Elbarrenako Maurizio Dorronsoro zizurkildarra, festazalea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:26

Maurizio Dorronsoro zizurkildarra Beti Argi koadrilako kidea da. Zain-zain dago, herriko festak noiz iritsiko. Lehengo eta egungo festa giroaz hitz egin du:

Festazalea omen zara. Herrikoak iristeko gogoz, beraz?
Gogoko ditut herriko festak eta noiz iritsiko zain nago. Egun horietan lantokian lanik ez jartzea espero dut. Herriko festetan ekintzetan parte hartu behar da.

Zer gustatzen zaizu gehien Elbarrenako festetatik?
Eguerditik hasita, dudarik gabe, koadrilen eguna izaten da onena. Bazkaria eta ondorengo jolasetan oso giro ona sortzen da eta urtero hartzen dugu parte koadrilako lagunok. Bestalde, aurten, igandean arrantzalez jantzita egingo den dantza saioa oso polita izango dela iruditzen zait.

Zein beste ekintzatan hartzen duzu parte lagunartean?
Koadrilen egunean ez ezik, Kantu-Jiran ere parte hartzen dut; Epergain kantu taldeko kide naizenez. Giro polita sortzen da kalez kale.

Antolakuntza lanetan ere arituko al zara festetan?
Urkamendi elkarteko bazkide gisa, sardina jatea antolatzen arituko naiz. 1982 urteaz geroztik urtero antolatzen du ekintza hori elkarteak. 10:00ak aldera elkartzen gara eta ikatza berotu eta gainerako prestaketak egin ondoren, eguerdian sardinak banatzen aritzen gara. Jende asko gerturatzen da, baita kanpotik etorritakoak ere.

Ikusle gisa, festetako zein ekintza ez duzu sekula galtzen?
Ahal dudan guztietan bertsolariak ikustea gustatzen zait. Aurten gainera, oso bertsolari onak izango dira. Bestalde asto karrera ere oso gustuko dut. Zizurkilen tradizio handia du: betidanik ezagutu dut. Garai batean, Pitas fenomenoa zen karrerak irabazten. Sari bezala ardo garrafoia eta astoarentzako aza ematen zuten eta gustura geratzen zen hura. Aunibarko Inaziok ere asto ona zuen eta urte askotan irabazi zuen lasterketa. Orain karrera irabazteari baino garrantzia gehiago ematen zaio mozorroari, baina uste dut sari berberak mantentzen dituztela.

Alderik nabaritzen al duzu oraingo eta lehengo festen artean? Ezer botatzen al duzu faltan?
Gure gazte garaitik gaur egunera asko aldatu dira festak. Orduan Ardatza dantza taldea zegoen Zizurkilen eta oso giro ona sortzen zuen herrian. Besteak beste, motokrosa eta tiroplatoa antolatzen ziren. Orduko festa giroa diferentea zen, baina egungoa ere gustatzen zait. Denarekin konformatzen naiz ni.
1990eko hamarkadatik 2000 urtera arte bakailao lehiaketa antolatzen zen festetan. Nik hiruzpalau urtetan hartu nuen parte eta azken urtean irabazi egin nuen. Berriz ere antolatuko balitz, gustura hartuko nuke parte.

Noiz kaleratu ziren blusak Zizurkilgo jaietan?
1978an sortu zen blusak egiteko ohitura. Urte hartan pare bat blusa besterik ez ginen: Hordago eta Beti Argi. Geroztik, urtez urte indartzen joan da ohitura hori eta orain umeek ere badituzte. Aurreneko bi haiek gara herriko blusarik zaharrenak. Blusak sortu aurretik, ordea, Euskal Herriko probintziak biltzen zituen maparen marrazkiarekin kamiseta atera zen festetarako.

Kontatzeko moduko festetako pasarterik izango duzu…
Duela urte mordoa, Josu Galarza eta biok ailegatu ginen aulki jokoan finalera. Nik azken momentuan aulkia kendu egin nion eta deskalifikatu egin ninduten horregatik. Gaueko ordu txikitan, berriz, Zentroan musika jarri zigun Gotzonek eta errebantxa egin genuen. Irabazi egin nion orduan Josuri eta gustura geratu nintzen.

Festetan, eguna edo gaua nahiago?
Garai batean gaua, baina orain eguna. Gauez ere pixka bat ibiltzen garen arren, luzatuz gero arriskutsua izaten da. Are gehiago eguerditik hasiz gero.

Dantza zalea al zara?
Dantza zalea baino gehiago kantu zalea. Kantu Jiran ez ezik, koadrilako bazkari eta afarietan ere abesten dugu.

Mozorro gauean mozorrotzeko asmorik?
Ez. Inauterietan mozorrotzen banaiz ere, festetan urte bakarrean mozorrotu naiz.

Festetan jateko? Eta edateko?
Koadrilen egunerako isats gisatua prestatzen dut. Gustuko lana da niretzat. Aurrez paella izaten dugu. Edateko, sagardoa.

Parrandarako konpainiarik onena?
Edozein. Festetan denak ezagutzen gara.

Ajearen kontrako erremediorik?
Badago erremediorik, bai: Iñaki Mujikak Actron eferbeszentea gomendatzen zuen kasu horietarako eta arrazoi zuen: ondoez guztiak kentzen ditu.

Festen bezperetan herritarrei mezurik luzatu nahi?
Aurtengo egitaraua gustatu zait, aurreko urteetakoa baino hobea iruditu zait. Festa batzordeko kideek egitarau polita osatu dute, ekintzaz bete-betea. Antolatzaileak saiatu dira. Nik parte hartzeko deia egingo nuke, partaidetzak sortzen baitu festetan giro ona.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!