Egitarau berritzailea Zizurkilgo Elbarrenan, aurtengo jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:25

Festa egitarau betea eta berritzailea osatu du Zizurkilgo festa batzordeak aurtengorako. Batzordeko kideek ekintzatan parte hartzeko eta festetan ondo pasatzeko deia egin dute.

Egitaraua

Jai batzordearen inguruko artikulua, jarraian:

Azken urteetan bost bat lagun bildu izan da festa batzordeko bileretan eta aurten, ahalik eta jende gehien elkartzeko apustua egin zuten; bilerekin hasi aurretik, koadrila guztietako kideekin harremanetan jarriz. Idoia Barandiaran batzordeko kideak aipatu duenez, “adin ezberdineko jendea bilduz, festak anitzagoak izatea lortu nahi genuen; gainerakoan oso antzeko perfilekoak biltzen baikara. Gainera, bizpahiruren artean banatzen den pisua jende gehiagoren artean banatu nahi genuen. Baina aurten ere jende gutxik hartu du batzordean parte. Hurrengo urteetarako, festetako egitaraua guztion artean osatu eta kudeatzeko jende gehiago animatzea eskertuko genuke”.

Txupinazoa indartu, danborrada berreskuratu
Egitarauaren baitan, hainbat berrikuntza izango da: batetik, txupinazoa indartu nahi izan dute, “izan ere plazan karpa egonda eta txupina kultur etxeko leihotik botata, oso hotz geratzen baitzen ekintza hori. Urtez urte ahultzen joan da”, Idoiaren ustetan. Ondorioz, suziria leku beretik jaurti arren, plazan bertan irakurriko da aurtengo pregoia eta aurretik, duela bi urte berriz ere festetako ikur bilakatu zen Melokotoiaren kalejira egingo da herrian zehar. Bestalde, lehen gaueko herri afariaren ondoren, duela hamabost urte inguru galdu zen danborrada berreskuratuko da. “Iaztik dator kontua: lehen egiten zela eta danborrada berreskuratu beharko genukeela esaten genuen arren, iaz ez ginen animatu. Aurten, jendeari galdetu eta gogotsu zegoela jabetuta, aurrera egitea erabaki genuen: dagoeneko 70 pertsonek eman dute izena”. Gauerdian, ‘Jun da jo’ txarangarekin batera ibiliko dira kalez kale, Joxe Arregi plaza abiapuntu eta helmuga izango delarik.

Balkoi lehiaketa eta 3X3 saski txapelketa
Orain arte plazan lore lehiaketa antolatzen bazen, aurten balkoi lehiaketa antolatu da. Festa batzordeko kideek loradendako Garazirekin harremanetan jarrita erabaki dute aldaketa hori egitea. “Dagoeneko Zizurkilgo hamar bat balkoi dotoreenen argazkiak jarrita daude Atxulondo Kultur Etxean. Nahi duenak argazkiak ikustearekin batera, balkoirik gogokoenari botoa eman diezaioke eta boto gehien biltzen dituenak jasoko du saria. Ekintza polita da: norberak ere ez baitaki bere balkoia aukeratua izan denik”, adierazi du Idoiak. Bestalde, Gazte egunean, ohiko ekintzak ez ezik, aurten 3X3 saskibaloi txapelketako finala gehituko zaio egitarauari. “Gazte koadrila batek proposatu zuen eta primerako ideia iruditu zitzaigun batzordeko kideoi. Herritar ugarik eman du txapelketan izena. Irailaren 2an kanporaketekin hasita, festetan jakingo da azken emaitza”.

Arrantzale herria
Duela bi urte hasi ziren azken egunean zizurkildarren arteko dantza emanaldia eskaintzen. Hirugarren edizioan, dantza, kantua eta musika uztartuko dituzte herritarrek, kantu taldeak eta Loatzo musika eskolako kideek. “Arrantzalez jantzita hartuko dugu parte eta bi dantza nagusi izango dira aurten: Sardinerak eta Banakoa. Aukeratutako bi dantzek elkarren artean loturarik ez dutenez, arrantzale herria irudikatzea bururatu zitzaigun, bi familia borrokan erakutsiz”, argitu du zizurkildarrak. Ikuskizun horretan izango du tarterik festetako izarrak –Melokotoiak– ere. Baina ez dugu guztia aurreratuko. Onena, irailaren 11n Joxe Arregi plazara gerturatu eta zuzenean ikustea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!