Xabier Leteren omenez Euskal Herrian barrena emanaldi ugari egiten ari dira hilabeteotan, eta hurrengoetarako beste hainbeste iragarri dituzte. Kantari, idazle eta bertsolari ezagunek parte hartuko dute kantaldi horietan.
Aurtengo jaien atarian, Xabier Lete oroitu eta omenduko dute Urnietan. Irailaren 23ko kantaldia, ordea, oso bestelakoa izango da taula gainera igoko diren musikari eta kantari guztiak herrikideak izango direlako. Urnieta herriak Xabier Leteri abestuko diola esan daiteke. Aitortza bat izango da, Oiartzunen jaio eta Urnietan bizi izan zen kantariaren alde. Omenaldi itxura hartuko du, Leteren ekarpena oso handia izan zelako. Eta, azkenik, hezitzailea ere izango da. Antolatzaileek Leteren kantuak eta hitzak denboran iraunarazteko borondate irmoa dutelako.
Anabas taldeak hilabeteak daramatza kantaldia prestatzen. Musika doinuak doitzeko, adibidez, astelehenero biltzen ari dira. Fermin Zinkunegik dioenez, "denbora eman dugu ikuskizuna finkatzen. Xabierren lana hain oparoa eta zabala izanik, adierazpide ezberdinak kontuan hartu behar dira. Horregatik denbora hartu behar izan dugu emanaldiaren egitura bideratzen ".
Antton Jauregik, berriz, zehaztapen argia egin nahi du emanaldiaren sorburuaren harira: "Xabier Lete hil zenean, eta aurretik Lourdes hil zenean ere, Urnietan omenaldirik ez zela egin azaldu izan da. Eta esan beharra dago Udala eta herriko eragileren bat baino gehiago haiek omentzen saiatu zirela. Baina Xabierren eta Lourdesen ezezkoarekin topo egiten zuten. Lourdesek, bereziki, ez zuen horrelakorik nahi.
Txanbolinekook orain bi urte Mikel Laboaren omenezko emanaldi bat egin genuen Sanmielen atarian, eta iaz gure artean ‘Xabier Leterena egin behar dugu’ esaten aritu ginen. Bizirik zegoela egin nahi genuen emanaldia: ‘Bizi den bitartean egin behar dugu, merezi duelako’, horrelaxe genion. Eta gidoiaren lehen ideiak orduan hasi ginen prestatzen. Zoritxarrez, hil egin zen abenduan. Baina gure asmoa omenaldia Xabier bizirik zela egitea zen".
Egun gutxi barru iritsiko da ikuskizuna. Leteren ibilbidea laburbiltzeko, hiru ataletan oinarritu dute ikuskizuna. Xabier Ubillosek horrela azaltzen du: "Hiru modutara antolatu dugu. Lehena, gazte garaikoa: maitemintze garaiarekin lotuta dago. Bigarrena, artista bezala finkatuta dagoenekoa: bertsoa, pikareska edota kantu existentzialista aipa daitezke. Hirugarrena, bere azken garaiarekin lotuta dago: musika ekoizpenari garrantzia eman zionekoa. Kitarra utzi eta kantuak beste modu batera adieraztera igaro zenekoa".
Ikuskizun bakarra, hiru adierazpide
Ikuskizunaren oinarria musika izango da, baina bere ibilbidean ezinbesteko izan diren beste bi elementu erantsi behar dira: poesia eta antzerkia.
Antzerkia • Xabier Ubillosek dioen bezalaxe, oso jende gutxik daki Xabier Letek antzerkigintzan egindako lana: "Antzerkigilea eta aktorea izan zen. Txirritaren epaiketa antzezlanean parte hartze zuzena izan zuen. Oiartzungo taldearekin egin zuen estreinaldia, eta bigarren saioa Urnietan eskaini zuen. Antzezlan haren gidoia lortu dugu, eta lan horren pasarte bat irailaren 23ko emanaldian eskaini nahi dugu. Beste bi adierazpideak, musika eta poesia, agerikoak dira ezinbestekoak direla ikuskizuna osatzeko garaian".
Musika • Anabasa taldea izango da uneoro taula gainean. Txanbolin taldeak eta Salesiarrek ere kantu bana joko dute. Horrez gain, ikuskizunerako Xabier Leteren bertsio berritzaile bana lantzen ari dira Anabas, Cohen eta herriko kantari bat.
Poesia • Joxe Mari eta Koro Berasategi Lourdesen ilobak izango dira poesia errezitatzaileak. Haien esku dago poesiaren aukeraketa.
Hasieran esan bezala, herri omenaldia izango da. Herritar ugarik parte hartuko baitute. Izaskun Etxeberriak herri eragileekin egindako hartu-emanak gogora ekarri ditu: "Gonbidapena idatziz luzatu genien herriko hainbat eragileri. Badago hainbat talde Urnietan kulturarekiko lotura handia duena eta gehienek baiezkoa berehala eman zuten". Banaiz Bagara, Iñistorra edota Poxta Zahar dira Leteren omenezko saioan taula gainera igoko direnak. Igandeko 12:30etako mezetan kantuan aritzen zen elizako abesbatza edo korua ere igoko dela aurreratu dute. Antolatzaileek urte luzez mezan Xabier eta Lourdesekin kantuan aritzen zen emakumezko taldearen parte hartzea berezia izango dela uste dute.
Jaialdiaren eragileek Marizulo eta Urnieta 59 bezalako muntaietan parte hartu eta gero, esperientzia handia metatu dute. Erronka berriari beste lasaitasun batekin ekiten diotela aitortu dute. Talde giroa sendotzeko baliagarria izan dela dio Zinkunegik. Izaskun Etxeberriak ikuskizun horiek herri giroan izan duten eragina ere nabarmendu nahi du: "Ikuskizun horiekin argi ikusi da herrikoiak diren ekimenak oso harrera ona izaten dutela. Mikel Laboaren omenezkoak ere harrera ona izan zuen. Oraingoan ere herritarrak parte hartzea eta pozik geratzea nahiko genuke. Baliagarria izan dadila Xabier Lete beste urnietar bat bezala oroitzeko eta omentzeko ere".
Kantuan parte hartzeko deia
Pantaila ezberdinetan ikuskizunean eskainiko dituzten kantuen hitzak ipiniko dituzte, ikusleak ere bere ahotsarekin kantaldiaren partaide bilaka daitezen. "Ikusleek ere kantatzea nahi dugu", diote. Horrela izan dadila. Irailaren 23an Xabier Leteren kantutegia lau haizetara zabalduko da, urnietarren ahotsetan.