Burdina taldea, udan ere lan eta lan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:04

Burdina taldeko kideak ez daude geldirik egoteko, eta hainbat ekimen burutu dituzte azken asteetan, ondasun historikoen berreskurapenari dagokionez.
Leitzarango bailaran jarri dituzte ahaleginik handienak. Ollokiegi baserrira doan zubia edota Bizkotx eremuan karobi bat garbitu dituzte.

Abuztuko azken egunetan Kale Berriko zubiaren azpi-azpian zegoen garbitoki bat txukundu eta bistaratu egin dute. Leitzaran ibaiaren bazterretan gaur egun ikus daitekeen bigarren garbitokia da hori. Ahozko lekukoei esker, jakinekoa da XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran garbitoki mordoa eraiki zela Leitzarango ibaiaren albo batera zein bestera. Etorkizunean, bada, garbitoki gehiago topatzeko itxaropena azaldu dute Burdinako kideek.
Egunotan bolondres horiek Amasa-Villabonan jarri dituzte indarrak. Karobi eta garbitoki bana berreskuratzera joan dira bertara. Datorren ostiralean, berriz, Andoainen jarraituko dute lanean.
Sorabillara hurbilduko dira,  Aduna eta Andoain arteko muga zehazten duen mugarri baten ingurua txukuntzeko asmoa daukatelako. Ekimena, Sorabillako jaien barruan kokatzen da.
Uda honetan, esan bezala, Burdinakoak lan eta lan aritu dira. Eta Leitzarango bailaran jarri dituzte ahaleginik handienak. Bizkotxen, esaterako, kaltzinazioko labeen beheko ahoa txukuntzen pasa dituzte zenbait egun.
Ollokiegin, berriz, bertako burdinola zaharraren hormak eta ur biltegia sendotu egin dituzte. Antzinako agiriek diote XV. mendean eraiki zela burdinola, eta XIX. mendeko azken herena arte aritu zela lanean. Bertan egin diren indusketetan, hainbat tresneri agertu da, metala galdatzeko erabiltzen zituztenak bertako olagizonek: hala nola, sargentak, harri-zulatzaileen piezak…
Lehenengo fasea amaiturik, bigarrengo bati ekingo diote aurrerantzean, eta besteak beste, aurkitutako elementu guztiak ikertu egingo dira. Burdinako arduradunen iritziz ustekabeko bideak ireki ditzake ikerketa horrek, eta beraz, ez dute baztertu ondasunen berreskurapen prozesuan pauso berriak eta interesgarriak etor daitezkeela dioen hipotesia.

Ollokiegiko zubia
Horrez gain, Ollokiegi baserria eta burdinola batzen zituen XVI. mendeko zubia ere garbitu egin dute; egun ia erabiltzen den arren, antzina funtzio garrantzitsua bete omen zuen bailaran, Burdinako kideek adierazi dutenez. Hain zuzen, Nafarroako (Goizueta eta Arano) eta Gipuzkoako (Berastegi, Elduain, Andoain…) biztanleak harremanetan jartzeko oinarrizko azpiegitura izan ohi zen. Esan beharrik ez dago bailara euren jardun toki naturaltzat zeukaten egurgin, ikazkin,  olagizon, estraperlari edo kontrabandistei ere zenbateko mesede egingo zien zubi horrek.
Bolondresek gaineratu dutenez, zubi honen estetika ere nabarmentzekoa omen da; Edertasunari dagokionez, Unanibiko zubiarekin alderatu duenik bada.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!