Alkatearen aurkako mehatxuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 17:04

Andoaingo Udal ordezkari berriek kargua hartu zutenetik hasi ziren Ana Carrere Zabala alkatearen aurkako mehatxuak. Gutunak, deiak, paskinak..., irainak eta mehatxuak areagotu egin ziren bizkartzainen aferak iraun bitartean.

Garai hartan Andoaingo alkatea hedabide guztien jomugan zegoen. Aferaren inguruan elkarrizketa bakarra eskaini zuen, hura Aiurri astekariari. Elkarrizketa hartan Carrerek berak afera pertsonalizatzen eta urrunegi iristen ari zela adierazi zuen: “asko pertsonalizatu den gai bat izan da, beharrik ez zegoenean. Herrian ez da polemikarik izan. Joko politiko-mediatikoan sartu gaituzte, baina gu herrigintza egitera etorri gara udaletxera”.
Ordurako mehatxu ugari jaso zituen, eta horiek denak isilpean gordetzea erabaki zuten. Aipatu behar da mehatxuen jomugan agertzen zela Euskal Herritarrok koalizioko Joxean Barandiaran Ezama alkate ohia ere.
Udaberritik hona Andoaingoa ez da mehatxuak jasotzen hasi den Bilduko ordezkari bakarra izan. Besteak beste, Lasarteko alkatea ere irainen eta mehatxuen jomugan sartu dute.
Andoaingo Udal ordezkari nagusiaren aurkako mehatxuek etenik ez zutela ikustean Andoaingo alkateak abuztuaren 5ean agerraldia eskaini zuen jasotako mehatxuen berri eman eta horien salaketa egingo zuela iragartzeko.
Koalizioko kideak lagunduta, herriaren alde lan egiteko konpromisoa berretsi zuen, zera gaineratuz: inork eta ezerk ez zuela atzera botako.
Hurrengo egunetan PSEko Amutxastegik eta PPko Guerrak Andoaingo alkatearen aurkako mehatxuak gaitzetsi zituzten.
Sinadurari erreparatuta, gutunetako baten egilea abertzaleen aurka ekiten ohituta dagoela dirudi. Josu Erkoreka EAJ-PNVk Espainiako kongresuan duen hautetsia ere mehatxatu zuen. Josuerkoreka.com blogean irakur daiteke, 2008ko data daraman idatzian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!