Oinkariko kideak, mugak gaindituz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 10:40

Udan zehar herriko taldeek oro har atsedenerako tartea hartzen badute, Oinkari dantza taldearentzat garai mugitua izaten da azken urteotan. Eta zer esanik ez aurtengoa. Eskualdeko mugak gaindituz dabiltza, batetik bestera.

Eneko Arteaga eta Alazne Gurrutxaga dantza taldeko arduradunak gustura agertu dira azken hilabeteetako emaitzarekin eta taldea hartzen ari den oihartzunarekin. Aurrera begirako asmoez ere hitz egin dute.

Uda bizi-bizia izan du Oinkarik. Taldeko arduradun gisa, zein balorazio egiten duzue oraindik ere abian den garai emankor horretaz?
Eneko:
Dudarik gabe, oso balorazio positiboa. Santio festetan lan karga handia izan genuen, baino gustura geratu ginen egindakoarekin. Herritarren aldetik oso erantzun ona jaso genuen. Gero eta ardura handiagoa sentitzen dugu gure gain, zer edo zer egiten dugunean jendeak maila altua erakustea espero baitu.

Festetan, ohiko ekintzak antolatu ez ezik sorpresa handia eskaini zenuten azken gauean…
Alazne:
Erroskilaren agurra antolatzen jarri genuen gogorik gehien, baina denbora gutxien eskaini genion ekintza izan zen. Hala ere, oso gustura geratu ginen emaitzarekin eta bereziki, herritarren parte hartzearekin.
E.: Gainerakoan ohiko ekintzak burutu genituen. Aurtengo Soka-Dantza berezia izan zen, alkatearen partaidetzarekin. Pena bakarra, eguraldi txarragatik Behartzana pilotalekuan egin beharra. 26ko dantza emanaldia ere polita izan zen, 300 bat dantzarik hartu zuen parte eta ikusleak ere kopuru horren proportzioan etorri ziren.
A.: Era berean, Erromeria eguna arrakastatsua izan zen. Eguzkia atera zuen eta jendea festa gogoz zegoen. Bitxikeria moduan, 1224 botilatatik bakarra geratu zen soberan. Gainerakoan, den-dena bukatu zen.
E.: Bertsolariak Erromeria festaren baitan sartzea oso emaitza positiboa izan zen. Gure aldetik aurrera begira ere hala mantentzea nahiko genuke.

Festak bukatu eta berehala ekin zenioten emanaldiak eskaintzeari. Zer harrera izan zuen ‘Ari du’ ikuskizunak Oiartzunen?
A.:
Festen aurretik eta festetan ere emanaldi hori prestatzen aritu ginen, beste ekintzak antolatzearekin batera. Aurrez Tolosan eta Zizurkilen eskaini ondoren, abuztuaren 4an hirugarrenez plazaratu genuen ‘Ari du’ ikuskizuna Oiartzungo festetan. Inguru hori oso dantzaria da eta oso harrera beroa jaso genuen.
E.: Jende askok zoriondu gintuen egunean bertan eta ondoren ere facebook nahiz korreo bidez mezu asko jaso dugu. Orain arte egin dugun emanaldirik potoloena izan zen. Oso gustura geratu ginen.

Handik Galiziara Korrontzi folk taldearekin batera…
E.:
Oiartzundik etxera etorri eta goizalde berean abiatu ginen Galiziara, Zas Folk jaialdira. Festibala baso batean zen eta iritsi ginenean oso eguraldi txarra egiten bazuen ere, altxatu egin zuen gero. Antolatzaileek esan zigutenez 4500 ikusle bildu zen emanaldia ikustera. Irlandako beste talde bat aritu zen aurretik. Oso giro beroa sortu zen ikusleen artean. Opor moduan egun eta erdi Galizian ibili eta gero, Aiako probalekuan eskaini genuen Korrontzirekin hurrengo saioa. Saio berezia izan zen hura ere.
A.: Ezin ahaztu, abuztuan ez ezik, uztailean hilabete osoko jira egin zuela Oinkarik Italian barrena Korrontzirekin. Hango harrera ere izugarri ona izan zen.

Eta zer diozue Donostiako Txistularien Alardeaz?
E.:
Gonbidapen hori Agustin Laskurainen bitartez etorri zitzaigun eta oso-oso eskertuta gaude, gure eremutik ateratzeko aukera paregabea izan baitzen. Oso handia izan zen Donostiako Konstituzio plazan dantza egitea, are gehiago Alardearen egunean.
A.: Telebista bertan zen eta plaza jendez gainezka zegoen. Oso esperientzia betegarria izan zen.

Saio hori ETBn ikusteko aukera izango da, beraz…
A.:
Lehengo astean garai berean bota omen zituzten ETBn eta ETBsaten Alardeko saioa eta Korrontzirekin batera egindakoa. Urtean zehar ere izango da ikusteko aukera.

