Joxe Mari Oiartzabal, doinu sortzaile eta konponketagile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 10:43

Joxe Mari Oiartzabal Belokik (Andoain, 1946) zainetan darama musika. Erretiroa iaz hartu zuen arren, jo eta su segitzen du doinuak sortzen eta konpontzen.

Irailaren 8an (ostirala, 20:00etan), Oiartzabal tronpeta-jole eta abeslari gisa ikusteko aukera izango da. Andoaingo zenbait musikarien kontzertu emanaldia izango da hori, Sorabillako San Martin elizan, auzo jaien barruan.

Etxean bide erakusle galanta eduki zenuen txiki-txikitatik…

Gure aita (Joxe Mari) fenomenoa izan zen musikari bezala; pelikula bateko pertsonaia izateko moduan. Los Alegres jazz-banda sonatuko kidea izan zen, eta bakarka ere Euskal Herriko hainbat jai alaitu zituen bertsolariekin batera, urtetan. Begi aurrean daukat oraindik Santa Krutzak iritsi orduko, Olabista (Leitzaran) gure etxeko atarian gertatu ohi zen eszena: bizkarrean soinua eta eskuan tronpeta zituela, agur esaten zigun bere emazte eta seme-alabei. Urria aldera, Pilarren egunean edo itzultzen zen, herriz herri musika jotzen ibili eta gero. Denbora horretan oso gutxitan ikusten genuen, lantegian lana egitera itzuli behar izaten zuenetan baizik ez. Izugarri estimatzen zuten bazterretan, eta zenbait omenaldi eskaini zizkioten gizonari.      

Aitarekin murgilduko zinen musikan, hortaz…
Dena ikasi nuen harekin; hori bai, gero Alberto Agirre eta Luis Fraca Andoaingo eskola zuzendariekin eta Donostiako kontserbatorioan musika ikasketak egin nituen. Berarentzat musikari izatea munduko gauzarik ederrena zen eta ederki ahalegindu zen ni ere hala izan nendin. Lantegian orduak sartu, baserrian baratzean edo garotan aritu, eta ilunabarrean, eskusoinua hartu eta musika jotzen hasten zen; ni bere ondoan ipini, eta lezioak ematen zizkidan.

Gogoan al duzu zure lehen saioa jendaurrean?
Gogoratuko ez dut bada! Zazpi bat urte nituen, eta Santa Krutzetan Uranga tabernako parean jarri ohi zen oholtzan izan zen. Aitaren tronpetarekin Camino verde pieza jo nuen. Urduri igo nintzen oholtzara, baina ausardi puntu bat izan nuela aitortu behar dut. Jendearen txaloak entzun nituenean, musikari bezala zerbait nintzela sentitu nuen. Handik urte gutxira, tarteka Los Alegres bandarekin ibili nintzen, tronpetari beti. Andoaingo musika bandan ere 10 urterekin sartu nintzen.

Dantzaldietako talde ugaritan hartu zenuen parte…
17 urte nituela eta Comaq-en delineatzaile bezala ari nintzela, jauzi handia eman nuen: herriko musika bandan jotzetik, dantzaldi taldeetako kide izatera igaro nintzen. Haiek musika estilo modernoagoak, doinu amerikarrak (jazz, boleroak…) jotzen zituzten. Juan Heredero y su formidable orquesta taldeak deitu zidan lehenbizi. Gerora Los Bai eta beste zenbait etorri ziren. Horiek denak batez ere udako gauetan aritzen ziren: Principe Saboya hotelean eta La Perla-n Donostian, Euromar hotelean Zarautzen… Garaitsu hartan tronpeta eta gitarra jotzen nituen eta baita abestu ere. Halako batean, baina, Euskaros taldea sortu genuen lagun batzuk, 70eko hamarkadaren hasieran. Benetan aitzindariak izan ginen.

Zertan izan zineten bide urratzaileak, bada?
Euskaraz abestu behar zela buruan sartu zitzaidan, plazetako dantzaldietan inork ez zuelako egiten. Eta hain zuzen, gogo hori izan zen pizgarri taldea osatzeko. Euskal gaztedia “euskaraz, euskaraz!” oihukatzen hasi zen plazetan, eta gurekin zoramena aurkitzen zuten. Gaztelaniaz abesten jarraitu zuten taldeek, berriz, buru makur geratu ziren, noraezean bezala.
Gogoan dut Bolibarren (Bizkaia) Benito Lertxundirekin jaialdi berean gertatu ginela behin. Oriotarra hasi zen kantari, baina agudo, gure presentzia eskatzen hasi ziren gazteak; haiek dantza egin nahi zuten. Izan ere, oso musika modernoa, dantzagarria jotzen genuen, guk asmatutako doinuei Nemesio Etxanizen hitzak jarri eta gero. Pentsa, gure abestietako bat, “Dana polita udaran”, 1972ko udako abestia izendatu zuten irrati-entzuleek.

Urteak eman dituzu musika irakasle gisa ere…
1980ean Comaq-en eszedentzia eskatu eta Mercero eta biok Lasarten musika akademia ireki genuen. Hantxe bost bat urte eman nituen, eta ondoren, Donostiako kontserbatorioan plaza lortu nuen, tronpeta irakasle gisa. Iazko irailean hartu nuen erretiroa.  

