Daniel Antonio, argazkilaritza afizio

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 10:31

Albizturren bizi da egun Daniel Antonio zizurkildarra. Ingeniari tekniko gisa lan egiten duena argazkilaritzan zaletua da. 2000 argazki baino gehiago ditu interneteko Flickr gunean zintzilikatuta.

Nolatan zaletu zinen argazkilaritzara?
Garai batean, koadrilako lagunak inguruko mendietara joaten ginen. Orduan piztu zitzaidan argazkiak ateratzen hasteko gogoa: mendira joan eta ikusitako paisaiak nolabait gorde nahi nituela konturatu nintzenean. Gogoan dut Urtezahar goiz batean Txindokira abiatu ginela, inguru guztia elurtuta zegoela. Egoera hartan argazkiren batzuk egin beharko genituela pentsatuta, gasolindegi batean erabili eta botatzeko kamera erosi genuen. Pixkanaka hasi nintzen argazkilaritzara inguratzen. 35 milimetroko kamerarekin aurrena, gero lehen reflex analogikoa izan nuen eta geroago kamera digitalarekin hasi nintzen.

Zer nolako aldaketa ekarri dute kamera digitalek azken urteotan?
Analogikoak kalitate hobea ematen duela esaten dute adituek. Nik ez diot horrenbesterako alderik nabaritzen. Lehen, kamera analogikoarekin askoz ere gehiago pentsatzen zen zein argazki mota eta zenbat atera; asko zaintzen zen hori. Digitalarekin, aldiz, argazkiak konturik izan gabe botatzen dira eta izugarrizko argazki piloa pilatzen da. Dudarik gabe, kamera digitalarekin gutxiago pentsatzen da argazkia egin baino lehen.

Ikastaroen laguntzaz edo zure kabuz lantzen duzu zaletasuna?
Duela hamar bat urte hasi nintzen argazkiak egiten eta aurten egin dut lehen ikastaroa. Argazkilaritzako liburu asko izan dut eskuartean, baina oso astunak iruditzen zaizkit: oso teknikoak dira eta zaila egiten da argibideak jarraitzea. Egin dudan ikastaro horretan, Iñigo Royo argazkilariak azalpen ugari eman digu modu eramangarrian eta, oso gustura aritu naiz. Ikastaroan zehar argazkiak egin behar izan ditugu eta behartuta argazkiak ateratzea kosta egiten dela ikusi dut. Teknikei buruz ere gauza asko ikasi dut. Bestalde, zaletasun bereko jendearekin elkartzea oso aberasgarria da.

Interneteko Flickr orrian ikus daitezke 2006az geroztik ateratako zure argazki asko… Argazkiak elkarbanatzeko modu berria da internetek eskaintzen duena.
Orain urte batzuk Santiago bidea egin nuen eta jende asko ezagutu nuen han. Harreman ona egin nuen irlandar, holandar nahiz alemaniar batzuekin. Guztiok argazki kamera geneukan arren, bakoitzak ateratakoak elkarbanatzeko modu egokia Flickr-en jartzea izan zitezkeela pentsatu genuen. Era berean, argazkiak sarean seguru gordeta edukitzeko modua ere bada.
Oraintxe 2000 argazkitik gora dut gune horretan. Ez ditut egiten ditudan argazki guztiak jartzen. Web orriaren egitura guztia prestatuta edukitzeak asko laguntzen du, baino lan handia ematen du argazkiak aukeratu nahiz prozesatzeak. Niri gainera gustatu egiten zait bakoitza zein abiaduratan atera dudan edo nola egina den jartzea. Noski, horrek guztiak denbora eskatzen du eta lanean ordenagailuaren aurrean zortzi ordu aritu ondoren, kosta egiten da berriz ere etxean ordenagailuaren aurrean hastea.

Internetaren bidez jende askoren begietara irits daitezke zure argazkiak. Jaso ere, eskaera bat baino gehiago jaso duzu azken urteotako ibilbidean zehar. Bat edo beste aipatuko?

Flickr-en milaka miloi argazki daude jarrita. Jendeari informazioa iristea oso erraza da, baina izugarrizko bolumena dago. Ezustekoren bat izan dut, bai: esaterako, Grezian egin nuen argazki bat bidaia agentzia batek baino gehiagok erabili du, baimenik eskatu gabe. Sorpresak ere bai: Reyes Calderonek idatzi zuen ‘Los crímenes del número primo’ liburuaren Poloniako edizioa egin behar zuen editore grafikoak Leireko argazki bat eskatu zidan. Oraindik libururik jaso ez dudanez, ez dakit azalean edo kontrazalean jarri zuen azkenean. Hernaniko emakume batek eskola publikoan matrikula egiteko hiru-orrikorako Belkoaindik ateratako Aiztondoko argazki bat aukeratu zuen eta eskatu egin zidan. Etxera bidali zidan gero lana. Estatu Batuetatik ere iritsi zitzaidan eskaera: irakasle batek arkitekturako liburuxka bat osatzeko Guggemheinen atera nuen argazki bat eskatu zidan. Bai, tarteka gertatzen dira horrelako deialdiak eta ilusioa egiten dute, nahiz eta kasualitateak diren.
Argazkiak eskatu izan dizkidatenei lasai erabiltzeko esan izan diet beti eta inoiz ez diet ezer eskatu trukean. Nik ez dut dirurik bilatzen kontu honekin, eta lasai erabil ditzakete. Baina jakina, besteren batek nire argazkiak dirua egiteko erabiltzea ez zait ondo iruditzen.

