Parte hartze handia Allurraldeko jardueretan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:07

Allurraldeko erabiltzaileek egun hauetan kirol jarduera eskaintza zabala izan dute aukeran. Ohi bezala, spining-a edota yoga izango dira arrakasta gehien dutenak. Irailaren 19an hasiera emango zaie kirol jarduera gehienei. Igeriketa ikastaroak, aldiz, urriaren 3an jarriko dira martxan.

Aisialdia kirolarekin lotzeko joera areagotzen ari da. Bestela esanda ere, geroz eta handiagoa da prestakuntza fisikoari denbora gehiago eskaintzen dion herritar kopurua. Datuak oso argigarriak dira: Aurreko ikasturtean Allurraldeko kirol jardueretan ehunka partaide izan ziren aretoko nahiz igerilekuko jardueretan. Igoera urteko sasoi guztietan nabaritzen ari da. Uda honetako erabiltzaile kopurua ere, iazkoarekin alderatuz, %13 igo da. Beraz, kirola maiztasunarekin egiteko joera geroz eta errotuagoa da Andoainen.

Aurreko ikasturteko datuak
  • Guztira 775 partaide
  • Aerobik-a:     130
  • Funky-a:     26
  • Spining:     221
  • Fit Pump-a:    50
  • Fit Balance-a:     82
  • Fit Pump + Fit Balance-a:    14
  • Mantenimenduko soinketa:     53
  • Fitness-a:     41
  • Yoga:     81
  • Aquagym-a:     77


UDAKO ikastAROETAko datuak
Guztira 578 partaide
Helduak:     164
Haurrak:     414

Uda honetan haurrek hamaika jarduera probatzeko aukera eduki dute: eskalada, patinak, golfa eta baita musikarekin loturiko bestea.

ikasturte berria, deialdia irailaren 19tik aurrera
Iazko kopuruen bidetik joango da aurtengoa ere. Abuztuaren 29tik irailaren 6ra bitarte, kirol ekintzatan parte hartzeko izen-ematea zabalik izan da. Eskaria eskaintza baino handiagoa den kasuetan zozketa egingo da irailaren 12an.
Zozketaren emaitzak ikusgai izango dira Allurralden bertan irailaren 14an eta 15ean. Ikastaroak irailaren 19an hasiko dira. Igeriketarekin loturiko ikastaroak, aldiz, urriaren 3an.
Berrikuntzaz beterik dator ikasturte berria. Batetik, eskaintza zabaldu dutelako kirol jarduera konbinatuak edota gazteentzako spining ikastaroak eskainiz.

Instalakuntza berriak Fitness aretoan
Eta, bestetik, fitness aretoaren ekipamendua ere berritu egin dute. Tonifikaziorako 15 makina berri ipini dituzte, Technogym markakoak. Kiroldegiko arduradunen esanetan, erosoak eta biomekanika aldetik oso onak dira.
Makinak aipatzen hasita, Allurraldeko arduradunek erabiltzaileei toalla erabiltzea erregutu nahi diete. Higienikoki eta makinen tapizatuak zaintze aldera, toalla erabiltzea behar-beharrezkoa ikusten dute. Prentsa oharrean Kirol patronatuak zera adierazi du: “guztion onurarako erabiltzaileek kontzientzia eduki dezatela eta gimnasioan toalla bat erabil dezatela beti”.
Instalakuntzatan ez da aldaketa bakarra izan. Futbol zelaiko belarra ere uda honetan aldatu dute. %100ean Aldundiak finantzatuta eta 171.000 euroko aurrekontuarekin, futbol taldeek zelai berria izango dutela esan daiteke.

ARETO FUTBOL TXAPELKETA: Deialdia zabalik
Irailaren 14ra bitarte, Allurraldeko bulegoetan areto futbol txapelketan parte hartzeko aukera zabalik dago. Gehienez ere 24 taldek parte hartuko dute. Txapelketa irailaren 24an hasiko da. Hori baino lehen, bilera deitu dute irailaren 15ean Ubitarteko bilera gelan. 19:30etan hasiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!