Irailaren 8an saio berezia eskainiko duzue Getxon. Dantzari famatuak ere izango dira tartean. Kontaiguzue…
E.:
Ostegun iluntzean Getxo Folk festibalean hartuko dugu parte Korrontzirekin batera. Emanaldi berean Igor Yebra dantzariak eta izenik aurrera ezin dezakegun atzerriko beste dantzari ezagun batek hartuko dute parte. Guk Korrontzirekin egiten dugun emanaldiaz gain, beste lau koreografia ere eskainiko ditugu eta horietako bat Igor Yebrarekin batera izango da. Izen handiko festibala da eta tamaina bereko ilusioarekin prestatzen ari gara egunotan. 1000 ikuslerentzako lekua egongo denez, oraindik ere izango da txartelak eskuratzeko aukera.

Eskualde mailako mugak gaindituz ari zarete pixkanaka. Lanaren ondorio, noski!
A.:
Orain arte guk bilatu behar izan ditugu saioak, baina orain ate asko irekitzen ari zaizkigu: azkena, Gerra Zibilaren inguruan urrirako Victoria Eugenian Amantala taldea prestatzen ari den saioan parte hartzeko deia iritsi zaigu. Taldea hartzen ari den oihartzunaren ondorioz jaso dugu gonbite hori eta oso pozgarria da guretzat.
E.: Gure izena zabaltzen ari dela errealitatea da. Geroz eta konpromiso handiagoko lanak etortzen zaizkigu eta pozik gaude, baina herria da guretzat punturik garrantzitsuena eta festetan ere argi erakutsi dugu hori.

AURRERA BEGIRAKO EGITASMOAK
Urriaren 11n Zarautzen eskainiko dute ‘Ari du’ ikuskizuna eta abenduaren 17an herrian bertan. “Hiruzpalau saio eskaintzeko asmoa genuen eta dagoeneko bost lotuta baditugu. Hurrengo urtean ere kopuru bera eskaintzea gustatuko litzaiguke”, azaldu dute. Bestelako asmoen artean, azaroan gauzatuko den Dantza astea prestatzen ere hasiak direla jakinarazi dute.
Era berean, irailaren 5ean ekin diete ikasturte berriko dantza eskolako entseguei, adin ezberdineko 300 dantzarik, hain zuzen. Jende hori guztia biltzeko, asmo potoloagoa ere badarabilte buruan, “dantza elkartea sortzeko asmotan jarraitzen dugu. Udalarekin harremanetan gabiltza eta gure helburua Txermingo jubilatuen egoitza zaharra erabiltzea litzateke”, argitu du Enekok.

DANTZARIAK MINTZO

Oier Laborde (19 urte)

  1. Zer nolako irakurketa egiten duzu udako dantza ibilbidearen inguruan?
    Oso irakurketa ona. Oso okupatuta ibili garen arren, jaso dugun harrera ikusita merezi izan du. Kosta egiten da horrenbeste entsegutara etortzea, baina dantzarion artean ondo konpontzeak laguntzen du horretan ere. Koadrila txiki bat gara.
  2. Uda honetako zein dantza saio izan da zuretzat bereziena?
    Oiartzunen eskaini genuen ‘Ari du’ emanaldia oso berezia izan zen. Eta pertsonalki, uztailean Korrontzirekin batera Italian barrena egin genuen jira aipatuko nuke. 11 egunetan 11 emanaldi eskaini genituen eta oso neketsua izan bazen ere, oso gustura ibili ginen. Izugarrizko harrera ona egin ziguten eta oso pozgarria izan zen.


Ainhoa Barandiaran (20 urte)

  1. Zer nolako irakurketa egiten duzu udako dantza ibilbidearen inguruan?
    Eguraldi onarekin hondartzara beharrean entseatzera etortzea gogorra da, baina gustuko lekuan aldaparik ez. Hau da gure bigarren etxea. Poliki-poliki hartzen da izena eta Amasa-Villabonako talde bat izatetik zabaltzen ari gara pixkanaka. Eskualdetik haratago joan eta taldea ezagunago egiteak poza ematen du.
  2. Uda honetako zein dantza saio izan da zuretzat bereziena? Oiartzungo emanaldia. ‘Ari du’ emanaldian nire estreinaldia izan zen. Bost hilabetez kanpoan egon eta gero herrira iritsi eta hiru egunetan ikasi nituen dantza guztiak. Nire buruari jarri nion erronka bete nuen eta gustura geratu nintzen.
Uxue Urruzola (19 urte)
  1.  Zer nolako irakurketa egiten duzu udako dantza ibilbidearen inguruan?
    Uda gogorra izan da, entsegu asko eta opor gutxirekin. Baina saiakeraren ondoren pozgarria da herriz herri ibili eta herritik kanpo ere ezagutzen gaituztela ikustea. Saio ezberdinak eskaini ditugu eta ona da hori guretzat.
  2.   2.     Donostiako Txistularien Alardea eta Galiziako Zas festibala aipatuko nituzke. Donostiako Alardea betidanik ikusi izan dut telebistan eta bertan parte hartzea oso pozgarria izan zen. Galiziakoa ere oso saio berezia izan zen, ikusleak oso animatuta zeuden eta giro ederra sortu zen. Energia handia ematen du horrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!