Natura, hiriburuak, herriak, pertsonak, egunerokotasuna, kultura, kirola…, egoera ezberdineko argazkiak ateratzen dituzu. Argazki mota bakoitzak badu berea…

Argazkiak ateratzen hasitakoan fase ezberdinak igaro behar dira. Pertsonei argazkiak egitea oso zaila da, teknika eta pazientzia handia eskatzen duelako. Gainera, gehiengoak ez dakigu kameraren aurrean jartzen eta ez gara ondo ateratzen. Beraz, hasieran behintzat errazagoa da naturako ezaugarriei argazkiak ateratzea: esaterako, Belkoain mendira igoz gero, ez baita Aitzondo bailara mugituko. Gauza bera hirietako eraikinei dagokienez ere. Naturarekin lotutako nahiz herri-hirietako argazkiak egiteak ikasteko erraztasuna ematen duenez, gustuko ditut. Hala ere, erretratuaren munduak gehiago transmititzen duela uste dut eta hor ikusten da argazkilaria noiz den benetan ona. Ni ez naiz inondik ere maila horietara iristen, oso diziplina zaila iruditzen zait.

Erretratua al da, beraz, gehien erakartzen zaituena?
Erretratuak duen aparteko zailtasunak tentatu egiten nau. Argazkilaritzan, zineman edo musikan bezala generoak daude. Komedia drama baino hobea dela esango ez nukeen bezala, ez nuke esango erretratu mota bat bestea baino hobea denik. Denetarik egitea gustatzen zait, denak baitu bere momentua.

Txoko guztietara argazki kamera alboan hartuta joaten al zara?
Ez dut esango etxetik kamerarik gabe aterako ez nintzatekeenik. Baina ez zait bururatzen eguneko irteeretara edo bidaietara kamerarik gabe joatea.

Inoiz inor haserretu al zaizu argazkia ateratzen ikusita?
Gauza guztietan bezala, argazkiak ateratzerakoan ere apaltasunez jokatuta ez da arazorik izaten. Ez dut aparteko arazorik izan orain artean.

Norbaitek eskatuta, argazki saioren bat egin al duzu?
Kasuren batean egin dut, bai. Baina ardura eta tentsio handiko lana iruditzen zaidanez, hobe lan hori profesionalentzat uztea. Argazkilaritza zaletasuna da niretzat, erlaxatzeko lantzen dudana.

Zer esango zenioke zu bezala argazkilaritzan zaletuta dabilenari?

Dudarik gabe, eskualdean bertan argazkiak ateratzeko ikaragarrizko begia duen jendea egongo da. Anima daitezela beraiek ere euren argazkiak elkarbanatzera.

MOTZEAN
Kamera digitala edo analogikoa nahiago?Digitalaren munduan bizi gara eta kamera digitala nahiago dut, dudarik gabe. Kamera analogikoa nostalgikoentzat geratu da.

Argazkia koloretan edo zuri-beltzean?
Argazki bakoitzak berak esaten du zer eskatzen duen. Egoeraren arabera, biak asko gustatzen zaizkit.

Paperean edo ordenagailuan?
Paperean. Matean.

Ateratako argazkirik kuttunena?
Pragan egin nuen argazki bat oso gustuko dut. Reflexarekin denbora gutxi neramala atera nuen eta bere garaian egitea oso zaila iruditzen zitzaidana egin nuen. Bidaiatzea eta kultur nahiz ohitura ezberdinak ezagutzea asko gustatzen zait. Bidaietan ateratako argazkiak ikustea estresaren kontra egitearen parekoa da. Kroazia-Bosnia-Esloveniara egindako lehen bidaian, argazkilaritzan hasi berritan, 35 milimetroko karretedun kamerarekin egin nuen argazki sorta ikustea oso gogoko dut, nahiz eta gutxien landutakoak izan.

Egin nahiko zenukeen irudia? Ez daukat halakorik buruan eta aurrez pentsatuta argazkiak egiten hasten naizenean, blokeatu egiten naiz. Argazkilaritza zaletasuna dudan neurrian, ihesbidea ere bada niretzat. Momentuan ikusten ditudan argazkiak egitea gustatzen zait niri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!