Donostiako kantugintzari ekarpen ederra eskaini diozu…
Donostiako hainbat elkarte partiturak eskatzera etorri ohi ziren kontserbatoriora, kalean txukun jo nahi zutela esanez. Alor horretan gabezi handia zegoela ohartu nintzen orduan, eta Sarriegi, Santesteban eta beste musikagileen sormen lanak txukundu eta instrumentuekin jotzeko moldatzeari ekin nion. Era horretan, diskak grabatzen joan gara Donostiako hainbat martxekin, errepertorio polita osatuz danborrada, kalderero eta inauterien arloan.
Instrumentalizazio lanek ez dute aitormen handirik jasotzen, baina ikusi da Donostiako jendearentzat oso erabilgarriak izan direla, eta hortaz, ni oso pozik nago egindako ahaleginarekin. Sarriegiren estatua ikusten dudanean Donostian,  zera esaten ari zaidala sentitzen dut: “ondo ari zara Jose Mari, eta segi bide horretatik”.

Andoaingo pertsona edo lekuekin lotutako hainbat musika pieza ere sortu izan dituzu. Zerk inspiratzen zaitu?
Argentinarrek esan ohi duten bezala sentitu egin behar duzu jorratu nahi duzun hori. Esate baterako, nire lehenbiziko lana izan zen Leitzaran piezari buruz esan dezaket bailara horrek aparteko esanahia daukala nire bizitzan: han ditu erroak nire familiak, harekin lotzen dira haurtzaroko bizipenak, handik hartzen baikenuen ura, egurra…
Eratu ditudan azken biek ere (Sorabilla eta Iturzaeta), bizipen asko piztu arazi dizkidate. Sorabillaren kasuan, La Salleko ikasleak hara joan ohi ginen maiz, makina bat jolas egiteko bertako frontoi eta parajeetan; aita ere urtero joan ohi zen hango jaiak alaitzera musikarekin; gainera, hogei urtez auzo horretan egin nuen lana (Comaq)… Iturzaetari dagokionez, berriz, esan dezaket ni palan jokatutakoa naizela eta ezagutu nuela mutila; abestiari pala jokoaren erritmoa itsatsi nahi izan diot, eta kontuan hartu Iturzaetaren ezkerkada bortitzak eta horiek publikoarengan eragiten zuten erreakzioa.    

Bi alabek musika hautatu izanak ere poztuko zintuen, noski?
Bi alaba ezin jatorragoak ditudalako nago pozik, ezeren aurretik. Hori esanda, egia da harro egoteko motiburik ematen didatela, familiaren musika tradizioari eutsi diotelako. Hain zuzen, Larraitzek Euskadiko Orkestran biolina jotzen du, eta Alaine, berriz, musika irakaslea da.

Erretiroa hartu duzunetik, nolako bizimodua daramazu?
Goizean goiz jaiki eta egunkariei begiratua eman ostean, abestien konponketa edo instrumentalizazio lanari ekiten diot. Egunean zehar denetik egin ohi dut: etxeko lanak, baratza jorratu, biloba zaindu… Ez nago geldirik egoteko!
Emaztea eta biok Donostian bizi garen arren, egunero etorri ohi naiz Andoainera, bi alabengana. Gero eta argiago daukat Andoainen itsatsita bizi nahi ditudala azken urteak. Aitak egin ohi zuena eginez bukatu dut nik ere ziurrenik: jai egun seinalatuetan, etxeko atarian eseri eta eskusoinua jotzen jarriko naiz…

Musika biografia oparoa
  •  Tronpeta aitarekin ikasi zuen, eta zazpi urterekin jo zuen lehenbiziko aldiz jendaurrean.
  • Solfeoa eta kantua Alberto Agirre zuzendariarekin ikasi zuen.
  • Luis Fracak zuzendutako Andoaingo Musika Bandako partaide izan zen.
  • 14 urterekin Comaq lantegian lanean, eta halaber, aita kide zuen Los Alegres jazz bandan tronpeta jotzen hasi zen.
  • Euskaros taldeko kide (tronpeta, kitarra eta ahotsa) izan zen 70eko hamarkadan.
  • 1986an tronpetako katedra lortu zuen eta tresna horren irakasle izan da urtetan Francisco Escudero izeneko Donostiako kontserbatorioan.
  • Armonia, konposizioa eta orkestra zuzendaritzako ikasketak egin zituen.
  • Donostiako Banda eta Orkestra Sinfonikoko zuzendaria izan zen (1987-1989).  
  • ETBko zenbait programetan hartu du parte, zuzendari-konponketagile eta interpretari bezala (Funtzioa saioa, besteak beste).
  • Donostiako makina bat martxa konpondu eta instrumentuentzat moldatu izan ditu, danborrada, inauteri eta kaldereroen mesedetan.
  • Andoaingo paraje, auzo, pertsonai edo elkarte gai dituzten hainbat musika pieza sortu (Kale Txiki, Sorabilla, Iturzaeta, Larramendi, Kilometroak 90, Ontza, Andoaindarra…) edo konpondu ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!