Euri ugari, baina alaitasuna nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:33

Villabonako herritarrek hainbat ekitaldiz gozatu eta parte hartzeko aukera izan zuten aurten ere, uztailaren 24tik 31ra bitartean.

Santio festetan giro ona eta herritarren parte hartzea nagusitu ziren. Lehen egunetan, negu betea bailitzan, euria izan zen protagonista nagusietako bat. Astearen erdi parean atertu eta indar handiagoa hartu zuten festek, oso bukaera indartsua izateraino: su artifizial eta guzti.

Uztailaren 24tik 31ra, astebetean ekintza ugaritan parte hartu eta gozatzeko aukera izan zuten herritarrek Santio festen baitan. Aurten gainera, uztailaren 23 iluntzean ekin zitzaien herritarrek bideratutako ekintzei. Izan ere, festak hasi bezperan, guztira ehun herritar inguruk hartu baitzuen parte ‘Gartxot, Itzaltzuko bardoa’ ikuskizunean. Elkarlanean aritu ziren Eresargi abesbatza, Loatzo musika eskola, Oinkari dantza taldea, Remi gogoan ekimena, antzerki tailerreko kideak, Onddo gazte asanblada, Hutsunea Betez emakume taldea, Bai Euskal Herriari taldea nahiz hainbat herritar. Denbora laburrean prestatu bazuten ere, emanaldi indartsu bezain lotua aurkeztu zuten ikus-entzuleen gozamenerako. Herritarrek txalo zaparrada luzearekin eskertu zuten parte hartzaileek eginiko saiakera eta, bereziki, talde ezberdinen arteko batura.

Euriaren aurrean alaitasuna
Uztailaren 24an, Amasa-Villabonako Etxerat elkarteko kideek jaurti zuten jaiak iragartzeko txupinazoa, euren senide preso eta iheslariak gogoratuz, zirimiria lagun izanagatik, Errebote plaza jendez gainezka zegoela. Erraldoi eta buruhandiek ere ez zioten euriari beldurrik erakutsi eta festetako lehen kalejira egin zuten, klarinetistek lagunduta, haur eta helduekin batera.

Eguraldi petralaren ondorioz, lehen eguneko hainbat ekintza lekuz edota egunez aldatu zen: Esaterako, herri bazkaria Errebote plazan beharrean Txermingo ikastola azpian izan zen. Koadrila ugari elkartu zen bertan, -–500 lagun pasatxo–, eta ohi denez, giro ederra nagusitu zen. Arratsaldean Zozongo batukada taldeak lehertu arazi zuen festa, doinu indartsu bezain alaiak eskainiz. Eguraldi txarraren ondorioz, pilota txapelketa atzeratu egin bazen, sanda emanaldia bertan behera geratu zen. Futbito txapelketako finala, berriz, plazan jokatu zen eta Zipoteen Erreinua taldeak (ZE) irabazi zuen, Antitodo taldearen aurka. Gaueko danborradan, azken urteetako jenderik gehien bildu zen. Iaz bezala, Remi Ayestaranen oroitarriaren aurrean geldialdia egin eta kantu parea eskaini zioten. Izan ere, bera izan baitzen duela lau bat urte danborrada berriz ere indarrean jarri zuena. Lehen egunean euria gogoz egin bazuen ere, giro ona nagusitu zen egunean bezala gauean ere.

Santio eta Santana egunak
Santio eguna ere euritsua izan zen goizetik hasita. Baina egitarauan aurreikusitako ekintza guztiak burutu ziren: besteak beste, Udal korporazioak urteroko bisita egin zuen Santio egoitzara klarinetistekin batera, kalejiran. Arratsaldean, bestelako ekintzekin batera, Atari Bizi lehiaketako sariak banatu ziren plazan eta Julia Aldaz herritarrak eskuratu zuen balkoirik ederrenaren lehen saria. Maria Jesus Gonzalezek jaso zuen bigarrena eta Xarmant ile-apaindegiak patiorik politenarena. Eguraldi bustiak hala baldintzatuta, Santio eguneko urteroko Soka-Dantza emanaldia Errebote plazan beharrean Behartzana pilotalekuan egin zen. Berrikuntza nagusia Galder Azkue alkateak herritarrei eskaini zien ongi-etorri aurreskua izan zen, erantzun gisa txalo zaparrada beroa jaso zuena. Oinkariko dantzariekin batera hartu zuen parte gero alkateak Soka-Dantzan eta Udal korporazioko hainbat emakume ere dantzan aritu zen fandango eta arin-arinean.

