Gipuzkoako errepideetan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 10:52

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Deustuko unibertsitatearen arteko lankidetzatik sortu zen ‘Gipuzkoako Komunikabideen Historia’ deritzon bilduma; Jose Antonio Rodriguez Ranz andoaindarrak bilduma horretako laugarren liburua kaleratu berri du.

Liburu mardula argitaratu berri duzu; azal ezazu bi hitzetan irakurleak bertan aurkituko duena…
Errepideen historia baino gehiago politika dela esango nuke, azpiegituren edo errepideen inguruko politikari buruzko gogoeta, 1938 eta 2010 urteen artean. Azken batean, errepideen historia herri honen eta lurralde honen historiaren isla da. Aipatu urte horien artean bi epealdi nagusi nabarmentzen dira: 1938tik trantsizioraino doana, bata, eta trantsiziotik gaur eguneraino datorrena, bestea. Lehenengoak diktadura eta garapen ekonomikoa ditu ezaugarri nagusi; errepideei dagokienez, nabarmendu beharrekoa zera da, 1937ko abenduaren 31n estatuak Gipuzkoako errepide nagusiak konfiskatu zituela. Sare nagusia estatuaren esku geratu zen eta bigarren mailakoa Aldundiaren esku. Bigarren epealdian, berriz, autogobernua, erakundetzea eta kontzertu ekonomikoa aipa genitzake garaiko ezaugarri nagusi gisa; eta begirada errepideetara zuzenduz, Aldundiari 37an konfiskatu zitzaion errepide sare nagusia itzultzen zaiola ikusiko dugu.
 
Lehenengo epealdian geratuz, Aldundiak bigarren mailako errepide sarean burutu zituen lanak lurraldearen kohesioa mantentzeko erabakigarriak izan zirela diozu…
Diputazioak bigarren mailako errepideen ardura izan zuen aldi hartan 345 kilometro berri eraiki zituen, landabideak batez ere, eta nik defendatzen dudana da, kopuru hori gutxi edo asko zen alde batera utziz, errepide berri horiek eraiki izanak berebiziko garrantzia izan zuela lurraldeko eta gizarteko kohesioa mantentzeko garaian, bide horiek guztiek aukera eta zerbitzu berriak jarri baitzituzten landa eremuaren esku. Azken batean, hiri eta landa eremuen arteko etena ekiditea, neurri batean behintzat, lortu zen horren bidez. Badakit esatera noana ez dela politikoki zuzena, baina konbentzituta nago zementuak ere baduela izaera soziala, eta azpiegituretako politika badela, neurri batean, politika soziala ere.
 
Eta epe horretan zer egin zuen estatuak?
Hamabost errepide nagusi geratu ziren estatuaren esku, denera 400 kilometro inguru. Garai hartan estatuaren aldetik errepresio gogorra ezagutu zuen gizarteak, baina errepideei dagokienez estatuak politika proaktibo bat eraman zuen; noski, kontuan izan behar da errepide sare nagusia konfiskatzea nahiko zigor bazela, zalantzarik gabe, baina horrez gain ez zen “porlanezko” zigor gehigarririk egon. Epe hartako ezaugarri nagusia trafikoaren hazkundea da eta horren aurrean hiru ekimen nagusi burutu zituen estatuak: Donostiako saihesbidea, A-8 autopista (Europistasi 35 urtetarako kontzesio erregimenean utzi zitzaiona) eta N-1aren bikoizketa Donostia eta Tolosa artean.
 
1985ean berreskuratzen du Gipuzkoak bere garaian estatuak konfiskatu zion errepide sare nagusia. Zein dira Aldundiaren erronka nagusiak testuinguru berri horretan?
Garai hartako erronka nagusiak bi lirateke: kanpoarekiko lotura, batetik, eta barne komunikazioa, bestetik. Gehiago zehaztuz: Ipar-Hegoa ardatza, Nafarroarekiko lotura, barne komunikazioa, sare nagusiak gainezka egiteko arriskua, errepide sarean beharrezkoak ziren hobekuntzak eta hirietako saihesbideak. Ipar-Hegoa ardatzari N-1aren Etxegaraterainoko bikoizketarekin, AP-8 autobidea berritzearekin eta AP-1 autobide berriarekin erantzuten zaio; Nafarroarekiko lotura A-15aren bidez burutzen da; barne komunikazioaren erronkaren aurrean Beasain-Bergara-Durango errepidea eraikitzen da; eta azkenik, sare nagusiak gainezka egin dezakeen arriskuaren aurrean, Donostiako bigarren saihesbidea eta Urumeako autobia egiten dira. Zazpi errepide horiek osatzen dute Gipuzkoako biribilgunea bezala ezagutzen dena. Eta horren inguruan egiten dudan balantzea positiboa da guztiz, azpiegitura horien bidez zeuden erronkei aurre egin ahal izan baitzitzaien.
 
