitaldia.Afariko kideak dantzan jarriko dituena Los Rubi taldea izango da.

Larunbata, haurren eguna
Belkoaingo mendi lasterketak emango die hasiera larunbateko ekitaldiei, baina berehala haurrak nagusituko dira Sorabillan. Hainbat jokoekin gozatzeko aukera izango dute: kros txikia, lokotxa biltzea, zaku lasterketa, pitxerra haustea… Arratsaldean, berriz, astoetan ibilaldiak egin ahal izango dituzte, baita puzgarri eta apar festarekin une atseginak igaro ere. 18:00etan, pailazoen txanda izango da. Hipo eta Tomax bikoteak haurren irribarrea piztea lortu zuten iaz, eta arrakasta berbera lortzera helduko dira Sorabillara aurten ere; “Kontuz, indioak datoz” ikuskizun berria ekarriko dute horretarako.    
Sardina jatea eta lagun arteko afari herrikoia iragarri dira ondoren, bertaratutako haur eta helduen sabelek eskertuko dutena. Eingoaldeu taldearen eta DJ Shaker-en doinuek giroa alaitu egingo dute.

Auzoetako JAI BATZORDEEI omenaldia
Igandeko egitarauari dagokionez, herriko pertsona edo elkarteen ahaleginak goratzeko egiten den ekitaldia nabarmendu beharko genuke, beste ekitaldien gainetik. Auzoetako jai batzordeak gogoratuko dira aurten, omenaldia eskainiko zaielarik. Musutruk, makina bat orduko dedikazio eta beste hainbesteko buruhausteren ostean, Andoaingo herriari, nork bere auzotik, bizitasuna ematen dioten herritarren lana aitortu nahi diete, hain zuzen ere. Kaletxiki, Goiburu, Buruntza, Santa Krutz, Etxeberrieta eta Karrikako jai batzordeetako kideak omenduko dituzte.
Ardi zakurren lehiaketak eta sagardo dastaketak emango diote amaiera aurtengo Sorabillako jaiei. Jaiak iraun bitartean eta hurrengo egunetan ikusgai izango dira aiurri.com gunean argazkiak nahiz bideoak.

 

SORABILLAKO JAIAK 2011
EGITARAUA:


IRAILAK 8, OSTEGUNA
KORUKO AMABIRJINAREN EGUNA
11:15 Txupinazoa, suziriak eta kanpai errepika.
11:30 Meza Nagusia. Alberto Agirre abesbatzarekin.
12:15 Hamaiketakoa auzotarrentzat.

IRAILAK 9, OSTIRALA
09:30 Elordira mendi itzulia eta auzolana Burdina taldearekin, Aduna eta Sorabilla arteko mugarriaren inguruan.
18:00 Eskuzko bi pilota partida, Gazteleku taldeko pilotariekin:
        Oier Otamendi-Koldo Ponce / Eñaut Iruretagoiena-Iurgi Mujika.
        Jon Eskudero-Unai Etxeberria / Jon Beloki-Jon Jauregi.
20:00 Musika kontzertua San Martin elizan, herriko musikariekin.
21:00 Zikiro afaria. Zozketak afalkideen artean. Dantzaldia: “Los Rubi” taldearekin.
02:00 Txokolate beroa.
03:00 Jaiaren amaiera.

IRAILAK 10, LARUNBATA
10:00 Belkoaingo mendi lasterketa herrikoia.
11:00 Haur lasterketa eta jokoak: lokotxak, zakuak, pitxerrak… Sariak partaide guztientzat.
17:00 Haur jolasak: astoak, puzgarriak eta apar festa.
18:00 Antzerkia: Hipo eta Tomax pailazoak: “Kontuz, indioak datoz”.
20:00 Sardina jatea.
21:00 Lagun arteko afari herrikoia.
21:00-23:00 Dantzaldia karpan: Eingoaldeu.
03:00 Jaien amaiera.

IRAILAK 11, IGANDEA
10:30 Diana: Eskopeteroen konpainia eta “Aupa Sorabilla” txaranga.
11:30 Meza nagusia.
12:15 Omenaldi herrikoia Andoaingo auzoetako jai batzorde kideei: Etxeberrieta, Goiburu, Karrika, Kaletxiki, Buruntza eta Santa Krutz.
12:30 Hamaiketakoa.
17:00 Ardi txakur lehiaketa.
19:00 Sagardo dastatzea, herri kantu kalejirak alaiturik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!