Andramari jaiak Zizurkilen: Herri kirolak, herria batuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:28

Elkarren arteko solasaldi batetik sortutako ideia errealitate bihurtu zen eta sekulako arrakastarekin gainera. Jendetza elkartu zen eskola atzeko zelaian eta Plaza Berrian herriko berrogei gazteren lana ikusteko. Auzoak auzo, Zizurkil herri bat dela argi aldarrikatu zuten abuztuaren 14an.

Bi atal nagusi
Herri kirol lehiak bi atal nagusi izan zituen. Lehenik eskola atzeko zelaietan, hamabi pertsonako bi talde mistotan banatuta, hainbat proba egin zituzten goiko eta beheko neska-mutilek. Txingak, lokotxak, trontza, ingudea, zaku eramatea eta karretila izan ziren egin beharrekoak, guztiak erreleboka. Hiru itzuli egin behar izan zituzten, hau da, hiru aldiz proba bakoitza. Oro har, maila ona eman zuten guztiek ere, nabarmentzekoa esaterako, ingudean neskek emandako maila.
Hala ere, lehia desorekatu zuena trontza izan zen. Zizurkil goiko taldeak behekoak baino teknika hobea erakutsi zuen eta ekinaldi bakoitzean egin beharreko bi korteak azkarrago egin zituzten, bi taldeen artean aldea handitu eta lehen puntua eskuratuz. Zelaian egin zen ataleko irabazlea beraz, goiko taldea izan zen.

Giza proba, gogorra
Zelaiko lanak amaituta, Plaza Berriko probalekura joan ziren bertaratutako ehunka herritar. Izan ere, bertan prest ziren Zizurkil goiko eta beheko taldeak, 800 kiloko harriarekin giza proban aritzeko. Hamabost minutuan nork plaza gehiago egin, horixe zen erronka. Zozketak hala erabakita, Zizurkil goiko taldea izan zen proban hasten aurrena. Zortzi mutil aritu ziren talde bakoitzean. Goiko taldean lehen lerroan Unai, Jon, Aratz eta Xanti, bigarrenean Unai eta Iban, eta hirugarrenean Josu eta Jon. Joseba izan zuten entrenatzaile eta lan bikaina egin zuten. Are gehiago, kontuan izanda, aste gutxiko entrenamenduarekin atera zirela plazara. Lan erdietan hamasei plaza zituzten eginak eta hamabost minutuak betetzerakoan 33 plaza eta zazpi zintako eginak zituzten. Nekea aurpegian, baino jendearen txalo zaparrada artean amaitu zuten lana.
Goikoen lana ikusita, Zizurkil beheko taldea lan handia egin beharko zuela jakitun atera zen plazara. Hauek osatu zuten taldea: Lehen lerroan, Iker, Mikel, Haritz eta Mikel, bigarrenean Aitor eta Andoni, eta hirugarrenean Ibai eta Julen. Aitor izan zuten behekoak entrenatzaile. Mutil finagoak izan arren, berehala ikusi zen lanerako indartsu zetozela, lehen minutuan hiru plaza egin baitzituzten, goikoek baino bat gehiago. Lan erdietan ere, 17 eta erdi zituzten eginak, herritarren txalo eta animoen artean. Ondoren ordea, arazo bat izan zuten. Taldekide bati, Andoniri, harria eramateko tramankulura lotzen zuen giltzetako bat hautsi zitzaion eta ondorioz zenbait segundoz geratu eta aldatu egin behar izan zuten. Horrek emozioa eman zion azken zatiari, baina behekoek talde bikaina direla erakutsi eta 35 plaza eta zazpi zinta eginda puntua eskuratu zuten. Guztiek ere, lehertuta baina pozik amaitu zuten lana.

Denak irabazle
Zelaiko proban goikoak nagusi izanda eta giza proban behekoak, sokatira izan zen berdinketa hautsi zuena. Talde bakoitzeko lau mutil eta lau neska aritu ziren tiraka, eta goikoak izan ziren nagusi. Amaiera polita izan zuen gainera lehiak, goikoen nagusitasuna ikusita, beheko taldeko jende gehiago hasi baitziren tiraka eta azkenean bi taldeetako hainbat kidek sokatiran amaitu zuten, jendearen txaloen artean. Izan ere, lehia nork irabazi zuen baino gehiago, herria bera izan zen irabazle. Goiko eta beheko gazteek lekzio ederra eman zuten, elkarren arteko giro ona eta laguntasuna nagusi izan baitzen proba osoan. Horren adibide, behin proba amaituta elkarrekin afaltzera joan zirela guztiak eta abuztuaren 16an ere bazkaria izan zuten lehian aritu ziren gazteek, herriko jubilatuekin batera. Zalantzarik gabe, herri kirolak herri batzeko tresna izan dira aurtengo jaietan.

Festek utzitakoa
Luze zabal aipatu dugunaz gain, aurtengo Zizurkil goiko jaiek irudi asko utzi dituzte jendearen gogoetan. Besteak beste, oilasko biltzen ateratako gazte mordoa nabarmendu behar da, 50etik gora ibili baitziren baserriz baserri. Ume festan ere Zizurkil herri gaztea dela argi geratu zen eta bertso jaialdian, Arkaitz Estiballesek kantatutako bakarkakoa oroituko da datozen hilabeteetan ere. Txan magoak, eta Anje Dualde eta Txomin Artolak egindako bisitak ezin dira ahaztu, eta festen amaiera gisa, aita santuaren etorrerak aho bete hortz utzi zituen zizurkildarrak.  Gehiago jakin nahi duenak, hurrengo urtean festan murgiltzea besterik ez du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!