Nola ordaindu dira azpiegitura horiek guztiak?
Epealdi osoa kontuan hartzen badugu, azken hiru hamarkadak alegia, finantziazioaren %60 aurrekontu orokorretatik atera da, eta %40 kanonetatik eta zorpetzetik. 2003an Bidegi eratu zenetik honako tartea hartzen badugu, berriz, ordaindu denaren heren bat aurrekontu orokorretatik atera da eta bi herenak kanonetatik, egungo erabiltzaileetatik alegia, eta zorpetzetik –etorkizuneko erabiltzaileetatik–. Eta nire ustez eredu misto hori mantendu egin behar da. Batetik, iruditzen zait ezinbestekoa izango dela zorpetzeari aurre egiteko (egin diren inbertsioak batez ere etorkizuneko kanonetatik ordainduko baitira), baita errepideak gaur egun eskatzen diren estandarretan mantentzeko ere. Inbertsio berriak egiteko ere garrantzitsua da eredu misto hau mantentzea, nahiz eta garbi daukadan horiek ez dutela lehentasun izan behar aurrerantzean. Azkenik, ondo gelditzeko esan ohi da orain aipatzera noana, baina nik sinesten dut horretan: eredu horri eustea ezinbestekoa izango da errekurtsoak liberatu ahal izateko eta mugikortasun iraunkorrerako jauzia emateko.

Liburuan aztertutako guztiaren ondoren, Gipuzkoako errepideetan aurrera eraman diren lanak modu koherentean burutu direla esango al zenuke? Ala zentzugabekeriak egin direla iruditzen al zaizu?
Esan bezala, aztertu dudan epean bi aldi nabarmen daude, guztiz ezberdinak direnak. Lehenengoan ez dago sare integraturik: sare nagusia estatuaren esku dago eta bigarren mailakoa Aldundiaren esku. Egoera horretan planifikazio integral bat egitea oso zaila zen, eta garai hartan arazoaren atzetik etortzen zen ekintza; esaterako, trafikoaren hazkundea arazo bihurtu zenean, horri erantzun bat eman zitzaion. Bigarren epealdian aukera egon da planifikazio integral hori egiteko eta uste dut saiakera bat egin dela, nahiz eta egia esan neurri batean arazoen atzetik joan garen. Dena den, nik egiten dudan balantzea positiboa da. Egin behar zena egin da, batzuetan ez epe barruan eta beste zenbaitetan hasieran aurreikusi baino garestiago, baina zeuden beharrei erantzun egin zaie. Nire iritziz, Gipuzkoako errepide sarea ia bukatuta dago. Horrek ez du esan nahi inbertsio berririk egin behar ez denik, baina kapazitate handiko sarea amaituta dago. Beraz, lehen aipatu dudana errepikatuz, errepide berriak egiteak ez du lehentasuna izan behar.
 
Lehen aipatu duzun azpiegituren izaera sozial horren hainbat adibide ageri da liburuan, langabeziari aurre egiteko herri lanetara jotzea, esaterako…
Gaur egun hamaika eztabaida entzuten da gizartean gai hauen inguruan: fiskalitatearen erabilpena, azpiegituren inguruko eztabaidak, langabeziari aurre egiteko herri lanak egin behar izatea, azpiegituretan edo politika sozialetan inbertitu behar den… Eztabaida horiek guztiak, ordea, ez dira gaur egungoak bakarrik, lehenagotik ere hortxe egon dira. Azpiegituretan inbertitzen badugu politika sozialerako gutxiago geratuko zaigu, beraz, zein da lehentasuna? Eta nik berriro diot, konbentziturik, politikoki oso zuzena ez dela badakidan arren, azpiegituretako inbertsioek nire iritziz badutela izaera soziala. Ez seguru asko denek, ez seguru asko neurri guztietakoek, baina 50-60ko hamarkadetan Aldundiak lurralde eta gizarte kohesioa mantentzeko egin zuen ahalegina benetan azpimarragarria dela uste dut. Eta hori adibide bat besterik ez da.

A-15 AUTOBIDEAREN AUZIA
A-15 autobideari tarte zabala eskaini diozu, gaiak berak halaxe eskatzen zuelako. Autobidearen eraikuntzak hartu zuen izaera gatazkatsua kontuan izanda, erraz landu al duzu zati hori?
Askatasun osoz landu dut A-15aren gaia; garai hura bizi izan nuen, baina ez neukan aurreiritzirik. Orokorrean oso gustura gelditu naiz liburuarekin, baina bereziki zati horrekin. Seguru asko osatu ahal izango da, beste ikuspegi batzuk egongo dira, baina pozik gelditu naiz egindakoarekin; gustatuko litzaidake noizbait gehiago sakontzea, baina iruditzen zait ardatz nagusia trazatu ahal izan dudala.

A-15aren proiektuaren inguruan bi plangintza edo aukera zeuden eta, gatazka tarteko, baten aldeko apustua egin zen azkenean. Zer esango zenuke erabaki haren inguruan?
Nik uste dut historia hori, azken batean, garai hartako Euskal Herriaren erradiografia oso argia dela, azpiegituretako proiektu bezala hasi eta gatazka bilakatzen dena. Gatazka hori muturreraino eramaten da ETAren indarkeria tarteko, eta azkenean erdibideko soluzio bat aurkitzen da, hasierako herri instituzioen proiektuarekin guztiz bat ez datorrena, baina hasierako Lurraldearen planteamenduetatik ere urrun dagoena. Erdibideko soluzio politiko bat da,  erdaraz esaten den bezala por la paz un Ave María, baina hor Ave María bat baino gehiago izan ziren.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!