Zer moduz doa uda igerilekuan?
Zoritxarrez eguraldi txarra egin du uda honetan. Azken urte luzeetan egindako txarrena, eta horrek, noski, bere eragin kaltegarria izan du. Euria egiten duenean ez da hainbeste jende animatzen, baina oro har, jende ugari etorri da eta arrakasta handia izan du. Horren adibide, 900 abonatu baino gehiago egin zela uda hasieran. Udalak bonoak egiteko aukera zabaldu zuenean, izugarrizko jende piloak eman zuen izena eta igerilekuak 487 pertsonentzako edukiera duenez, eten egin behar izan zuten izen-ematea. Orain artean, egun berean 350 pertsona batera izatera ailegatu gara. Zenbaki horretara iritsita leku falta nabaritzen da.
Nongo herritarrak gerturatzen dira batik bat?
Asteasuarrez gain, inguruko herrietatik jende asko etortzen da: Zizurkil, Amasa-Villabona, Andoain, Irura nahiz Tolosatik. Askok bide-gorriaren aukera egiten dute eta bizikletaz gerturatzen dira bertaraino. Umeak dituzten familiak eta gazte koadrilak etortzen dira batez ere. Egia esan, Asteasuko igerilekua leku eroso eta erakargarria dela uste dut. Zaindutako belar naturala du inguruan eta horrek asko goxatzen du.
Noiz arte egongo da zabalik?
Irailaren 17-18 asteburura bitartean zabalik mantentzeko asmoa dugu. Hala ere ikusi egin beharko da behin umeak eskolan hasten direnean nola erantzuten duen jendeak. Ea giro ona egiten duen eta umeek arratsaldeak jai izanik, etortzen jarraitzera animatzen diren.
Igerilekuko arau aipagarrienen berri emango al zenuke?
Arau finkoak taulan jarrita daude. Hortik aurrerakoak nahiko malguak dira. Esaterako, baloiarekin jolasteko garaian kontuan hartzen da dagoen jende kopurua: jende gutxi dagoenean jolas daitekeen arren, jendea gehitzen ari den neurrian, sorosleari eskatu behar zaio baimena. Bestalde, uretara sartzerakoan, aurrez dutxatu egin behar da beti; baita hirugarren txanda bada ere. Izan ere, izerdia edo kremaren eraginez zikindu egiten baita bestela ura eta garrantzitsua da guztiok kontu izatea horretan. Oinarrizko beste arauetako bat igerian ez dakiten haurrek heldu baten ardurapean egon beharra: dudarik gabe, umearen ongizatearen lehen erantzule gurasoek dira. Soroslearen lana arrisku eta istripuen aurrean erantzutea da.
Dagoeneko ondo txertatu da igerilekua herrian. Zer geratzen da oraindik hobetzeko?
Eraikuntza berria da, baina asmoa urtetik urtera hobetzen joatea da. Aurten berrikuntza ugari egin da: sonbrilla finkoak, seinaleztapena, zaborrontzi gehiago, egurrezko bidea, belar artifizialeko hesia tabernan, alkantarilla sistema hobetu, zikinkeriak saihesteko sareak, prebentzio neurriak, tornoa edo aforoa kontrolatzeko makina jarri… Hurrengo urtean aurten ikusitako hutsuneak konpondu beharko dira. Epe laburrean erabiltzaileen artean galdeketa egingo dugu haien proposamen eta kexak jasotzeko. Besteak beste, agian sonbrilla finko gehiago jarri beharko da.
Igerilekuaz gain, taberna zerbitzua eskaintzen duzue…
Iaz bezala, Zizurkilgo Olentzo jatetxeko kideak arduratzen dira taberna eta jatetxeko lanaz. Igerilekua 11:00tatik 20:00etara zabalik egoten bada, tabernaren ordutegia zabalagoa da: 10:00etatik 00:00 / 02:00ak artekoa. Bazkari eta afariak ematen dira bertan eta aukera zabala eskaintzen da: pintxoak, ogitartekoak, pizzak, entsaladak, plater konbinatuak… Ostiral gauetan mus txapelketa antolatzen da.
Zenbat langile aritzen zarete lanean denera?
Batetik, euren lana oso ondo betetzen duten hiru sorosle aritzen dira. Hezkuntza ona eman dute eta jendeak ondo erantzun du. Esan bezala, taberna-jatetxeaz Olentzo jatetxeko kideak arduratzen dira eta duten esperientziak lasaitasuna eta konfiantza ematen du. Bestalde, garbitzailea, mantenu nahiz harrerako langilea ere aritzen gara eta gainera, udaletxeko brigadaren laguntza jaso dugu behar izan dugunean. Guztion artean martxa ona eman diegu igerilekuei.