Santana eguna herriko jubilatuei eskaini zitzaien. Urtean zehar egindako lanak erakusteaz gain, Txermingo ikastola azpian bazkaldu eta ondorengo dantzaldian parte hartu zuten giro ederrean. Era berean, kirol ekintza ezberdinak gauzatu ziren egun horretan; besteak beste, bikote ugarik parte hartu zuen mus txapelketa, herriko eta Iparraldeko pilotarien arteko Joko Garbi partida edota Txermingo zelaian jokatutako I. Toka txapelketa jendetsua.

Gazteen eguna
Uztailaren 27a, berriz, gazteei zuzendutako eguna izan zen. Euri zaparrada zela eta, eguerdiko baltsa jaitsiera larunbatera atzeratu bazen ere, gazte ugari bildu zen Berdura plazan bazkaldu eta bereziki arratsaldeko Orkresta nacional elektrotxarangarekin batera egin zen mozorrotutako kalejira koloretsuan. Gaueko izarrak 121 Krew, Canteca de Macao eta Jostion taldeak izan ziren. Oso emanaldi ezberdinak eskaini zituen bakoitzak: hip-hopa lehenak, runba bigarrenak eta metal doinuak azkenak. Jende ugari gerturatu zen kontzertuen gauean plazara. Jostion talde billabonatarra izan zen azkena eta saioarekin berandu hasiagatik, herritarrek gogoz itxaron zioten euren emanaldiari.
Urtero legez, arratsaldean jende asko bildu zuen Txermingo ikastola azpira txekor jate nahiz sagardo dastaketak.

Uztailaren 28ko atseden eguna eta gero, 29an eguraldi bikainarekin burutu zen koadrilen eguna. Etxe-Ondoko zelaia txiki geratu zen herritar guztiak biltzeko. Bazkarian giro ona nagusitu bazen, arratsaldeko kalejiran jo zuen gaina egunak. Txarangaren laguntzarekin, jai giro mundiala izan zen herriko kaleetan.
Festetako azken txanpa
Uztailaren 30ean, dudarik gabe, Oinkari dantza taldeak antolatutako Erromeria egunak izan zuen harrerarik beroena. Jende asko elkartu zen arratsaldean hasita sagardo dastaketara, Porrotx pailazoaren topara, bildots afarira, bertso saiora nahiz gaueko dantzaldietara. Uztailaren 31n, azken egunean, beste ekintzen artean, Arratzain irristaketa taldeak antolatutako haur eta helduentzako irristaketa lasterketak oso harrera beroa izan zuen. Espero baino partaide gehiago izan zen: 91 ume eta 155 heldu, guztira. Euskal Herriko txoko ugaritatik gerturatu ziren partaideak: herritar nahiz eskualdekoez gain, Iruñea, Donostia nahiz Bilbokoak, esaterako.

Arratsaldean, II. San Ignazio giza proba saria jokatu zen Urretxu, Orio eta Aiztondoko taldeen artean. Talde bakoitzak 950 kiloko harriari tira egin zion 20 minutuz. Giro ezin hobea sortu zen eta ez zen animurik falta izan taldekideentzat. Azkenean, 53 itzuli egin ondoren, Aiztondo taldeak irabazi zuen. Bigarren Orio izan zen 51 itzuliko emaitzarekin eta hirugarren Urretxu, 47 itzulirekin.

Giza proba amaituta, Remi Ayestaranen heriotzaren II. urteurreneko omenaldia burutu zen, Remi gogoan ekimenaren eskutik. Lore eskaintza hunkigarria egin zioten herriko talde eta elkarte ezberdinetako kideek eta sentimenduz prestaturiko ekitaldian Remiren heriotzaren inguruan justizia egiteko eskatu zuten ekimeneko kideek.

Oinkari dantza taldeko kideek jarri zioten azken puntua aurtengo Santioei. Dudarik gabe, puntu indartsu eta originala. Ilusio bereziz prestatu zuten festen amaierako azken ekintza dantza taldeko kideek. Piratez jantzita, altxorraren bila jokoa izan zuten oinarrian, festetako ekintza ezberdinetan parte hartu zuten herritarrek pista zehatzak ematen zizkielarik. Altxorra, –amaieran jan egin zuten erroskila–, aurkitu bitartean, festetako ekintzetako argazkiak erakutsi zituzten. Jokoaren amaieran, altxorra aurkituta, su artifizialekin agurtu zituzten 2011ko festak, antzina bezala.

ARANTZA BAKARRA
Oro har hartuta, festen inguruko oso irakurketa baikorra egin badaiteke ere, giro on hori hautsi zuen gertaera ere izan zen tartean. Uztailaren 30 goizaldean adunar gazte batek besoan zauri sakonak izan zituen beste gazte batek botila hautsi batekin eraso egin ondoren. Hurrengo egunean, erasotzailearen etxe aurreraino ehunka lagunek parte hartu zuten manifestazioa egin zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!